Borrar
Kirmen Uribe idazlea, 'Izurdeen aurreko bizitza' (Susa argitaletxea) eleberriaren aurkezpenean. Lobo Altuna
Kirmen Uribe | Izurdeen aurreko bizitza

Elementu errealetatik abiatuz nobela bat idazteko prozesuari buruzko fikzioa

Kirmen Uribe idazleak 'Izurdeen aurreko bizitza' (Susa argitaletxea) aurkeztu du, ondarroarraren laugarren eleberria

Jon Agirre

Donostia

Asteazkena, 1 abendua 2021, 16:15

Comenta

Lamien maitale izatearren, garai batean, pertsonak izurde bihurtu ziren. Hala dio euskal kondaira zahar batek eta horixe da Kirmen Uribe idazleak aurkeztutako azken lanaren, 'Izurdeen aurreko bizitza' (Susa argitaletxea), abiapuntua. «Niretzat hasiera oso esanguratsua da, asko markatzen du», adierazi du Uribek eleberriari buruzko xehetasunak azaltzeko aurkezpenean. Harekin izan da Donostian Leire Lopez Ziluaga editorea.

Uriberen laugarren eleberria «nobela bat idazteko prozesuari buruzko lana» dela kontatu du Susako editoreak eta erabakiek norberaren bizitzan duten eragina ere lantzen du liburuak. «Elementu errealekin» egindako fikzioa da egilearen ustetan.

Idazle ondarroarrak hiru zatitan banatu du 'Izurdeen aurreko bizitza', bakoitza ahots eta kontatzeko modu banarekin. «Poesiari asko gerturatzen den eleberria da, lau urteko prozesu luze baten ostean emaitzarekin gustura geratu naiz. Ez da idazteko erraza izan, baina iruditzen zait irakurtzeko baietz», bota du umorez Uribek.

Izurdeak eta migratzaileen

Aipatu elezaharra migratzaileen esperientziarekin alderatzen du Uribek, herrialdez aldatzean bizitza zein atzean utzitakoarekin lotura eraldatzen bazaio. «Behin gorputzez aldatuta, ezin berriz lehengora itzuli». Protagonistak, Uri, Nora eta bien seme-alabak, Euskal Herritik New Yorkera lekualdatzen baitira.

Lehen zatian, eleberri forman, Urik New Yorken 2018an eta 2019an duen bizitzaren berri jasoko du irakurleak. Bertan Rosika Schwimmer sufragista eta bakezaleari buruzko nobela idazten ari da haren lankide eta adiskide izandako Edith Wynnerrek idatzitako guztia oinarri izanda. Testuak 156 kaxetan bilduta daude eta hauek irekitzean haurtzaroaz oroituko da protagonista, bere bizitzan garrantzia izan duten emakumeez eta bereziki haren izebaz.

Gehiago liburuari buruz

  • Izenburua: 'Izurdeen aurreko bizitza'.

  • Egilea: Kirmen Uribe.

  • Argitaletxea: Susa.

  • Estiloa: Narratiba.

  • Orri kopurua: 320.

  • Salneurria: 20 euro.

Bigarren zatian haren bikoteak, Norak, hartzen du narratzaile papera. Lagun bat idatzitako gutunen bitartez jakiten dugu familiak AEBtan duen egunerokoa, nola doan Urik amaitu gabe uzten duen Schwimmerri buruzko eleberria edo nola bizi duen Covid-19aren ondoriozko itxialdia. «Fokua aldendu eta gorabeherak kanpotik ikusten ditugu». Kasu honetan iraganera bidaia ere bada, zehazki 90eko hamarkadan protagonistak bizitako gaztarora.

Liburuari itxiera bi seme-alabek ematen diote «jolas moduko elkarrizketen bidezko narrazioarekin», azaldu du Lopez Ziluagak. «Bideo bat da», laburtu du Uribek.

Uribek aurrez 'Bilbao-New York-Bilbao', 'Mussche' eta 'Elkarrekin esnatzeko ordua' argitaratu ditu.

Abenduaren 29an aurkezpena Donostian Itziar Ituñorekin

Atzo Donostian egindako aurkezpenean aurreratu zuenez, Kirmen Uribek 'Izurdeen aurreko bizitza' eleberriaren lau aurkezpen egingo ditu. Lehena Durangoko Azokaren 56. edizioan izango da, abenduaren 4an 12:30ean Ahotsenean Ilaski Serranorekin. Ostean, abenduaren 23an 20:00etan Ondarroako Zurrumurru liburu-dendan ikastolako irakasle izan zuen Joxemari Urteagarekin. Guztietan bereziena eta «artistikoena» abenduaren 29an Donostiako Antzoki Zaharrean Itziar Ituñorekin egingo duena izango da. «Itziarrek bigarren ataleko pasarte bat dramatizatuko du, Noraren ahotsean kontatzen dena. Ostean bion arteko elkarrizketa bat izango da», aurreratu zuen atzo Uribek. Azkena urtarrilaren 3an izango da Iruñeko Katakraken Juan Kruz Lakastarekin.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Elementu errealetatik abiatuz nobela bat idazteko prozesuari buruzko fikzioa

Kirmen Uribe | Izurdeen aurreko bizitza: Elementu errealetatik abiatuz nobela bat idazteko prozesuari buruzko fikzioa