Jon Arretxeren '19 Kamera' (Erein), orain audio-liburuan
Albiste onak ez dira hor amaitzen, '612 €uro' eta 'Hutsaren itzalak' formatu berera eramango dituztela aurreratu baitzuten
Liburu bezala izandako ibilbide oparoaz gain, saga are oparoago bati hasiera eman zion lana da Jon Arretxeren '19 Kamera' (Erein) , Touré Detektibea protagonista duen bildumako lehena baita. Orain, Iñaki Beraetxe aktore eta bikoiztaile ezagunak ahotsa jarri zaleek eta irakurri ez dutenek audio-liburu bezala gozatzeko aukera izango dute. Albiste onak ez dira hor amaitzen, agerraldian hurrengo biak, '612 €uro' eta 'Hutsaren itzalak' formatu berera eramango dituztela aurreratu baitzuten.
Touré, egoera irregularrean dagoen etorkin afrikarra da. Iragarle gisa magiaren arlo guztietan bere zerbitzuak eskaintzen ditu. Bizilagun afrikarrentzat agurgarria da, emakume zurientzat desiragarria eta polizientzat mespretxagarria. Biziraupen-senak bultzatuta, detektibe inprobisatu hasiko da. Patuak eraman du Bilboko gizartearen behe mailarik apalenarekin bezala goi mailako jende finenekin erlazionatzera. Bilboko San Frantzisko auzoan kokatzen da trama. Hemeretzi kamerek kontrolatzen dituzte auzoko jendearen ibilerak.
Trama paralelo batzuek ere badira, umorezkoak eta gordinak audio-liburu beltz honetan: Palankako klub bateko prezio susmagarriak, trafikatzaileen arteko istiluak, adin txikiko prostituta baten desagerpena, kaputxadun talde baten jipoi eta hilketak… Dena dela, Touré da beti ardatza.
Jon Arretxek sortutako pertsonaiaren abenturak orain hilabete batzuk Primeran streaming plataforman estreinatutako 'Touré Detektibea' telesail arrakastatsuaren oinarria izan ziren. Orain, urrats bat gehiago eman da eta Erein argitaletxearen eta EITBk elkarlanean egindako ekimenaren emaitza da eta nahi duen orok entzungai du EITBPodkast atarian.