«Saria ondo dago, baina ilusioa egiten duena liburua da»

Gorka Salces, liburua eskuetan duela./USOZ
Gorka Salces, liburua eskuetan duela. / USOZ

Gorka Salcesen 'Iraganaren izterrak' aurkezteaz gain, Balea Zuria argitaletxeak eta Donostia Kulturak aurreratu dute 35 urtetik beherako poeta gazteei zuzendutako DK Poesia Sariak jarraipena izango duela

Nerea Azurmendi
NEREA AZURMENDI

Gorka Salces Alcaldek (Portugalete, 1986) martxoan jaso zuen, Donostiako II. Poesiaren Astearen baitan, DK II. Poesia Saria. Hamairu poetaren lanen artean, Aritz Gorrotxategik, Itxaro Bordak eta Eli Tolaretxipik osatutako epaimahaiak aurretik ere sari ugari irabazitakoa den historialari eta poeta bizkaitarrarena aukeratu zuten sarirako. Imanol Larrinagaren artelan bat jaso zuen orduko hartan irabazleak.

Sari handia, ordea, atzo eskuratu zuen: Larrinagaren marrazkia azalean daraman 'Iraganaren izterrak' liburua, Balea Zuria argitaletxearen eskutik kaleratua. «Sariak ondo daude, baina azkenean ilusioa egiten duena liburua da», esan du aurkezpenean gaur egun irakasle lanetan eta, besteak beste, iaz Durangoko Azokako Sormen Beka jaso zuen 'AtopiaRPG' euskarazko lehen rol jokoa idazten ari den taldean diharduen Salcesek.

Kezka horrekintxe sortu zuen lehiaketa genero bakarra –euskarazko poesia, «suizidatzeko modu polita»– lantzen duen Balea Zuria argitaletxeak, Donostia Kultura bildu zelarik 35 urtetik beherako idazleei zuzendutako lehiaketara. Lau poetak –Aritz Gorrotxategik, Felipe Juaristik, Pello Otxotekok eta Juan Ramon Makusok– sustatutako argitaletxeko Gorrotxategik azaldu duenez, «susmoa genuen gazteak ari direla literatura produzitzen, eta zailena zaiela liburua argitaratzea. Lan saritu asko daude argitaratu gabe gelditzen direnak».

Ez da horrelakorik gertatu oraingoan Gorka Salcesen liburuarekin. Ezta aurreneko edizioa irabazi zuen Esti Martinez Diaz de Cerioren 'Azalberritze bat'-ekin ere. Datorren urtean aukera bera izango du beste idazle batek, Donostiako Liburutegi Zerbitzuko zuzendari Arantza Urkiak ziurtatu baitu izango dela hirugarren edizio bat. Irailean emango dira ezagutzera Donostia Kultura III. Poesia Sariaren oinarriak, eta idazlanak aurkezteko epea zabalduko da.

Laugarren edizio bat ere izango da agidanez, argitaletxeko arduradunen itxaropena baita lehiaketa «erreferentzia bihurtuko dela poesiaren alorrean». Bide horretan lagun izateagatik, Gorrotxategik eta aurkezpenean parte hartu zuen Pello Otxoteko taldekideak eskerrak eman dizkiote Donostia Kulturari, baita haien proiektuan jarritako konfiantzagatik ere.

Hitza idazleari eman aurretik, Aritz Gorrotxategik haren lanaren bi ezaugarri nabarmendu diotu. Batetik, heldutasuna. Izan ere, 35 urtetik beherako poeta gazteei zuzendutako lehiaketa izateak askotan dakar jasotzen dituzten lanek «xalotasun puntu bat izatea. Gorkaren lana, ordea, oso heldua da». Beste ezaugarri bat ere badu nabarmentzeko modukoa: «nola lortzen duen, horren zaila izan arren, lirismoa eta umorea uztartzea».

Ego-tik cosmos-era

Izenburu deigarria du Gorka Salcesen liburuak: 'Iraganaren izterrak'. Ez zen hori jatorrizkoa. Egileak jarritako izenburua 'Ego, demos, cosmos' zen, liburuaren hiru atalen izenburuen batuketa. «Ez zitzaigun oso erakargarria iruditu, horrelako hitzekin irakurlea izutu egiten da; pentsa dezake gogoeta metafisikoz betetako liburua dela», azaldu zuen Gorrotxategik aldaketa aipatzean. Hasi ziren bada bila, eta poema batean aurkitu zuten azkenean izenburu bilakatu dutena.

Hiru atal horiek dira, hala ere, liburua egituratzen dutenak; neurri batean, poema solteei halako batasun bat ematen dietenak. Egileak berak azaldu duenez, «berez ez zen liburu bat, baizik eta liburu forma hartu duen poemarioa. Ez da idatzi osotasun batean pentsatzen. Lehiaketara aurkezteko hautatutako eta antolatutako poemak dira, ez bata bestearen atzena egoteko idatziak. Batasuna hiru kontzeptu horiek ematen diete. 'Ego' atalean poema pertsonalenak daude, askotan autoironikoak eta autokritikoak direnak. 'Demos'-en bildu ditut herriari, komunitate politikoari eta gauza publikoari eskainiak, eta agian dira ilunenak. 'Cosmos', berriz, da atal metafisikoena, preziosistena, argiari tarte zabalena eskaintzen diona».

10 euroko prezioan saltzen den 77 orrialdeko liburuan Salcesek gogoko dituen idazle, film eta gainerakoei buruzko erreferentzia ugari aurkituko ditu irakurleak, «ezkutatu nahi ez dudan eta ezkutatu ez dudan kontzientzia politikoaren» arrastoa ere bai. Poemak «momentu, testuinguru eta toki desberdinetan» idatzi ditu: Euskal Herrian, Galesen, Grezian, Portugalen... Badaude, edonola ere, «errepikatzen diren gai eta kezkak, eta pentsatu nahi dut egon daitezkeela estilo propio baten zantzuak».

Temas

Euskera