«Itzultzaileek sortzen dute literatura unibertsala»
'Infinitua ihi batean' argitaratu du Pamielak, gaztelaniaz eta beste zenbait hizkuntzatan sekulako arrakasta izaten ari den 'El infinito en un junco' saiakeraren itzulpena, Fernando Reyk egina
nerea azurmendi
Astelehena, 29 azaroa 2021, 16:27
'El infinito en un junco' (Siruela) liburuak egin duen ibilbidea ez da nolanahikoa. 2019ko udazkenean argitaratu zenetik, Irene Vallejoren (Zaragoza, 1979) lanak Espainiako Saiakera Sari Nazionala eta beste hainbat sari jaso ditu. Edizioak pilatu eta pilatu, gaztelaniaz 340.000 ale saldu ditu orain arte, eta salduenen multzoan jarraitzen du; 33 hizkuntzatara itzuli dute, beste zenbait itzulpen daude bidean... «Liburuaren historiari buruzko liburua» den saiakera hau, alegia, nazioartean genero horretako lan oso gutxik erdietsi dituzten marketara ari da iristen.
Euskarara ere iritsi da liburuekin eta antzinako Grezia eta Erromarekin umetan maitemindu zen filologo eta idazle aragoiarraren lana. 'Infinitua ihi batean. Liburuen asmakuntza Antzinaroko munduan' Pamielak argitaratu du, Fernando Rey itzultzaileak euskaratu du eta, neurri handi batean, Irene Vallejoren beraren konpromisoak egin du posible argitalpena.
Idazleak eta itzultzaileak elkarrekin aurkeztu dute liburua astelehen honetan Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean. «Hizkuntzak aldarrikatzen diren toki honetan, liburua etxean dagoela sentitzen dut», adierazi du Vallejok, eta azaldu du itzulpena ahalik eta gehien errazteko izan duen arrazoi nagusietakoa hizkuntzekiko atxikimendu hori izan dela. «Filologo klasiko bezala, antzinako hizkuntzak maite ditut, ezbaian daudenak. Hiztunen maitasunari esker bizirik irauten duten hizkuntzak dira, nahiz eta askotan maitasun hori ez den ongi ulertzen», esan du.
«Itzultzaileak dira hizkuntzen arteko bideen zaintzaileak, irakurle berrietara irekitzeko aukera ematen digutenak»
irene vallejo
Idazlea
«Saiakera berezia da. Erudizioa eta dibulgazioa uztartzen ditu. Dotorea da, eta aldi berean freskotasun handikoa»
fernando rey
Itzultzailea
«Momentu oso apokaliptikoan hasi nintzen liburu hau idazten, askok idatzizko kulturaren eta liburuaren heriotza-agiriari data jarri ziotenean. Defentsa gisa idatzi dut, errelato moduan, abenturazko saiakera bat izango balitz bezala», gogoratu du proiektuaren sorrera aipatzean. Vallejoren ustez, liburua ez da soilik sorkuntza eta jakintza garraiatzen dituen euskarri bat. Aitzitik, badu kontatzea merezi duen historia propioa. Horrenbestez, liburua da liburuko protagonista nagusia, baina aldi berean saiatu da kontatzen «nola demokratizatu duen liburuak garai batean gutxi batzuena zen jakintza», baita hitza bera aldarrikatzen ere; hitz idatzia, batik bat.
Egoera larrienetan ere «bizirik irautea lortu duen» objektu miresgarri horri bere bidea egiten lagundu dioten denetariko protagonistek ere badute tokia liburuan: idazleek, jakina, baina baita ere liburuzainek, eskribek, inprimatzaileek, kopistek, irudigileek, liburu-dendek... «Denboran zehar liburuak sortu eta babestu dituzten milaka gizon-emakumeren abentura kolektibo xarmagarria» da, azken batean, Vallejok idatziz kontatu duen bidaia, seguruenik segida izango duena, editoreari proposatu zizkion hiru ataletatik bik ikusi baitute soilik oraingoz argia.
Itzulpengintzaren garrantzia
Aintzat hartu eta omendu duen kolektibo zabal horretan itzultzaileak ere badaude, noski, zeren eta Irene Vallejoren ustez itzultzaileak baitira «hizkuntzen arteko bideen zaintzaileak, irakurle berrietara irekitzeko aukera ematen digutenak». «Idazleek sortzen dituzte literatura nazionalak, baina itzultzaileek sortzen dute literatura unibertsala», nabarmendu du.
464 orrialdeko liburua euskarara ekartzeaz eskarmentu handiko itzultzaile bat arduratu da, Fernando Rey iruindarra. Hogeita hamar liburutik gora euskaratu ditu, estilo guztietakoak, jatorrizko hizkuntzan arrakasta komertzial handia izan duten zenbait idazlerenak barne, hala nola Antonio Tabucchiren, Elena Ferranteren, Andrea Camilleriren edo Dolores Redondoren eleberriak, besteak beste. Natalia Ginzburg-en 'Familiako lexikoa' (Igela), aurten bertan argitaratua, zuen azkenekoa 'Infinitua ihi batean' iritsi arte
Hilabete asko eskaini behar izan dizkion lan hoekin inoiz baino gehiago disfrutatu omen du. Batetik, liburua bera delako «saiakera berezia, erudizioa eta dibulgazioa» uztartzen dituena, «dotorea eta aldi berean freskotasun handikoa», «mundu klasikotik gurera, iraganetik gaur egunera etengabe saltoka dabilena». «Itzulpena zoragarria egin zait», aitortu du eta, itzultzailearen egiteko nagusia «besteen ahots» bilakatzea izanik, ariketa hori «inoiz baino benetakoagoa» iruditu zaiola ere esan du. Izan dituen «luxuzko laguntzaileek» aberastu dute esperientzia, hala nola Xabier Olarra itzultzaile eta adiskideak eta «beti laguntzeko prest» egon den Irene Vallejok berak.