Borrar
Ander Izagirre, astelehen honetan salgai jarriko den liburuarekin.

Euskal Herria itsastarrean barrena bidaiatu du Ander Izagirrek

Kazetari, idazle eta bidaiariaren 'Vuelta al país de Elkano', iragana eta oraina lotzen dituena, asteazkenean aurkeztuko da Donostian

m. imaz

Astelehena, 26 iraila 2022, 11:58

Comenta

Bidaia asko egin eta kontatu ditu Ander Izagirre kazetari, idazle eta bidaiari donostiarrak. Idatzizko azken bidaia Euskal Herria itsastarraren iraganean eta orainean barrena egin du. Libros del K.O argitaletxeak plazaratu duen duen 'Vuelta al país de Elkano' astelehen honetan jarri da salgai, baina aurkezpena asteazkenean egingo da, irailaren 28an, 19:00etan izango da, Ernest Lluch kultur etxean. Ander Izagirrek berak aurkeztuko du liburua, Maddalen Marzolekin batera.

Liburuak Elkano Fundazioaren Euskal Herri Barneko mundubira proiektuan du abiapuntua, eta bidai kronika eta kontakizun historikoa tartekatzen ditu. 2021eko irailean, alegia, Josu Iztueta, Ane Miren Miralles, Naila Jornet, Garbiñe Mendizabal, Ander Izagirre eta Elkano Fundazioko zuzendari Ion Irurzun bizikletaz abiatu ziren Getariatik, bederatzi egunez 750 kilometro egin eta Euskal Herriko hainbat herri lotzeko. Herri zehatz batzuk aukeratu zituzten duela 500 urte munduari emandako lehen birarekin nolabaiteko lotura izan zutelako, «bai eta garai hartako beste esplorazio-bidaia batzuekin ere, eta guztiek dutelako itsasoarekin lotutako ondarea». Urriaren 4an Tolosako Topicen 19:00etan egingo den aurkezpenean Euskal Herri barneko mundubirako taldeko kide izandako Josu Iztueta tolosar bidaiaria izango du lagun Izagirrek.

Liburuan Euskal Herriaren bira «geografiko, historiko eta mentala» egin du Izagirrek. Bertan «duela mende askotako pertsonaiak aurkituko ditu irakurleak (munduari lehen bira eman zioten itsasgizonak, kapitain baleazaleak, esklabo afrikarrak, euskal esklabistak, txokolatea ekarri zuten juduak), bai eta gaur egungo pertsonak ere», hala nola Mertxe Urteaga arkeologoa, Moussa Thior arrantzalea, Xabier Agote itsasgizona, Romeo eta Moussa Sylla migratzaileak, Itxaro Borda idazlea, Andoni Luis Aduriz sukaldaria, José Ángel Iribar atezaina, Isabel Castillo sardina-saltzailea, Xabier Alberdi historialaria eta @Artikoan nabigatzaile ozeanografoa.

Euskal Herriaren iraganera egindako bidaiaren ondoren, hauxe dio idazleak: «irudi batean sinplifikatu behar badira, euskaldunak ez ziren izan, egia esan, nekazari bakartuen herri bat, nabigatzaile promiskuoen herria baizik». Sari ugari jasotakoa den Izagirrek liburuaren 400 orrialdeetan, bidaien kronika, abenturen narrazioa, azalpen historikoa eta saiakera nahaztu ditu «munduari emandako lehen biran parte hartu zuen gizarte haren eta egungoaren arteko kontrasteak eta antzekotasunak erakusteko».

Maiz urrutiko errealitate eta istorioei erreparatu dien idazlea etxetik gertu aritu da oraingoan. «Neure herrian murgiltzea izan da, bidaia zirraragarria, harrigarria eta dibertigarria. Duela bostehun urteko euskal gizartearen oihartzunak entzun ditut; gizarte hura uste duguna baino askoz konplexuagoa, irekiagoa eta nahasiagoa zen, eta bazituen bere kezkak eta bilaketak, bere argiak eta odolak. Eta gizarte haren oihartzun horiek egungo ahotsekin nahasi ditut, gaur egungo bidaiarien istorioekin: esploratzaile zientifikoen istorioekin, nabigatzaileen, poeten eta migratzaileen istorioekin, eta begiratzen, bilatzen, esploratzen, kulturak nahasten, gatazkak gainditzen eta mundura irteten jarraitzen duen jendearen istorioekin».

Elkano Fundaziotik, Ion Irurzun zuzendariak azpimarratu du liburu hau gehitu behar zaiela «Fundazioak bultzatu dituen beste hainbat izenbururi, bai eta antzerki, musika, haur-ipuin eta bestelako kultur ekimenei ere. Horien bidez, munduari emandako lehen biraren historia ez ezik, gure herriaren garai oso baten berri ere zabaldu nahi izan dugu, itsasoa funtsezko elementua eta nortasun-ezaugarria zuen garai haren berri, eta, horrez gain, hartatik guztitik zer geratzen ote zaigun hausnartzera ere bultzatu nahi izan dugu».

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Euskal Herria itsastarrean barrena bidaiatu du Ander Izagirrek

Euskal Herria itsastarrean barrena bidaiatu du Ander Izagirrek