'Gezurra berdaderoa', konfinamendu garaian «burua sano mantentzeko txertoa»
Bertol Arrieta idazleak Elkar argitaletxearekin kaleratu du bere lehen nobela, umorez jositako liburu «adarjotzailea»
Bizimodua errotik eta kolpez aldatzen zaion 44 urteko gizonezko bat du protagonista Bertol Arrietak idatzitako 'Gezurra berdaderoa' (Elkar) liburuak, egilearen adin berdina. Eta lehen pertsonan idatzia badago ere ez da autobiografikoa. «Lagun bati gertatutako eszena txiki bat du abiapuntu eta pertsonaiei nire edo inguruko lagun eta ezagunen zenbait kontu egotzi dizkiet izaera eta osagarriak osatzeko, baina %100 fikzioa da».
Bat-batean, egun batetik bestera, bikotekideak harremanarekin amaitu eta pisutik joan behar du protagonistak. «Zerotik hasi beharra dauka». Pizzak banatu eta pisua elkarbanatzea gutxi balitz, koronabirusa dela-eta itxialdia egokitzen zaio. Bigarren kolpea hilabete gutxian. «Hala ere, bere arazo nagusiak afektiboak dira», aurreratu du egileak.
Helduentzako azken liburua 2012an idatzi nuen Arrietak eta aurrekoa 2004an. «Nire buruari halako erronka jarri nion, bi joko olinpikoetatik behin liburu bat ateratzekoa», kontatu du umorez aurkezpenean. Tokiokoa 2020an izan balitz ez zukeen apustua beteko, baina «koronabirusaren eraginez lortu ahal izan dut».
Aurrekoak ez bezala, 'Gezurra berdaderoa' nobela da. Hori bai, ez da bilatutako aldaketa izan. Arrietaren esanetan prozesua «modu naturalean eman da». «Hasi nintzenean ez nuen nobela buruan, ipuin luzea izan zitekeela uste nuen. Baina liburuak berak eta pertsonaiaren garapenak eskatu dit luzera hau».
Konfinamenduan umoretik idatzia
Tonua bai izan da bilatua. Xabier Mendiguren editorearen hitzetan liburuak «badu halako asmo adar-jotzailea. Umoretsua da, zirikatzailea eta dibertigarria». Mendigurenek pandemian idatzia izan dela azpimarratu du eta horren «arrastoak» nabari direla. «Bizitzan sortu dizkigun arazoez gain protagonistaren bizitzan arazo areagotuak sortuko ditu, aurreratu du editoreak».
Orduko «egoera petralari» buelta emateko baliatu zuen Arrietak. «Eta lortu nuen, burua sano mantentzeko txertoa izan zen».