Literatura eta hiria «begirada feminista argia» erabilita uztartu ditu Irati Majuelok
Bost eleberri urbanoko protagonista, bostak emakumeak, bidaide izanda bidaia proposatu dio egileak irakurleari
«Espazioa politikoa» delako eta hura erabiltzeko moduak, bertan nola mugitzen garen, gure bizitzan «isla» handia duelako, Irati Majuelo Itoizek lehen begi-bistakoan elkarrengandik «urrun samar kokatzen diren edo ulertzen ditugun» hiru alor batu ditu 'Hiria gure oinetan' (Susa) saiakeran. Batetik, espazioa, espazioaren inguruko ikasketak edo zehatzago hiriari buruzkoak; bigarrenik, literatura, zehatzago euskal eleberrigintza urbanoa; eta, azkenik, biak batu eta horien inguruan gogoetatzeko «begirada feminista argi bat».
Majuelok defendatu duenez, literaturak ere izan du funtzio handi bat espazioa ulertzeko dugun moduan bertan «erreproduzitu direlako arauak, baina baita arau urratzeak» ere eta, horren bidez, «gure hirian ibiltzeko modua baldintzatzen duten iruditeriak eta narratibak» sortzen direlako. Adibide modura jarri ditu «espazio publiko eta pribatuaren bereizketa dikotomiko ohikoa» edota zaintzarako mugimendu bideak zein diren.
Orain saiakera bezala aurkeztu badu ere, «labur eta trinkoa», atzean ikerketa lan handia eta tesi bat dagoela aldarrikatu du Majuelok, «euskal literaturan eleberrigintza urbanoak izan duen nolakotasuna ulertzen saiatu den lau urteko ikerketa bat, bereziki emakumeak protagonista eta hiri ibiltariak zituenaren argazkia egiten». Era berean, defendatu du orain Lisipe bildumaren baitan argitaratutakoa ez da «ez laburpena ez egokitzapena. Ahalegin kontzientea egon da [tesitik eta] hizkera akademikotik aldentzeko, ikerketa zena egitura interesgarriago batean eta forma edo hizkera ulerterrazagoan aurkezteko».
'Hiria gure oinetan'
-
Egilea: Irati Majuelo Itoiz.
-
Argitaletxea: Susa, Lisipe 17 zenbakia.
-
Estiloa: Saiakera.
-
Orrialdeak: 96.
-
Prezioa: 12 euro.
Espaziotik abiatuta «leku askora» hel daitekeela iritzita saiakerak «bidaia» bat proposatzen duela azaldu du Majuelok. «Literaturan ohikoa izan da paseatzailearen pertsonaia, hiria behatu ahala haren inguruan» gogoeta egiten duena, hori bai, ia beti «gizonezkoa, europarra, maila ekonomiko konkretukoa» narratiba batzuk sortuz. Ibiltari hegemoniko horretatik «aldenduz» proposatzen dio idazleak irakurleari bidaia.
Horretarako 'Egunero hasten delako' (Ramon Saizarbitoria, 1969), 'Zergatik panpox' (Arantxa Urretabizkaia, 1979), 'Ugerra eta kedarra' (Sonia Gonzalez, 2003), 'Jenisjoplin' (Uxue Alberdi, 2017) eta 'Neguko argiak' (Irati Elorrieta, 2018) eleberriak baliatu ditu. Hauetako protagonistak hausnarketan «laguntzen» duten ibiltariak, emakumezkoak dira, «haien artean oso ezberdinak, kontraesanez beteak, hiria gatazkan bizi dutenak». «Espazio publikoa zilegitasuna eman ez zaion gorputz oker, susmagarri horretatik bizitzeko gonbita da», gehitu du.
Eleberri bakoitza saiakerako atal batean edo gehiagotan lantzen da. Lehena 'Etxea' da, bertatik hasten baitira ibilbide guztiak. Majuelok «publiko eta pribatuaren arteko bereizketa» izan du oinarri eta 'Zergatik Panpox' eta bertako protagonista, «ama langile eta banandua», ditu bidaide. Haren bidez «hiria apenas zapaldu gabe» egiten duen mugimendua, zaintzari lotutako beharrizanak, bildu du. «Beste guztiak ulertzeko oinarri da».
Bigarrenean, 'Kalea', gorputzak hartzen du zentraltasuna, arrazoiarekin dikotomian, «ateratzen garenaren arabera ez delako berdina espero dena, epaitzen zaiguna...». 'Egunero hasten delako' eleberriko Giselen eskutik joango da irakurlea. Hirugarrena 'Taberna' deitzen bada ere espazio gehiago agertzen dira: gaua, antroak, manifestazioak... «hiria arriskutik bezala desiratik bizitzeko nahia, transgresioak edo araua urratzeak dakarren gozamena eta ezinbestekotasuna» erakutsiz 'Ugerra eta kedarra' eta 'Jenisjoplin' liburuko protagonisten bitartez.
Laugarrenean, 'Aterpea', «laguntasuna» da ardatz bi eleberriekin. «Potentzialitate handia du, intimitate eta harreman sozial hutsaz gain abenturarako eta jakin-minerako helduleku edo tranpolin modura», azaldu du Majuelok. Bosgarren eta azkena, 'Bidegurutzea', «hiria bide berriak irekitzeko» aukera ere izan daitekeela erakusteko baliatu du egileak, 'Neguko argiak' eleberriko protagonistak egin bezala «Jaioterri edo inguru sozial itxiak sortzen duen itolarria gainditzeko aukera da, bestelako familia, laguntasun eredu edo harreman sexu-afektiboak izatekoa». Saiakera osatzen dute ohiko sarrera eta bibliografiaz gain Irati Zubiak egindako «hitzaurre iradokitzaile eta ederrak», Jule Goikoetxeak esan bezala, osatzen du saiakera. Edukia «ederki» laburtzen du egilearen aburuz.