Ikaselkarrek Kimu bildumako bi album argitaratu ditu
Irakurtzen eta idazten ikasten ari diren 6 urtetik gorako umeei zuzendutako 'Letren jolaslekuan' eta 'Hanka, moko eta buztan. Animaliekin dantzan' aurkeztu ditu
Bertako egileek sortutako album ilustratuen aldeko apustua eginez, Ikaselkar hezkuntza argitaletxeak irakurtzen eta idazten ikasten ari diren 6 urtetik gorako umeei zuzendutako 'Letren jolaslekuan' eta 'Hanka, moko eta buztan. Animaliekin dantzan' aurkeztu ditu goizean Donostian egindako prentsaurrekoan.
Kimu bilduma «osatzen eta aberasten» jarraitzeko asmoa du argitaletxeak eta, bide horretan doaz bi lan hauek. Lehena Yolanda Arrietak idatzi eta Eider Eibarrek ilustratu du; bigarrena Xabier Olasok idatzi eta Sandra Garayoak ilustratu.
Album ilustratuak
-
Letren jolaslekuan Hodeiri letrak kostatu egiten zaizkio; ez dira bere lagunak. Ametsek letren jolaslekura eramango du eta, ipuinetako pertsonaia, antzerki eta txotxongiloen bidez, letrekin adiskidetzen lagunduko dio.
-
Hanka, moko eta buztan. Animaliekin dantzan. Asmazan, asmazak… Zer ote dago liburu honen baitan? Animalia bitxi ugari, hanka, moko eta buztan… Liburuak jolas egiteko gonbidapena luzatzen dio haurrari; aho-korapilo, kanta, igarkizun eta ipuin laburrak biltzen ditu
Lehen irakurleari zuzendutako bilduma izanik, mundua zein gizakia ulertzen eta ezagutzen, eta irudimena eraikitzen eta lantzen bidelagun izan nahi du. Hitzen eta irudien bidez, irakurle gaztetxoenak entretenitu, irakurketan trebatu, hizkuntzan aberastu eta arteaz gozatzen irakastea ere badu helburu.
Aurkeztutako azken biez gain, Kimu sailean Juan Kruz Igerabidek idatzi eta Ainara Azpiazuk ilustratu zuen 'Nire gorputzean bizi naiz', Alaine Agirrek idatzi eta Irrimarrak ilustratutako 'Badauzkat nire zulotxoan…', Garazi Kamiok idatzi eta Julen Ribasek ilustratu zuen 'Galdu dena, azaldu dadila!', Castillo Suarezek idatzi eta Mikel Anterok ilustratutako 'Loinatzen loa' eta Anjel Lertxundik idatzi eta Jokin Mitxelenak ilustratu zuen 'Familia xelebrea' argitaratu dira.
Berritasun modura, azken bietan koska bat gorago egin eta album ilustratu berriak 6 urtetik gorako umeei zuzenduta daude.