Krimena abiapuntu, irakurlea «giro itogarrian» harrapatuko duen liburua
Fernando Reyk itzuli du Ereinentzat westernetik eta «tragedia grekotik» duen Mariana Travacioren 'Barkamena existituko balitz bezala' eleberria
Estilo oso «doi, lehor eta biolentoarekin» hasten da Mariana Travaciok idatzitako 'Barkamena existituko balitz bezala' (Erein) eleberria, orain Fernando Reyk euskarara ekarri duena, eta orriak pasa ahala irakurlea «giro itogarri» horretan murgilduta eta, batez ere «harrapatuta», aurkituko da irakurlea. Istorioaren abiapuntua gertakari lazgarri bat, «krimen» bat, da eta behin atea irekita indarkeria eta mendekua, «gorroto trinkotuak», edo erruak gorpuztuko dute trama. Lehen inpresio horrez gain, Reyk liburuak «sekulako edertasuna» duela azpimarratu du, «erritmo eta soiltasun poetikoa oso gozoa» baitarabil Travaciok. «Fatalismoa eta aurrekoen eta norberaren istorioak arrastaka zaramatza», aurreratu du.
«Soiltasuna» hitza hainbatetan errepikatu dute agerraldian egileak, itzultzaileak zein Erein argitaletxeko Inazio Mujikak, baina era berean azpimarratu dute idatzitako gutxi horrekin asko dela esandakoa eta are gehiago irakurlearen imajinazioaren esku uzten duena. «Idazleak idatzi ez dituen gauza asko imajinatzen dituzu zure buruan, gakoetako bat hori da, ez du asko esaten, kontatzen du kontatu behar duena istorioan aurrera egiteko eta irakurleari toki handia uzten dio», esan du Reyk. Horren adibide da pertsonaiak nola aurkezten diren. «Ez daude oso deskribatuak, baina psikologia eta aldartea ondo jasoak daude. Samurtasuna dute, haien gabeziak zein zoriona nola irrikatzen duten ikusten da». Hezur-haragizkoez gain, lehen lerrotik pisu handia du «klimak», hainbeste non, Reyren esanetan «eguraldiaren» pertsonifikazioa dagoen eleberrian zehar. «Giro gogorra da, lehorra, itogarria den atmosfera». Horrek pertsonaiak «barrutik zein kanpotik» bultzatzen ditu eta trama aurrera eraman. Oso modu soilean jasotzen bada ere «irakurleak beroa» pasako duela azaldu dute biek. Ezaugarri horiekin, westernetik eta «tragedia grekotik» du Travacioren testuak Mujikarentzat.
Itzultzaile lana
Estilo eta idazkera hain berezia izanda, testuan «erabat» barneratu da Rey esentzia hartu eta, ostean, originaletik «ahalik eta gehien urrundu» eta tonu eta erritmo hori, atmosfera eta naturaltasuna euskarara ekartzeko. Horixe izan baita itzultzailearen obsesiorik handiena, «Travacioren euskal ahotsa aurkitzea. Beste baten ahotsa izaten saiatzen zara, baina zu itzalpean egonda eta egilea ager dadila bilatuz», azaldu du bere lanaz. Emaitzarekin oso pozik eta eskertuta mintzatu da egilea eta ez da atzean geratu Mujika, orain arte egindako kanetan «arrakasta handiena» lortu duela iritzita. «Travacioren ahotsa oso ondo geratu da euskaraz, oso erraz irakurtzen da», laburtu du Ereineko kideak.
Azken testuaren maila lortzeko bidean Travacioren elkarlana eta prestutasuna eskertu dizkio Reyk, argentinarra idazle izateaz gain itzultzaile izateak asko erraztu duela nabarmenduz. «Elkartruke zoragarria izan da, oso adeitsua izan da», bereziki argentinismoak edo 'impávido' bezalako esamoldeak ekartzerakoan. Hizkeran bai, baina geografikoki zein tenporalki marka gutxi aurkituko ditu irakurleak, egileak bideodei bitartez azaldu bezala hori izan baitzen helburuetako bat. Hala, landa giro bat imajinatu besterik ez du irakurleak eta «Argentinaz dugun iruditegiarekin» osatu.
'Barkamena existituko balitz bezala'
-
Egilea: Mariana Travacio.
-
Itzultzailea: Fernando Rey.
-
Argitaletxea: Erein.
-
Orrialdeak: 144.
-
Prezioa: 19 euro.
Uxue Razquin Ereineko editoreak proposatuta ekarri dute euskarara agerraldian hiruek azpimarratu duten bezala. Bereziki eskertu dio eskaintza egin izana Reyk eta hitz oso politak izan ditu Travaciok. «Bizitza eguzkiz betetzen duen hankadun pasioa da».
'Barkamena existituko balitz bezala' 2016an argitaratu zen Argentinan, baina 2020a arte ez zen heldu Espainiara. Lan honetaz gain, batik bat ipuinak idatzi ditu Travaciok, besteak beste 'Cotidiano' (2015), 'Cenizas de Carnaval' (2018) eta 'Me verás caer' (2023), baina baita bigarren eleberri bat ere, 'Quebrada' (2022).