Errealitateak, berriro ere, motz uzten duen «karikatura groteskoa»
Arauak betearazi nahi dituen jubilatu aleman agortezina du protagonista Karlos Linazasororen 'Düsseldorfeko txibatoa' eleberriak, umore beltz eta absurodtik asko duen lana
Kaletik oinez doala auto baten atzeko gurpila espaloian ikusi eta asaldatzen den Karl-ek irekitzen eta gorpuzten du Karlos Linazasorok ostiral honetan aurkeztutako 'Düsseldorfeko txibatoa' (Erein) liburua. Alemaniarra jaiotzez, gaixotasun bat du eta jubilatu ostean Espainiako hegoaldera mugitu da medikuak hezetasun gutxiagoko klima egokiago bat gomendatuta. Agerraldian azaldu duenez, benetako pertsona batean oinarritu du pertsonaia. Hark sei urtean 30.000 isun jarri zituen herrian kaosa sortuz. «Ezin izan zituzten guztiak kudeatu, jarri izan banuen 30.000 isun jarri zituela irakurleak ez zuen sinetsiko». Azaldu duenez, errealitateak fikzioa superatzen duela erakusteko ariketa izan da.
Hartarako erabili ditu umore beltza, nahiz eta maiz absurdotik ere baduen, ironia eta, batez ere «karikatura groteskoa». Batetik, alemaniarrak oso antolatuak direla eta Espainia hegoaldekoa aldiz lasaiegia edo utziegia, talka horren bitartez irakurleari barrea sortzeko, baina aldi berean Karl «gizon obsesibo eta neurotikoa» denaren sentsazioa utziz. «Batek ez daki barre egin ala ospitalera deitu», bota dute.
'Düsseldorfeko txibatoa'
-
Egilea: Karlos Linazasoro.
-
Argitaletxea: Erein. Narratiba, 160.
-
Orrialdeak: 104.
-
Prezioa: 18,50 euro.
Inazio Mujika Ereingo kideak «Sherlock Holmes eta Mr. Bean arteko pertsonaia» bezala definitu du Karl, «agian pixka bat kutreagoa edo kaxkarragoa». «Tipo oso serioa eta bere burua oso seriotzat dauka, bere bizitzako helburua legea zaintzea da», gehitu du. Horrek, noski, zenbait arazo ekarriko dizkio, dela herrikideen presioa zein alkatearena. «Baina salbatzaile lanean jarraituko du», aurreratu dute.
Satira ez da protagonistara mugatzen eleberri osoa halakoa baita, «esperimentuaren eta parodiaren arteko nahasketa». Irakurleak Karlen ahotik, lehen pertsonan, jasoko ditu haren «kexa eta obsesioak», nolabait guztiok barnean 24 orduz lanean dugun kontzientzia simulatuz. Diskurtso hori, gainera, «azkarra eta obsesiboa» da, «kexaz betea eta errepikakorra». Denok inguruan dugun norbait oroituko omen digu. Era horretara biderkatzen da aipatutako ispiluaren aurrean jarriko gaituenaren sentsazioa. Liburua irekitzen duena bezalako egoera arruntenak ditu mintzagai: uraren zapore txarra, manifestazio bat... «Apokalipsi txikiak» harentzat, Mujikak esan bezala. Linazasorok gehitu duenez «bere buru kartesianoak ezin du eraman ikusten duen utzikeria».
Mujikak esan bezala 1991n 'Eldarnioak' ipuin-bildumarekin literaturan hasi zenetik «genero guztiak» ukitu ditu «ibilbide luze bezain sendoa» eginez. 'Düsseldorfeko txibatoa' idazterakoan edo pentsatzerakoan Linazasorok ohiko prozedura jarraitu du: «Nire burua lasai uzteko idazten dut. Generoak txandakatzea gustatzen zait, zerikusi handia du nire egoera psikologikoarekin. Nire buruak gorabehera handiak dituenez honelakoak halako astakeriak gustura idazten ditut neronek ere barre egiten dudalako. Batzuetan hau ateratzen zait, besteetan poesia». Zerrendan ditu ere haur eta gazteen sailean hainbat ale, antzerkia zein ipuinak.