Borrar
Edorta Jimenez, 'Aizkorak eta gutunak' liburuaren aurkezpenean. Sara Santos
Edorta Jimenez | 'Aizkorak eta gutunak'

«Kamera eta mikroa eskuan» 1828ko benetako krimenera eraman du Jimenezek irakurlea

Bermeon jazotako hilketa oinarri, «eldarnio betean» ondu du 'Aizkorak eta gutunak' (Elkar) eleberrian

Jon Agirre

Donostia

Osteguna, 4 iraila 2025, 16:14

Comenta

«Pasioz» eta energia askoz bizi du «literatura, bizitza» Edorta Jimenez Ormaetxeak, 'Aizkorak eta gutunak' (Elkar) liburua aurkezteko egindako agerraldian Xabier Mendiguren editoreak esan bezala. Horren adierazle azken eleberria «eldarnio betean» osatzeko modua. 1828ko irailean, Bermeoko Almika auzoan, Juan Ormaetxea, Agirretxu baserriko gizona, desagertu zen. Haren emazte Josepa eta alaba Maripepatxu izendatu zituzten hilketaren susmagarri. «Prozedura» hura, ikerketa, epaiketa eta zigorra -garrotez exekutatutako emakume bakarrenetakoak- «egunez egun» jarraitu du. «Txundituta lotu nintzen, ez nuen ezagutzen horrelako krimen edo gertaerarik, emakumeak aizkoraz senarrari heriotza ematea. Nire ero edo eldarnioan gaztelaniazko 300 orriak irakurri nituen ea ostean euskaratu. Begira ze gaixorik nengoen, jota nengoen». Bizkaiko Foru Aldundiaren agiritegian oinarritu du dokumentazioa.

Ikerketa abiatu eta Ormaetxearen gorpua, aizkorakadaz hila, baserri aurrean lurperatua agertu zen. «Ez da inoiz gertatu bi emakume hauekin gertatu zena, halako heriotza publikoa», adierazi du idazleak. Osteko prozedura judiziala edo estatuaren egitura Markos Zapiainekin kontsultatu ditu, bi ondorio argi ateraz. Batetik, Estatuaren egitura zein eratua zegoen Lehen Gerra Karlistaren bezperan eta, bestetik, «herri xehea ez zela estatuaren parte sentitzen».

'Aizkorak eta gutunak'

'Aizkorak eta gutunak'
  • Egilea: Edorta Jimenez Ormaetxea.

  • Argitaletxea: Elkar.

  • Orrialdeak: 168.

  • Prezioa: 17,5 euro.

Irakurleak hura guztia lehen pertsonan, Bermeon balego bezala, bizitzea zen Jimenezen helburua. «Ingurura begira dezala, alkatearekin eta besteekin pipatzea, usaintzea eta itsasoa ikustea han». Hartarako «zarata eta doinu» guztiak eten ditu «zaldiak eta behorrak, txoriak, jendearen txistuak, ahotsak» entzuteko. Eta ederki lortu du Mendigurenen esanetan, «mikro eta kamera» duela hara eramaten baitu. Noski, egilearen estiloa galdu gabe, esan gabe asko esanez. «Edortaren eskua ikusten da», azpimarratu du.

Estilo aldetik, Mendigurenek nabarmendu du lehen liburu izan zuen 'Itxastxorien bindikapena' (Susa, 1985) poesian aurkeztu zen bezala, espirituz gazte, errebelde eta berritzaile» izaten segitzen duela. Era berean, lehen unean kronika bezala egiteko asmoa erakutsi bazuen ere, «benetako agiri judizialen itzulpen» gisan, azkenean nobela historikoaren, epaiketen nobelaren eta thrillerraren arteko nahasketa dela azaldu du. «Benetako krimen baten ikerketa nobelatua, fakturari dagokionez nahiko klasikoa, baina [Jimenez] beti ari da ideia eta proposamen berriekin», iritzi du.

Horietako bat da iragan hori islatzerakoan gutunak erabiltzeko hautua, besteak beste alabaren pertsonaia jasotzean. «Imajinatu ezin lezakeena ezin diot esan irakurleari. Zer asmatu duen aitaren heriotza dela-eta». Era berean, pertsonaien artean sartu da «iritzirik gabe». Erabilitako euskara ere oso pentsatua izan da, bertako moldeei lekua egiteko «erabaki literarioa», baina ez mekanikoki.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Kamera eta mikroa eskuan» 1828ko benetako krimenera eraman du Jimenezek irakurlea

«Kamera eta mikroa eskuan» 1828ko benetako krimenera eraman du Jimenezek irakurlea