Borrar
Lander Garrok ostiral honetan aurkeztu du eleberria. pedro martínez

Lander Garroren 'Faith' eleberria, hamaika hitzetan azaldua

Iazko Augustin Zubikarai bekari esker osatu du idazle errenteriarrak bere hirugarren nobela, 2014ko 'Gerra txikiak'-en bigarren partetzat ere har daitekeena

nerea azurmendi

Ostirala, 26 azaroa 2021

Comenta

Sorkuntzaren eremu ugaritan mugitzen den Lander Garroren (Errenteria, 1975) irakurleek ezagutzen dute Xabi Ugarte. Haren aita, ama, Gotzon eta Nagore anai-arrebak ere ezagutzen dituzte. 2014ko 'Gerra txikiak' (Susa) eleberriaren lehen lerroetan agertzen ziren, tren bat hartzera zihoazela.

Ugartetarrak bueltan dira. Elkar argitaletxeak eta Ondarroako Udalak antolatzen duten Augustin Zubikarai bekaren iazko edizioa irabazi zuen proiektuak ekarri ditu bueltan, ostiral honetan Donostian aurkeztu den 'Faith' nobelak. «Sariagatik ez balitz ez geundeke hemen, gaur», adierazi du Lander Garrok, Xabier Mendiguren editorearekin partekatu duen agerraldian.

2000. urteko Xabi Ugarte da irakurleak 'Faith'-en aurkituko duena. Argitaletxeak banatu duen laburpenean irakur daitekeenez, Bartzelonara joan da, «Euskal Herriko giro politiko itogarritik aldendu eta han artista bizitza bat eraikitzeko asmoz». Xabier Mendigurenen hitzetan, «eberri hunkigarri, umoretsu eta aldi berean dramatikoa» sortu du Lander Garrok, zeinak «ultraje»-tzat duen nobela bat laburtzea eta, horren ordez, 11 hitz proposatu dituen 'Faith'-en berri emateko.

'Dekalogo+1' horrekin, eta esango ez zituela esan arren esan dituen beste lau hitz taburekin, azaldu du egileak zer dagoen 'Gerra txikia'-rekin «erreferentziak eta protagonista batzuk» partekatu arren guztiz beregaina den nobelaren barruan, atzean, azpian.

Hitzez hitz

Lehen hitza da 'protagonistak'. Ugartetarrak, ugartetar guztiak, «euskal gatazkak kolpatzen ditu behin eta berriz, eta saiatzen dira gehiegi inmolatu gabe bizirauten. Biziraupen prekario hori da muina, gerora loratzen den zuhaitzaren hazia». «Bizitzak kolpatzen zaituenean kolokan jartzen du nor zaren zu». «Deseraikuntzaren ondorietako bat da norberak egin behar duen berreraikuntza'. 'Identitatea', alegia.

'Bartzelona', Xabi Ugartek «artista bohemio» izateko ametsa gauzatu nahi duen tokia. «Esperoakoa eta errealitatea ez datoz bat. Han jarraitzen dute bere arazoek». 'Patua' «gai funtsezkoa da liburu honetan. Saltzen zaigun ideia tatxerista eta eskuindarra da gure bizitza gure eskuetan dugula. baina gehiago agintzen du zein testuingurutan jaio zaren, zure herria kolonizatua den edo ez, familia aberatsa edo proletarioa duzun».

'Historia'. Horrek ere asko baldintzatzen du, «funtsezko ahalmen erabakigarria du». Kasu honetan, protagonistari azaltzen horren zaila gertatzen zaion eta idazleari ariketa bitxia egiteko aukera eman dion Euskal Herriaren historia. 'Biktimismoa', aurreko guztiak diren bezalakoak izan arren, 'Faith' ez delako liburu biktimista bat; «fatalista behar bada bai, baina biktimista ez». 'Manikeismoa'-ri ere nahita egin dio ihes Lander Garrok. «Manikeismoa da boterearen erreminta bat pertsonak satanizatu eta inpuneki zigortzeko, ezin dugu manikeismoa erabili literatura egiten dugunean».

Hitz klabeetako bat 'umorea' da, «zeren eta nik uste dut umorea dela oso arma subertsiboa, bufoiaren subterfugioa boterea zirikatzeko hil gabe; justiziaren hatzaparretatik ihes egin ahal izateko sarkasmoaren eta ironiaren bidez».

'Boterea'. «Merezi du kapitulu bat apartekoa, boterea, boterekeria, auzitan jartzeko. Konfiantza gutxi dugu boterean, boterea tematu delako gure konfiantza erauzten» eta «gizakiaren ezaugarririk txarrenak gordetzen dituen lekua» izaten; batez ere gezurra, «botereak sustatua, botereak berak eraman duelako azken zokoetaraino». Izan ere, Xabiren «patuaren gaitzik nagusiena gezurra da, gertatzen zaizkion gauza inportanteenak gertatzen zaizkio boterearen gezur baten ondorioz».

Bi hitz, bakar bat bilakatuta: 'euskal gatazka'. «Ez da euskal gatazkari buruzko nobela bat, euskal gatazkak jende batengan sortzen duen minari buruzko nobela bat da, jendeari buruzko liburu bat». Eta gatazka, berriz, kontestu bat, Bartzelona bera eta beste zenbait kontestu bezala. Gehiago interesatzen zaio idazleari «zer gertatzen den politikaren hitz larrien azpian, zer den intimitatean gertatzen dena».

Gatazkari lotua, 'erretaguardia', abangoadiaren beste muturra. «Gerra txiki modernoaren urte luze horietan jendea bazegoen abangoardiarako, nahikoa. Beste dena berdin zen. Baina erretaguardia horretan urteak 365 urte zituen, egunero bizi behar zen horrekin, minekin, ausentziekin... Hori da niri interesatzen zaidana eta liburu honek jasotzen duena». Ez dago argitu beharrik nor dagoen abangoardian, nor erretaguardian.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Lander Garroren 'Faith' eleberria, hamaika hitzetan azaldua

Lander Garroren 'Faith' eleberria, hamaika hitzetan azaldua