'Klera' lan kolektiboa, orain gaztelaniaz ere 'Tiza' izenburupean
Espainiako Haur eta Gazte Literaturaren Sari Nazionala eskuratu zuen euskarazko lanak
J. A.
Asteartea, 2 abendua 2025, 13:02
Urruti geratzen da 2023ko azaroa, Jon Mayak 'Klera' abian jarri zuenekoa, eta bi urtera oraindik bizi-bizirik da ekimena. Batetik, zorionez, diziplina arteko proiektuak beste pauso bat emango baitu gaztelaniara egindako itzulpenarekin 'Tiza' izenburupean; bestetik zoritxarrez, gerra eta honen ondorioak dituelako ardatz, horiei buruz gogoeta eginarazi nahi duelako eta gaia oso egunerokoa dugulako. Lehenik Ukrainia izan zitekeena Gaza ere izan delako.
«️Iaz argitaratu genuen 'Klera'. Duela hilabete bi etorri zen Sari Nazionalaren notizia eta lan kolektiboa poz kolektibo bilakatu zen. Orain gazteleraz ere irakurri daiteke 'Tiza' izenburupean.
Gerretako hondamendien hautsa, bihur dadila klera edo klariona gerrako umeen eskuetan», dio Leire Bilbaok berak sareetan zabaldutako mezuak.
Jon Mayak eta Kukaik hasi zuten. Leire Bilbaorekin hitz egin zuten testu bat idatz zezan, eta ondoren «beste kapak jartzen» joan ziren, June San Sebastianen ilustrazioak eta Maite Larbururen musika. Paraleloki, Kukai dantza taldeko kideak bideoak osatzen joan ziren, David Bernuesen laguntzarekin
Gerra batean harrapatuta dagoen haur baten istorioa kontatzen du lanak eta, protagonista haur bat izan arren, ez da bereziki haurrei zuzendutako lana, baina bai beraiekin «partekatzekoa», agerraldian esan zuten bezala. Era berean helduek gerraren ondorioei buruz gogoeta egiteko eta «sentitzeko» baliogarria dela iritzi zuten aurkezpenean, izan ere «haur errugabeak hiltzen diren gerra askotxo ikusten ari gara azken aldian eta liburu hau horren aurkako aldarria da».