'Etxe Berdea'-n gertatu zen tragedia argitzea, irakurleen esku
Andoni Agirrezabala alegiarraren aurreneko nobela «desberdin eta originala» argitaratu du Ereinek
n. a.
Astelehena, 7 azaroa 2022, 12:26
'Etxe Berdea' izenburua duen lehen nobela ekarri berri du EHUn Biologia ikasketak burutu ondoren irakasle izateko prestatzen ari den Andoni Agirrezabala Izagirre alegiar gazteak. Agirrezabalaren lan prozesua oso hurbiletik jarraitu duen Ereineko editore Uxue Razquinen hitzetan, proposamen «desberdin eta originala» da nobela beltzetik, misteriozkotik eta esperimentutik duen 'Etxe Berdea'. Azaleko begi handi eta aztoragarri samarrak iradokitzen duen moduan, mundu honetakoak ez diren elementuek ere badute presentzia istorioan.
Aurkezpenean idazleak berak zehaztu zuenez, 'found footage' delako teknika erabili du aurreneko eleberri honetan. Sasidokumental eta beldurrezko film dezentek baliatu duten teknika irakurlearen edo ikuslearen esku material ustez gordina uztean datza, hura joan dadin hari-muturrak lotzen eta irudia osatzen.
Liburu honetan, 2005eko urriaren 29an Etxe Berdean gertatutako tragediaren ingurukoak aurkituko ditu: herriko aguazilak egindako ikerketa estraofizialari dagozkion materialak, karpeta batean gordeak.
Hain zuzen ere, ez zen konforme gelditu Poliziak egindako lanarekin, eta bere kasa hasi zen iker tzen. Irakurlea da hark bildutako guztiaren hartzailea, eta erabaki beharko du zer egin horrekin guztiarekin. Besteak beste, hainbat lekukoren aitortza eta azalpenak irakurri ahal izango ditu oso-osorik. Profil oso desberdineko pertsonaiak kokatu ditu Agirrezabalak ondo ezagu tzen dituen paisaiak oinarri hartuta sortu duen geografian: iraganeko mamuen beldur den emakumea, hilerriko langile bitxia, gazteak, haur abenturazaleak...
Aguazilak udaletxeko kaxoian utzi zuen karpetaren edukiaz jabeturik, irakurleak ebatzi beharko du ea zuzen ibili zen Etxe Berdean gertatutakoa argitzean. Edo baliteke txostena ondo aztertu ondoren irakurlea bera iristea aguazila baino ondorio zuzenagoetara.