'Irati' komikia berrargitaratu du Ereinek «unibertsoa zabaltzen jarraitzeko»
Bilduma osatzen duten lehen hiru liburukinak estreinakoz «batera» irakurtzeko aukera du orain irakurleak
Erein argitaletxeak 'Irati' komikia berrargitaratu du, duela gutxi izen bereko filmaren eskutik gaina jo eta errekor guztiak hausten jarraitzen duen «unibertsoa zabaltzen jarraitzeko». Izan ere, Uxue Razquin editoreak nabarmendu bezala, «Eneko eta Irati pantailan ezagutu» ditugu Paul Urkijoren lanarekin, baina Juan Luis Landak eta Joxean Muñozek sortutako mundu mitologiko eta historikoa «paperean dugu duela 30 urte».
Hori bai, asteazken honetan aurkeztutako argitalpena arte lehen hiru liburukinak –'Autzaren esnatzea', 'Boldroen domina' eta 'Iratiren zigorra'– ezin ziren euskaraz irakurri, lehena aspaldian kaleratu baitzen baitzen atalka Ipurbeltz komiki-aldizkarian, baina jada ez dago eskura, eta gainerako biak soilik gaztelaniaz izan ziren plazaratuak. «Filmak horretarako balio izan badu, ongi. Pozik», bota du umorez Urkijok.
Edizio berriak bi ale ekarri ditu. Batetik, aipatutako euskarazkoan, hiru liburukinak aurkituko ditu irakurleak. Horretaz gain, Ikastolen Elkarteak Xabiroi bilduman plazaratu zuen laugarrena, 'Saiak', oraindik eskura dagoenez, ez txertatzea erabaki du Ereinek. Bestetik, gaztelaniazkoan lau liburukinak topatuko ditu irakurleak. Eta bietan ala bietan gehitu dira Juan Luis Landak eta Joxean Muñozek sinatutako hitzaurre bana eta baita azal posibleen irudiak, kolorea eman aurreko plantxa edo pertsonaien marrazkien zirriborroak.
Dena «'Irati' unibertsoak» bere hedapena jarri dezan, gidoilariak irribarre artean esan bezala. Izan ere, aurkezpenean argi utzi duten bezala, «komikietan islatutako guztia ez zen jaso filmean eta filmean erakutsitako guztia ez da aurkituko aurrez argitaratu ziren lau liburukietan». Eta ezberdintasun hori oso aberasgarritza jo dute, euskal kultur lehen aldiz eman baita. «Horrek ikuslearengan jakinmina sortuko du eta guk ere gogoa dugu jakiteko zein izango den zaleen erantzuna».
'Irati'
-
Egilea: Juan Luis Landa eta Joxean Muñoz.
-
Argitaletxea: Erein.
-
Bilduma: Komikiak.
-
Orri kopurua: 160.
-
Prezioa: 33 euro.
Landa zein Muñoz oso eskertuak azaldu dira aurkezpenean, bai Urkijori 'Irati' filma egin izanagatik zein Erein argitaletxeari «duela urte askotatik agortuta» dagoen komikia berrargitaratzeagatik. «Eta euskaraz gainera!», azpimarratu du Muñozek. Bientzat pelikularen zuzendaria izan da «guztiaren detonantea». «Uste genuen jada lehorra zegoela eta bat-batean bizirik jarraitzen duela ikusi dugu, jendeak hartu eta asko gozatzen duela», azaldu du Landak bideo bitartez, ezin izan baitu aurkezpenera bertaratu. 'Irati' unibertsoa sortu zuen paisaietatik mintzatu da. «Hemen sortu zen, mendi hauetan ibilian nenbilela. Hemen topatu nuen inspirazioa eta hemen sortu zen lehen gidoia». 1995ean kaleratu zen 'Autzaren esnatzea' albumaren istorioa VIII. mendean kokatzen da eta ekialdetik etorritako eta elkarren guztiz kontrako bi erlijioren, kristaua eta musulmana, lehia eta horrek eragin zuen baskoien sinesmen primitiboen agonia jasotzen du.
Ostean, bi sortzaileek azaldu bezala, Landaren bigarren semea jaio zen eta bigarren albumak zekarren lan bolumena kontuan izanda Muñoz 'fitxatu zuen'. «Gidoia harengan delegatu nuen, aurrez ezagutzen ginen, eta harekin bestelako dinamismo bat lortu zuen, aberasten joan zen». Eta hala heldu ziren beste hiru albumak, hau da, 'Boldroen domina' (1997), 'Iratiren zigorra' (2003) eta 'Saiak' (2013).
Muñozek nabarmendu bezala aleak «nahiko poliki» egin genituen eta, beraz, hauetan «marrazkiaren eta Juan Luisen munduaren bilakaera» ikus daiteke. Eta bilakaera guztiak, filma bitarte, euren aurreikuspen guztiak gailendu ditu. «Ilusio handiko momentua da, oso pozgarria da pentsatzea Iratik bizirik jarraitzen duela eta gainera badela hazi bat besteek horren inguruan beren gauzak sor ditzaten. Ia sortzeko gogoa eta irakurtzeko gogoa sortzen duen», adierazi du Muñozek.