Txikitako oroitzapen eta bizipenez blaitutako saiakera aurkeztu du Igerabidek
Idazleak naturarekin betidanik izan duen harreman estua eta hausnarketak jaso ditu 'Ura saltoka' (Alberdania) «saiakera bitalean»
Oroitzapen eta bizipenetan murgilduta naturarekin izan duen eta duen harremana azaltzeko «saiakera bitala» aurkeztu du ostegun honetan Juan Kruz Igerabide idazleak. 'Ura saltoka' izenpean plazaratu du Alberdania argitaletxeak, Litenatura zigiluko hirugarrena. Bilduma honen helburua «literatura, natura eta hausnarketa» uztartzea da.
Naturarekiko joera betidanik izan du Igerabidek eta, beraz, ez zuen modurik izan Alberdaniako proposamenari ezetz esateko. Ildo horretan aukeragatik oso eskertuta azaldu da, «gonbita jaso ezean» liburua ez lukeelako egingo. Litenatura zigiluaren baitan plazaratua, Jorge Giménez Bech Alberdaniako editoreak esan bezala saiakera honekin bildumaren ikuspegiari «zabaltasuna» eskaintzeko xaxatu zuten Igerabide, natura begitan hartuta «gogoeta pertsonalagoa, literaturarekin eta artearekin» zerikusia zuena aurkezteko.
Emaitzarekin oso pozik azaldu da Alberdaniako editorea, «ildo askotatik aportatzen» baitu «gogoeta pertsonal eta haurtzaroko eta gaztetako oroitzapenetatik», baina baita bizitzan zehar «kultura eta naturaren lotura ez haien ebidenteez eta horiek norberaren bizitzan integratzeaz». Haurtzarora eta «bizikizun oso pertsonaletara» jotzea saihetsezintzat jo zuen Igerabidek, naturaz mintzatzean eta honekin dugun harremanaz gogoetatzen hasiz gero «batek hunkitu gaituzten kontuetara jotzen du eta hor, ia beti, naturaren alde bat dago».
'Ura saltoka'

-
Egilea: Juan Kruz Igerabide.
-
Argitaletxea: Alberdania.
-
Estiloa: Saiakera.
-
Orri kopurua: 234.
-
Prezioa: 19,5 euro.
Hala, Igerabidek 'Ura saltoka' liburua «saiakera bital» bezala definitu zuen. Atal oso laburrez osatuta, gai batetik besterako jauziak naturalak dira, azkarrak, pentsamenduekin gertatzen den bezala. Eta, beraz, gaiak askotarikoak dira, nahiz eta batzuk errekurrenteagoak diren: zuhaitza, mendia eta kontenplazio edo hausnarketa, esaterako. Besteak beste, izarrei begira egotetik sortzen diren burutazioak. «Zerura begira jarrita Big Bang-a okurritzen zaizu, hori teoriekin lotzen dut eta, jarraian, galdera filosofikoekin: zer zegoen aurretik?» jarri du adibide modura Igerabidek.
«Txikitako leku magikoa»
Liburuko lehen gaia eta abiapuntua Ur salto da, idazlearentzat «txikitako leku magiko bat eta oraindik bilobekin edo bakarrik joaten naizena», leku xume bat, baina bertatik «biziberrituta» ateratzen dena. Horretaz gain harriez ere mintzo da, bai naturarekin edo gizakiok hauek altxatzeko dugun temaz; mendiez edo mendizaletasunaz eta izandako zenbait abenturez; baratzaz eta berean ikusitako ipurtargiez; Andeetan Inkaren bidea egindakoan naturarekin bizitako harreman bereziaz edo hegoaldeko gurutzea konstelazioa deskubritu zuenekoaz.
Guztietan datuak eta erreferentzia teorikoak, literarioak eta filosofikoak topatuko ditu irakurleak, pixkanaka sartuak, ez saiakera janzteko, «zuk sentitzen duzun horrek oihartzun bat bilatzen duelako» baizik. «Zientzian edo filosofian ikusten baduzu, zerbait unibertsala dela otutzen zaizu eta ikertzen hasten zara», azaldu du Igerabidek.
Ostegun honetan aurkeztutako liburua Litenatura zigiluaren baitan Alberdania argitaletxeak plazaratutako hirugarrena da, «naturaren bizipenari bide berezko bat eskaintzeko asmoz» jaiotako ekimena, irakurleari «naturaren bizipenaren oihartzun askotarikoak» ekartzeko. «Literatura, natura eta hausnarketa» uztartzeko apustua, aurrez kaleratutako haurrentzako 'Giza animaliak gara' albumaren eta Aiora Zabalaren 'Natura gure esku' saiakeraren ostean. Azken hau gogoeta bat da eta ukitu akademikoagoa duela azaldu du Alberdaniako editoreak.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.