«Barneko umearekin bat egiteko diskoa» aurkeztu du Jabier Muguruzak
Leire Bilbao idazlearen testuak ditu oinarri 'Txitxarro eta atuna' diskoak, musikari irundarrak haurrentzat egindako seigarrena
«Barneko umearekin batzeko diskoa» aurkeztu du asteazken honetan Jabier Muguruzak, haurrentzako plazaratutako seigarrena. 'Txitxarroa eta atuna' deiturikoa, ohiko ekipoarekin egin du prozesua eta aurreko lanetan egin bezala, idazle baten hitzak izan ditu oinarri. Kasu honetan Leire Bilbaoren testuak dira, estilo aldetik poemak, «haurrekin bizitzaz hitz egiteko, maitemintzeaz eta heriotzaz», defendatu du idazleak.
Hala, diskoa osatzen duten hamar abestietako bakoitzak esparru bat lantzen duela esan daiteke: Txitxarro eta atuna bizitzako harrokeriaz eta tuntunkeriaz (horregatik dira 'Txitxarro harro eta tun-tun-tuna); Aszensoro loro bihurtzen den igogailua; hontza beldurraz eta hau nola elikatzen den jorratzeko; karramarro kakarranoarekin handi eta txikien arteko harremanaz; kilkerraren gau kantua sentimenez aritzeko; etab. Bide horretan, etxeetako musika festa edo elementu atmosferikoak ere azaltzen dira kantuetan. «0 eta 99 urte bitartekoentzako poemak dira», laburtu du Bilbaok.
Muguruzak azaldu duenez ume «hauskorra» izan zen, «besteen arreta nahi zuena, batez ere gurasoena. Goxotasuna triste sentitzen nintzenean, konpainia beldurrez nengoenean, arreta eta kezka galduta edo kokatu ezinik sentitzen nintzenean». Horregatik, haurrek materialak ez diren opariek behar dituztela sinetsita -«horiek ez baitute ia ezertarako balio», xehatu du-, musika eta hitzez egindako opariak egin izan nahi dizkie bere ibilbidean.
Ildo horretan, aurkeztutako 'Txitxarro eta atuna' diskoan une oro asmoa zerbait jostalaria lantzea izan omen da, bidaideei jarri dien baldintza edo iradokizun bakarra. «Niretzat bizitzako etapa honetan oso garrantzitsua da hitzen sonoritatea, eta noski instrumentazioa, esanahia bera baino gehiago. Leireri ere hori eskatu diot, jolasa hor egotea». Horretarako funtsezkoak izan dira errepikapenak edo onomatopeiak.
Txitxarroa eta atuna
-
Egilea: Jabier Muguruza.
-
Letrak: Leire Bilbao.
-
Diskografika: Mara-mara diskak.
-
Generoa: Haurrentzako musika.
-
Prezioa: 14,50 euro.
Azkenik, umeek literaturarekin duten lehen kontaktua poesiarekin dela sinetsita dagoela azaldu du Bilbaok eta beretzat poemak «belarriarekin irakurri eta kontatu» behar direla.
Ez da Muguruza eta Bilbaok elkarlanean egindako lehen proiektua. Biek oroitu dutenez «konplize» lehen aldiz 2007an izan ziren, 'Konplize' diskoko Irene kantuarekin. Ordu hartan bezala, idazleak 'Txitxarroa eta atuna' diskoan izatea plazera izan dela adierazi du, «Muguruza kapitainarekin eta halako eskifaiarekin nabigatzera atera izana ohore bat» dela.
Literaturan zen musikan ibilbidea umeentzako lanekin abiatu zuen Muguruzak 'Ja, ja' diskoarekin eta 2005ean Mara-mara diskak sortu. Ordutik beste bost lan kaleratu ditu: 'Nire gorputza', Juan Kruz Igerabideren hainbat poematan oinarritua; 'Harriaren hiztegia', Bernardo Atxagak proiekturako propio idatzitako testuekin; 'Oker (txakurra da)', Iñaki Irazuren hitzekin eta 'Dodoa' Iñigo Astiz poetaren testuekin.