Familiek, patuak eta sekretuek markatutako «unibertso ilun eta mamitsua»
Núria Bendichok 2020an kaleratutako 'Terres mortes' «gogor» eta tarteka «idorra» euskaratu du Josean Elosegik Alberdaniarentzat
Ahots agian ezezaguna da Núria Bendicho (Bartzelona, 1995) idazlearena euskal literatur sisteman, baina badira urte batzuk Katalunia aldean oihartzuna lortu zuena lehen literatur lanarekin, pertsonaien psikologia «sakon aztertzen» duen narrazio «gogorra» idatzi zuelako. Orain, Josean Elosegi itzultzaileak euskaratu du Alberdaniarentzat. Gertakari ikaragarri horiekin tarteka «idorra, agorra, itogarria, okaztagarria» suertatu badaiteke ere, argi utzi dute ez duela «inor epel» utziko. «Irakurlea alde edo kontra jarriko du, zeresana ekarriko du».
Joan, Capdevila familiako kidea, hiru urtez kanpoan egon ondoren etxera itzuli eta berehala heriotzaren aurrean aurkitzen da. Bizkarrean tiro eginda aurkitzen dute eta itxura guztien arabera familiako kide bat izan da. Hori da abiapuntua, baina gertakariak eta ondorengoak «ahots konstelazio moduan» jasoko ditu irakurleak, 13 atal baitira eta bakoitzean pertsonaia bat da narratzaile. Hori bai, Oier Etxebeste, Alberdania argitaletxeko kideak nabarmendu bezala «ez da istorio kriminal soila, familiek, patuak eta sekretuek markatutako unibertso ilun eta mamitsua» erakusten duelako. Gainera, polifoniarekin «pertsonaia bakoitzak bere bildur eta doilorkeria transmititzen» duela aurreratu du. 'La Vanguardia' egunkariak 2021ean katalanez idatzitako eleberri onena kontsideratu zuen eta bat azaldu dira agerraldian, eleberri honekin -oraingoz kaleratu duen literatur lan bakarra, bigarrenarekin ari bada ere- «literatura katalanari berrikuntza nabarmena» ekarri diola iritzita. «Eleberriak tentsioa mantentzen du hasieratik bukaerara, ez du erritmorik galtzen momentu bakar batean ere, mundu itxi, antzinako, etorkizun argirik gabeko bat osatzea lortzen du, baina baita liberazio posible bati atea irekitzea ere, guztia gainbehera datorrela dirudienean», azaldu du Etxebestek.
'Lur mortua'
-
Estiloa: Eleberria.
-
Egilea: Núria Bendicho.
-
Itzultzailea: Joxan Elosegi.
-
Argitaletxea: Alberdania.
-
Orrialdeak: 212.
-
Prezioa: 19 euro.
Ahots aniztasun hori ez da arazo nagusia izan Elosegik azaldu duenez. «Kontuan» hartu behar izan zuen, baina hizkuntza modua aldatzen ez denez -nahiko kolokiala, egunerokoa-, bideragarria izan da. Lan gehiago eman dio estiloak, «luze» hitz egiten dutenetakoa baita eta, beraz, «ahapaldi luzeak» aurkituko ditu irakurleak. «Bere burua definitzeko momentuan oso bizia dela dio oso sakona delako, gogoeta oso gustuko duelako. Gauzen muinera jo nahi duela, eta estiloan nabari da», gehitu du itzultzaileak.
Hein batean, izan duen formakuntzaren erakusle ere bada, Bendichok Hizkuntza Klasikoak ikasi eta ostean Filosofia jorratu baitzuen. Estiloaz gain, formakuntza hori «liburuan ere nabari» da, baita egileak William Faulknerrekiko duen joera, haren irakurle amorratua eta mireslea baita. «Pertsonaien psikologia sakon aztertzen du narrazio gogor baina ederrean», azaldu du Etxebestek. Elosegik «espiritu eta emozio» hori euskaraz «bizirik» mantendu duela azpimarratu du. Bestelako erreferentzia literarioak ere ageri dira, euskal irakurlearentzat ezezagunagoak, baina Katalunia aldean sona handikoak, XIX. mende hasieran Víctor Català ezizenpean argitaratu zuen Caterina Albert esaterako.
Haren bidez agertzen da «nobelaren erruralismoa». Istorioa ez da bereziki inon gertatzen, landa- edo baserri-giroan, eta garaia ere ez dago oso zehaztua. «Pertsonaiek zer bizi duten da garrantzitsua, herri txiki batean guztiz aparte. Egoera bat bizi dute eta haren berri emango dute», kontatu du Elosegik.
Eleberri proiektuak jada Llibres Anagrama epaimahaiaren atentzioa eman zuen, 2021eko edizioan nagusitu ez bazen ere argitaratzea gomendatu baitzuen «balio literarioa nabarmengarria» zuela aipatuta. Hala heldu zen 'Terres mortes', orain itzuli duena Elosegik. Hitzartzean xehatu duenez, izenburua 'Lur hilak' bezala ere itzul zitekeen, baina iritzi du egileak «zuzen-zuzenean» ez duela adiera edo esanahi hori buruan, «antzutasuna, lur usteldua edo zenbat kasutan onik batere ez dakarren lurra, gaiztakeria besterik ez dakarrena» baizik. Horregatik, eta basamortu hitzak duen oihartzuna baliatuta hautatu du mortua.
Elosegik bereziki frantses eta katalanetik euskaratu du literatura, 2021ean Irene Solàren 'Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak' liburuarekin egin bezala. Itzulpengintzako Euskadi Saria lortu zuen harekin. «Bere lana oso garrantzitsua da, hizkuntzen arteko soinua, tonua eta estiloa transmititzeko», goratu du Etxeberriak.