«Garrantzitsua da gauzak aldatu dituzten emakumeen lana aitortzea»
'Petare. Miren Egigurenen puskak' liburuan, Venezuelan 46 urte emandako kooperante bidaniarraren bizipenak jaso ditu Keire Ibargurenek
nerea azurmendi
Larunbata, 8 urria 2022, 17:22
Petare Caracasko metropoli-barrutiko herri bat da, hala moduz egindako etxetxoak pilatzen diren auzoak eta premia larriei aurre egin behar dieten ehunka mila biztanle dituena. 'Venezuelako auzo arriskutsuena' etiketa jarri zioten, eta kostatuko zaio fama hori astintzea, nahiz eta Petaren elkartasunaren indar eraldatzaileari esker gauza eder eta harrigarri asko gertatzen diren.
1947an Bidaniako Arretxe baserrian sortutako Miren Egiguren kooperantea, gaztetan Hego Amerikara misiolari sekular gisa joandakoa, onerako aldaketa askoren eragile eta zati izan da Petaren ia bost hamarkadaz, auzoko biztanleekin batera betiere. «Txikitik eta hurbiletik» aritu da beti, haren bizipenak eta ikuspegia 'Petare. Miren Egigurenen puskak' liburuan jaso dituen Leire Ibargurenen arabera.
Bizitza ezohikoak
Leire Ibarguren DBHko irakasle eta Bilgune Feministako eta Emagin elkarteko kide da, eta bigarren liburua du Miren Egigureni eskainitako hau. 2016ko 'Laura esaten zioten. Miren Odriozolaren borrokak' arrakastatsua bezala (lau aldiz berrinprimatu da, eta gaztelaniaz ere argitaratu da), Txapalartak argitaratu du, Orreaga sailean.
Argitaletxea, baina, ez da bi liburuak lotzen dituen hari bakarra. «Biak dira biografiak, gaur egun bizirik dauden bi emakumerenak. Gizarte hobe bat eraikitzearen alde ekarpena egin duten bi emakume dira, ohikoak diren bizi ereduetatik kanpo beste bizitza mota bat eduki dutenak», dio idazleak. Hain zuzen ere, «garrantzitsua da gauzak aldatu dituzten emakumeen lana aintzat hartzea, aitortzea eta eskertzea». Ahal dela, «bizirik dauden bitartean».
Egilearen ustez, alegia, «gure iruditeria zabaltzeko inportantea da emakumeek izan ditzaketen bestelako biografia hauek ere ezagutzera ematea. Gure ondoan bizi diren emakume askok egin dituzte ekarpen garrantzitsuak, eta oso gutxi dakigu haien bizitzen inguruan».
«Gure iruditeria zabaltzeko inportantea da emakumeek izan ditzaketen bestelako biografia hauek ere ezagutzera ematea»
Aurreneko liburuan, 80ko hamarkadan beste hainbat internazionalista bezala El Salvadorreko gerran gerrillaren ondoan izan zen Miren Odriozola herrikidearen –azpeitiarrak dira biak– oroitzapen eta gogoetak berreskuratu zituen. Laura esaten zioten Miren Odriozolak erakutsi eta ireki zion Egigurenenganako bidea.
Odriozolarekin batera egin zizkion hamar bisitetan jasotako oroitzapen eta bizipenak –denetarikoak daude, garratz eta latzak ere bai– bildu ditu liburuan. «Miren Odriozola eta biok elkarrekin joaten ginen Urrakitik barrena Tolosara. Hasiera batean ez nekien zer topatuko nuen, baina Mirentxuk kontatu dizkigun istorioekin hunkitu egin gara, harritu egin gara, eta barre ere egin dugu, umore eta indar handiko emakumea baita. Hango gauzak kontatzean pizten joaten zen, emozionatzen, berriz Venezuelara joateko modu bat zelako».
Zaintza lanetan
Bisitaz bisita, puskaz puska, umetako eta gaztetako kontuetatik hasita, ezohiko bizitza bat –bete-betea, besteei emana–, aletzen doa duela bost urte, hainbat arrazoi tarteko, Tolosara itzuli zen Miren Egiguren, Mirentxu. Kontalari aparta da, eta bitartekaria ere ez da makala, liburuak segituan harrapatzen baitu irakurlea. Idazleak nabarmendu duen moduan, Miren Egigurenen bizipenen bitartez «herrialde osoaren garai historiko» desberdinen berri izateko ere lagungarria da 'Petare'.
Egia esan behar bada, Miren Egiguren ez da erabat ezezaguna. 2004an Euskal Kooperantea Saria jaso zuen Ibarretxe lehendakariaren eskutik. Sari hura, heltzen zitzaion dena bezala, Petareko proiektuetara bideratu zuen. Gaur egun, ekainean 75 beteta, lan egiten jarraitzen du bizimodua atera ahal izateko.
Zaintza lanetan dihardu: «Hori da Mirenek beti egin duena, beti saiatu baita inguruko jendearentzat oinarrizko behar material eta emozionalak bermatzen». Bere kasuan, eremu zabala hartzen du egiteko horrek: okindegiak sortzetik eta ur hornidura ezartzetik bertako emakumeekin lan egitera edo zailtasunak zituzten haurrek irakurtzen ikasteko metodo bat asmatzera; 2011n Jon Garañok dokumental batean jaso zuen 'El método Julio', alegia.
Beti, hori bai, «komunitatean eta komunitatearekin lanean, auzoan, pertsonak aintzat hartuta... Erakutsiz auzo horretan, tiro eta istilu artean, nola sortzen den komunitate bat». Eta erakutsiz, halaber, mendebaldetik beste herrialde batzuetara joaten garenean «badagoela egoteko eta gauzak egiteko beste modu bat». Kateak, oraingoz, bi maila ditu, baina Leire Ibargurenek argi dauka badagoela zeini buruz idatzi. «Uste dut ahaleginduko garela Emagin eta Txalapartaren artean horrelako biografia gehiago atzeratzen», aurreratu du.