Joël Dicker-en liburu bat ekarri du Ardaxka argitaletxeak lehen aldiz euskarara
'Tigrea' liburuak idazle suitzarraren bi ipuin biltzen ditu
Joël Dicker (Ginebra, 1985) gaur egungo literaturako izen garrantzitsuenetako bat da. Haren liburuek mundu mailako arrakasta lortu dute, 40 hizkuntza baino gehiagotara itzuli eta milioika ale salduz. Suspensezko eta misteriozko eleberriengatik da ezaguna. 'La Vérité sur l'Affaire Harry Quebert' (2012) eta 'Le livre des Baltimore' (2015) izenburuak ezagunenen artean daude.
Orain, eta lehen aldiz, Ardaxkak euskaraz argitaratu du idazle suitzarraren liburuetako bat, 'Tigrea'. Dicker-ek 19 urte zituela idatzi zuen, lehiaketa literario batera aurkezteko; baina epaimahaiak ez zion saria eman, istorioa hain ona izanik, kopiatu zuela pentsatu zutelako.«Epaimahaiak ezin zuen sinetsi 19 urteko gazte batek horrelako ipuin on bat idatz zezakeenik» gogoratzen du Joël Dicker-ek. «Halako mailarekin, 30 urte bete baino lehen sari literario garrantzitsuren bat irabaziko nuela esan zidaten, eta ez arduratzeko». Eta hala izan zen: 28 urterekin Frantziako Akademiaren Sari Handia eta Goncourt des Lycéens jaso zituen.
Ardaxkak argitaratu duen liburuak bi ipuin biltzen ditu: 'Tigrea' eta 'Pantera'. Biak dira idazlearen lanak eta, askorentzat ezezagunak izan arren, Dicker-en estilo narratibo sendoa eta tentsioaren eraikuntza ederki erakusten dute, argitaletxetik adierazten dutenez. Edizio honek idazlea beraren hitzaurrea ere jasotzen du. «Asko pozten gaitu Joël Dicker bezalako idazle handi baten liburu bat euskaraz lehen aldiz kaleratzeak», adierazi du Martín Besné-k, Ardaxka argitaletxearen editore buruak. «Dicker-ek berak erraztasun handiak eman dizkigu eta ilusio berezia azaldu du bere liburu bat euskaraz ikusteagatik».
Ardaxka argitaletxea
Euskarazko literatura mundu osoan eskuragarri jartzeko helburuarekin jaio zen Ardaxka, duela urte bat, betiere «prezio justuetan eta maitasunez egindako edizioekin», azpimarratzen dute argitaletxetik. Proiektu hau atzerrian edo Euskal Herritik kanpo bizi diren euskaldunek sortu zuten eta eskarien arabera egiten dute lan prezioak eskuragarri izan daitezen. Gaur egun, 30 herrialde baino gehiagotan jarri ditu eskuragarri euskaraz idatzitako liburuak.
Orain arte kaleratu dituzten lanak bi bildumatan sailkatzen dituzte; lehenengoa euskal idazle klasikoen titulu ezagunek osatzen dute eta bigarrenak nazioarteko literatur klasikoak euskaraz biltzen ditu. Joël Dicker-en 'Tigrea' argitaratu duten hamalaugarren liburua da.