'Euskal Herriko 50 objektu ikonikoren istorioak' bildu ditu Hemendik elkarteak
«Objektuen hautaketa honen bidez, Euskal Herri bizi-bizi bat erakusten du liburuak», adierazi dute proiektua sustatu dutenek
Asteazkena, 4 azaroa 2020, 12:33
Hemendik elkarteak, 'Hemendik - Euskal Herriko 50 objektu ikonikoren istorioak' liburua plazaratu berri du. «Atzoko eta gaurko industriako eta artisautzako objektuen hautaketa honen bidez, Euskal Herri bizi-bizi bat erakusten du liburuak», azaldu dute ohar baten bidez. Diseinu, komunikazio eta memoria immaterialeko profesional talde batek gauzatu du proiektu hau.
Hainbat ikuspegi izan daitezke herrialde bat ulertzeko: historia, paisaiak, biztanleak, kultura, hizkuntzak, esperientziak... Liburu honetan, «objektuen bidez, Euskal Herriko aniztasuna jorratu nahi izan da. Industriako eta eskulangintzako ekoizpena ez da behar bezainbat kontuan hartzen, eta bere balio kulturala gutxietsia da. Objektu baten historiak testuinguru anitz gurutzatzeko aukera ematen du, izan geografikoa, historikoa, politikoa edo soziala». Hortaz, 50 produkturen selekzio honen bidez, »hainbat erakundetan banatuta dagoen eta memoria kolektibo eskasa duen herrialde baten alderdi franko« azaltzen dira.
«Betidanik -nabarmendu dute-, objektu bat diseinatzeko, egin, berregin, begiratu, berritu, hobetu, egokitu, asmatu, arriskatu egin behar izan da. Sormen-prozesuaren bide luze hori da hemen bereziki interesatzen zaiguna. Objektu baten historian zenbat eta gehiago sakondu, orduan eta gehiago konturatzen gara lotura ikusezinak daudela sorkuntzen artean, eta oso historia luze baten parte direla. Hari horietatik abiatzen dira ekimen berriak». Izan ere, «bizikleta elektrikorik ez hodi metalikorik gabe, hodi metalikorik ez eskopeta kanoirik gabe, eskopetarik ez arma zuririk gabe, armarik ez forjarik gabe, forjarik ez errekarik eta meategirik gabe. Iragana ezagutu behar da etorkizuna asmatzeko. Etortzekoa dena sumatzeko, ezagutu egin behar da».
Liburua hiru bertsiotan eskuragarri da: Euskara/Gaztelera, Euskara/Frantsesa, Euskara/Ingelesa. Elkartearen web gunean salgai da, baita ere Elkar sareko liburu dendetan.