Borrar
Las diez noticias clave de la jornada
Kepa Altonaga, liburua aurkeztu aurretik. Iñigo Arizmendi
Kepa Altonaga | 'Patrizioak eta plebeioak'

Euskararen prosari buruzko saiakera kritikoa eleberri beltza bailitzan idatzia

Kepa Altonagak Axular eta belaunaldikideen garaitik XX. menderako bilakaera aztertu du 'Patrizioak eta plebeioak' (Pamiela) lanean eta, hortik abiatuz, proposamen eta ondorioak mahaigaineratu

Jon Agirre

Donostia

Miércoles, 25 de junio 2025, 15:09

Euskarazko «prosazko tradizio sendo bat osatu beharra» eta honi buruzko ardura ez dira berriak gurean ezta Kepa Altonaga (Loiu, 1958) idazlearen jardunean. Besteak beste 1970etik 1988ra euskaltzainburu izan zen Luis Villasantek 'Euskararen auziz' (1989) liburu «gogoangarrian» jorratu zuen eta Altonagak 'Back to Lezarraga' (2015) edo 'Duvoisin kapitainaren malura' (2018) saiakeretan ere heldu zion. «Nahiko landua izan den gaia da, betiere kezkatik, hartu beharreko erabakietatik edo egoeraren txarretik», iritzi du Lander Majuelo Pamielako editoreak. Orain, beste ale bat plazaratu du Altonagak: 'Patrizioak eta plebeioak' (Pamiela).

Saiakera planteatu eta egituratzeko «gure prosaren emergentzia-prozesuaren sei unetara» hurbildu da, bakoitzean une bat aztertuz «argiago izatera aldera» eta «'gaiztoak'» azpimarratuz, umorez laburtu duenez. Jarraian dira «munta handiko zenbait ondorio». «Ezinbestekoa dugu kontua mahai-gaineratu eta explizituki ezagutaraztea, bizi dugun desorientazio-egoera nergargarria zuzendu-edo ahal izateko», mintzatu da kritiko. Majuelok goraipatu du «luze eta zabal» jorratu duela gaia, «alde batetik historiatzen, gure prosaren inguruan hartu diren erabakiak eta egon diren prosa ereduak aztertuz eta kritika eta proposamen bat eginez euskarak duen prosa ereduaz».

Edukiaz gain, estiloa ere goraipatu du Majuelok. «Badirudi eleberri beltza dela, udarako aproposa. Eskertzekoa da saiogiletza dibulgazio sozialera ekarri izana, benetan gustura irakurtzen den ariketa ez akademikoa. Nahiz eta norbaitek akademikoki begiratu nahiko balu erabat fundamentatua den eta iturri guztiak markatuak diren».

Ilustratuek, ekarpen «nulua»

Lehen atalean Peñaflorida kondearen ingururaino hurreratu da eta haren 'Borracho burlado' (1764) opera komikoa aztertu du Blanca Urgellen idazlan batean topo egin zuen «oin-ohar epifaniko» batek bultzatuta. Agerraldian nabarmendu du gaztelania darabilela batik bat eta euskara kantu batzuetan soilik azaltzen dela. Zer esan nahi duen horrek? Batetik, defendatu du, «Peñafloridaren ekarpena eta beste horrenbeste euskal ilustratuena nulua» izan zela; bestetik, garaiko estratu sozialeko euskaldunek elkarren artean gaztelania hutsez aritzen zirela «nobleziari zegokiokeen goi-mailako estrakolektorik» ez zutelako erabili, hau da, kantuetako euskara herri xehearena dela.

Jarraian aztertzen du Axularrek eta gure klasikoek bizi izan zuten kontraesana. Asmoz «prosa europar homologagarriaren uberan» bideratu baitzuten euskararen tradizio idatzia; emaitzaz, aldiz, ia ez zen euskarazko libururik idatzi «diglosiaren eraginez», lehenik euskara-latina izan zena eta ostean euskara-latina-frantsesa. Hau da, Axular -eta gainerakoak-«mundu euskaldun erabatekoan» bizi baziren ere, kaleratutako lanak «behe-mailako euskaldunentzat» izan ziren.

'Patrizioak eta plebeioak'

'Patrizioak eta plebeioak'
  • Egilea: Kepa Altonaga.

  • Argitaletxea: Pamiela.

  • Orrialdeak: 208.

  • Prezioa: 22 euro.

«Debakle» hori sakontzen du hirugarrenean, Basarteko Unibertsitatea ardatz duena. Lehenik 'Peru Abarka' «elebiduna» dela oroitu du, are gehiago, euskarak «zeregin guztiz subsidiarioa» betetzen duela eta «ilustratuentzako idazlan didaktikoa» besterik ez dela. Talde berean kokatu du Bizenta Mogelen 'Ipui Onak', ez baitaude «herri xehearen premietara» zuzenduta. «Zer idatzi zen, norentzat eta zein ikuspegitik aztertu behar da», eskatu du.

Azken hiruak, egileak iradoki du, 'The oña connection' deiturikoan batu daitezke «zuzen edo zeharka Oñako monasterioarekin zerikusia dutelako». Han jesuitek garatutako euskara izan du mintzagai, baita autore greko-latindar klasikoak itzultzeko egin zuten hautua. Lehen protagonista Jose Ignazio Arana, ordurako «pentsaezina» zen apustua egin zuena: diario pertsonalak euskaraz idaztea. Jose Migel Barandiaranekin alderatu du, 1917-1946 tartekoak gaztelaniaz jaso zituela kontatuz.

Ez dira bildu dituen izen bakarrak, bosgarren atalean «euskal Pizkundearen behi sakratuak» direlako: Orixe, Lauaxeta, Jokin Zaitegi, Andima Ibinagabeitia... «Bada haien hizkera ulertezina denaren adostasun bat». Adibide bezala jarri du Piarres Lafittek esandakoa, euskaldun batentzat ulerterrazagoa zela -eta dela- Sofokles jatorrizko grezieraz Jokin Zaitegiren euskaraz baino. «Ez da praktikablea», amaitu du.

Ixteko kapitulua egungo ikuspegitik landua dago eta Plzido Muxika jesuitaren hiztegiak abiatzen du. Eduki aldetik hitz ezezagunak dira irakurle estandarrarentzat -magnetismo erremanentem purismo erremanente...-, baina egileak era dibulgatiboan azaltzen ditu. Bietatik «ihes» egitea eskatzen du Altonagak, «puristegiak» direlakoan.

Hala, proposatu du lehenik konturatu behar dugula puristak garela; horri buruz hausnartu eta inola ere zabarrak izan gabe, denon artean, «nazioarteko prosa komunetik hurbil» egongo den eredua eraiki. Ahal dela, gainera, «arreta berezia eskainirik erlatibo anaforikoen bazterketa eta esklusiboari».

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Euskararen prosari buruzko saiakera kritikoa eleberri beltza bailitzan idatzia

Euskararen prosari buruzko saiakera kritikoa eleberri beltza bailitzan idatzia