Haurrekin dolua eta galera lantzeko bi album ilustratu
Erein argitaletxeak 'Hari ikusezina' (Miriam Tirado) eta 'Yako Kokomoko' (Kris Etxabe) lanak aurkeztu ditu
Heriotza, galera edo dolua. Ez dira nolanahiko hitzak, are gehiago etxeko txikiekin landu behar direnean. Maiz tabu bihurtzen da, mingarria delako edo paternalismo puntu batekin haurrak babestu nahi direlako. «Kontzeptu oso potoloak direlako». Ildo horretan, laguntzeko erreminta modura kaleratu ditu Erein argitaletxeak 'Hari ikusezina' (Miriam Tirado) eta 'Yako Kokomoko' (Kris Etxabe) album ilustratuak.
Uxue Razquin editoreak nabarmendu duen bezala «familietan eta ikastetxeetan album ilustratua garrantzia hartzen ari da azken urteotan» eta astearte honetan aurkeztutako 'Hari ikusezina' eta 'Yako Kokomoko' ekarpenak dira bide horretara. Lehena, katalanez idatzia eta Aintzane Atelak euskaratua, garaipentzat jo du Erein argitaletxeko Uxue Razquin editoreak. «Hizkuntzaren muga gainditzea oso berezia da eta kasu honetan, gainera, seme-alabekin zenbait gai jorratzeko oso ondo dator».
Tirado oso pozik azaldu da 'Hari ikusezina' euskaraz argitaratu delako. «Niretzat nire ama hizkuntzan, katalanez, nire alabei ipuinak kontatzea oso garrantzitsua da». Lanak kontatzen duen gaiaz, duela urte mordoa bururatu zitzaiola azaldu du, zehazki hamar. «Nire alabak hiru urte zituela ikastolan faltan botatzen baninduen zer gertatuko zela galdetzean ipuina asmatu nuen eta editoreak loturari buruzko lana egiteko eskatu zidanean oso argi izan nuen ikus ezin zen haria izango zela muina».
Hari ikusezina
-
Izenburua: Hari ikusezina.
-
Egilea: Miriam Tirado.
-
Ilustratzailea: Marta Moreno.
-
Itzultzailea: Aintzane Atela Gurrutxaga (katalanetik).
-
Orri kopurua: 56.
-
Prezioa: 24,95 euro.
-
Adin gomendatua: 0-10 urte.
Alabaren burutazio horiek abiapuntu, jasotako erantzun eta izan duen oihartzunarekin oso eskertua azaldu da. «Zenbait gurasok idatzi didate esanez istorio honi esker egoera zailetan, heriotza edo doluan esaterako, euren seme-alabak hobe sentitu direla eta aurrera hobe egon dutela. Hori niretzat oso berezia izan da».
Hain liburu pertsonalari irudiak jarri eta transmititu nahi den oro irudietan islatzea ez da erraza. Hala ere, Marta Moreno ilustratzaileak ez du zalantzarik izan proiektu osoan. «Erronka handia izan da, eta maiz galdetu diot nire buruari nola irudikatu hari ikusezin hori, baina testua oparia izan da niretzat.
'Yako Kokomoko', Mikel eta aitonaren loroa
Galera eta heriotza ere oso presente daude 'Yako Kokomoko' lanean, nahiz eta berau jorratzeko modua ezberdina izan. Razquinek nabarmendu bezala, «Mikel protagonistaren ikuspegitik ikusiko dugu zer diren heriotza edo dolua bezalako hitz potoloak». Aitonak loro bat opari egin dio, Yako izenekoa, bera ez dagoenerako eta honekin elkarrizketa luzeak dituenez sarritan aldatu behar zaizkio pilak. Hor topatuko du irakurleak liburuaren ia muina den metafora: pilak eta pilulak.
Toy Story filmaren influentzia nabari da eta Kris Etxabe egileak berak ere onartu du inspirazio iturria. «Umeek beti izan dute harreman berezi bat animaliekin, eta kasu honetan Yako loroak jostailu eta animalia izaera hori du». Horretaz gain, lanaren ekarpen nagusi bezala «heriotza haurren ikuspuntutik jorratzea» dela azaldu du. Zergatik loroa? «Loroak bereziak dira gizakion hizkuntza hitz egiten duten bakarra delako, hori liluragarria da haurrentzako».
Yako Kokomoko
-
Izenburua: Yako Kokomoko.
-
Egilea: Kris Etxabe.
-
Ilustratzailea: Paul Caballero.
-
Orri kopurua: 40.
-
Prezioa: 16 euro.
-
Adin gomendatua: 0-8 urte.
Laneko lehen orrialdeetan aitona ospitalera doala dakigu Mikel triste eta kezkatua dagoelako. Hori da beste berezitasun bat Paul Caballero ilustratzailearentzat. «Oso zehatz eta argi azaltzen da aitona hiltzen dela, baina ez da soilik gerokoa ikusten. Prozesu guztia azaltzen da: aurrerapena, ulerpena eta heriotzaren ostekoa». Horri esker Etxaberen ustetan «orokorrean tabua» den gaia, heriotza, lantzeko tresna ona da. «Haurrek jaiotzetik galdetzen dute eta tamalez azken bolada honetan pandemiagatik nagusioi txikiekin hitz egitea egokitu zaigu. Dolua egiten lagun dezakeela uste dut».
Ados azaldu da Caballero. Pila eta pilulen arteko metafora islatzea «oso erraza eta polita» suertatu zaio, baita dena Mikelen begietatik aurkeztea. «Gaia gogorra da eta horrek Mikelen sentimenduen ikertzaile bihurtzen gaitu». Lanerako lehen pausu bezala, «testutik aldentzen» saiatu da «istorio bat baino gehiago» kontatzeko eta testuan kontatzen dena ez errepikatzeko. «Album ilustratuaren arima da hori, irudiekin harago joan eta istorioa osatzea». Hitz eta kontzeptu «potoloen» kasua denez, oso lagungarriak dira irudiak Mikel protagonistak «igarotzen duen prozesua» hobe ulertzeko, Razquinen ustetan. «Etapak daude eta beti ez dira azaltzen».