Narratzailearen ahotsa nor den jakitea, benetako thrilerra
Asier Serranok 'Euri gorriaren azpian' (Erein) eleberria aurkeztu du, boterea zer den galderari erantzuna bilatzeko modua
Hainbat galderak eta zalantzak inguratuta hasi zuen Asier Serrano idazleak 'Euri gorriaren azpian' (Erein) eleberri-proiektua, besteak beste zer den boterea edo zein den liburu bat idaztearen eta argitaratzearen arrazoia. Ondu ahala ez zuen lortzen gainetik guztiak kentzea, baina azken emaitza eskuetan zuela pozik eta harro, arantza mingarri bat kendu edo zor itogarri bat kitatu duenaren lasaitasunarekin, agertu da. «Ulertu nahi dudan hori ulertzeko idazten dut eta hemen biltzen da nire literatura osoa, nire mundua, poesiatik hasita prosara», azaldu du.
Boterearen hariari tiraka honek hamaika aurpegi izan ditzakeela nabarmendu du, batzuetan aldi berean ere: «ekonomikoaren maskarapean, gerra itxuran, multinazionalen diru gose eran, politikarien erotika horren atzean. Nire buruari galdetzen diot zer den boterea, norberaren irrintzitik ateratzen dena. Askotan mutututa dago eta hor jabetu nintzen zergatik ari nintzen idazten. Asetuta geratu nintzen».
Aurkezpenean azaldu dutenez, fikziozko herrian duela 25 urtebete estatu kolpea izan zen eta orain «ustezko demokrazian» bizi dira. Emakume protagonista, idazlea, bertan jaio zen aspaldian eta orain hilzorian dagoen gizon antzezlearen enkargu bat bitarte itzuliko da etxera, sustraietara. «Bidaia horren barruan egiten duen barne bidaia da», azaldu du Uxue Razquin Ereingo editoreak. Enkargua zein den jakitea du liburuak duen amuetako bat, idazleak «nola borobiltzen» duen bezala edota zein den ahots narratiboa.
'Euri gorriaren azpian'
-
Egilea: Asier Serrano.
-
Erein.
-
Orrialdeak: 164.
-
Prezioa: 19 euro.
Lehen lerrotik eleberri «krudela, latza, bortitza eta lohitsua» dela aurreratu du Razquinek, baina era berean Serranok idazterakoan hain bere duen «poetikotasunak» blaitzen duela «sinbolismoz betea» dagoelako, «irudi metaforiko asko eta ondo erabiliekin». Ildo horretan bien arteko oreka «maisuki» lortu duela goraipatu du Ereineko editoreak. «Maiz poetikotasuna nabarmentzen da kontakizunaren kaltetan, antzeko istorioetan arrisku hori egoten da, baina Serranoren nobela zoragarria da. Irakurketa hipnotiko egiten du». Azkenik, irakurlearekin sortzen duen jokoa nabarmendu zuen. «Irakurleari hitz egiten dio istorioan aurrera egin dezan».
Hor baita, zehazki, Serranori interesatzen zaiona eta eleberriari thriller ukitua ematen diona, istorioaren narratzailea nor den asmatzeko jolasa. «Irakurleak asmatu duen, beretzat nor den, interesatzen zait. Ez nuen liburu itxi bat egin nahi, niretzat sinboloa dena agian beste batentzat ez da», azaldu du.
Idazketa prozesua ez da oso ohikoa izan. Duela bost urte ekin zion Serranok proiektuari, baina bidean zalantzak izan ditu idazteari eta, batez ere, argitaratzearen arrazoiei eta beharrei buruz, sortzaileek bizi dituzten «etengabeko gaupasa intelektual» horiei. «Oso aho zabala naiz. 'Erlojugileak' (2009, Txalaparta) kaleratu nuenean trilogia baten lehen zatia zela esan nuen, eta kunplitu behar...». Hala, kaxoi batean geratu zen harik eta pandemia ostean arrazoia ikusi edo aurkitu zuen. «Azken urteetako gizartearen ez aldaketek eman diote zentzua liburuari. Gizarteak baztertutako pertsonaia batzuk agertzen dira, gizarte konkretu batek jarritako lege eta arauei sormenetik aurre egiten dietenak. Sinbologia potentea zen eta interesatzen zitzaidan». Orduan hasi zen testua «orrazte» lana eta, batez ere, ahots literarioa zilegitzeko sentitu zuen ardura. «Genero-ikuspegia kontuan izan nahi nuen, idazle bezala bizitako trabestitze honetan sinesgarria izatea ahotsa». Alor horretan Razquinen edizio lana eskertu du.