Gabriel Aresti lehiaketako ipuin sarituak jada irakurgai dira
Erein argitaletxeak liburu banatan bildu ditu euskarazkoak eta gaztelaniazkoak, 2021ean eta 2022an lehen saria zein akzesitak jaso zutenak
Familia harremanak oinarri dituen Saioa Alkaizaren 'Zilbor-hestea' eta esaten denaren eta esaten ez denaren arteko oreka lantzen dituen Karmele Mitxelenaren 'Begi urdinak' ipuinak dira Gabriel Aresti lehiaketako azken bi sarituak eta, orain, Erein argitaletxeak liburu batean bildu ditu 2021eko eta 2022ko akzesitekin batera, Nerea Arrutiren 'Lope de Aguirre, traidorea' eta eta Juan Mari Atutxaren 'Mandragorak eta azeri-buztanak' batetik; eta Aritz Mutiozabalen 'Harria' eta Maite Arrutiren 'Zer kontatzen ari zara?', bestetik.
Donostiako agerraldian izan dira Juan Mari Atutxa eta Maite Arruti Uxue Razquin editorearekin batera. Alkaiza bideoz mintzatu da, gaztelaniazko lehiaketa irabazi zuen Inmaculada Miralles eta akzesita jaso zuten Juan José Montiel eta Alejandro Hernán bezala. Hiru hauen lanak dira 'En los huesos', 'El costado blanco de mi amor' eta 'Cachorros', hurrenez hurren. Gaztelaniazko seikotea osatzen dute Belén Sevillanoren 'Vuelo nupcial', Raúl Héctorren 'La inundación en los bajos' eta Juan Francisco Criadoren 'Pelo rojo' ipuinek.
Alkaizak zehaztu duenez «aitatasun ausente, amatasun abnegatua eta erabaki gabeko gurasotasuna» dira mintzagai nagusiak. Ipuineko protagonistaren bikoteak ama izan nahi duela erabaki du eta horrek protagonistarengan hainbat korapilo irekiko ditu amatasunaren instituzioaren aurkako transfeminista delako. «Horrek ageriko gatazka sortuko dio», azaldu du Alkaizak. Estilo aldetik «arintasuna» nabarmendu du hau zentzurik baikorrenean ulertuta, hau da, «umorez eta ironiaz». Irakurleari 'Zilbor-hestea' hala irakurtzeko gonbita egin dio.
Bestetik, Atutxa eta Arrutik ipuinetan «dakitenari buruz» idatzi dutela azaldu dute, «esperimenturik egin gabe».Biek argi utzi dute idaztea afizioa dutela ofizioa baino gehiago eta oso eskertuak azaldu dira Gabriel Aresti bezalako ipuin lehiaketei «idazteko grina» bultzatzeko eta hauspotzeko aukera paregabea baitira, batez ere hasiberrientzat.
Era honetara, Bilboko Udalak antolatzen duen Gabriel Aresti ipuin lehiaketaren 2021 eta 2022 urteetako edizioetan nagusitu edo nabarmendu ziren ipuinak argitaratu ditu Erein argitaletxeak hizkuntzaren arabera banatuta. Hau da, euskarazko ipuinen ale bat eta gaztelaniazko ipuinen beste bat aurkeztu dira astearte honetan. Bi liburukinen amaieran irakurleak Ereinek 'Ohorezko taula' deitu duena aurkituko du, hau da, ipuin lehiaketa lehen aldiz 1980an antolatu zenetik euskaraz zein gaztelaniaz saria eta akzesita lanek jaso zutenen eta edizio hartako epaimahaia osatzen zutenen zerrenda.