Erakusmahaietan azken xehetasunak atontzeko eguna izan zen atzokoa. FELIX MORQUECHO

Eleberria eskaintza nagusia izango da egunotan Azokako erakusmahaietan

Izen berezi askok azken lana aurkeztuko dute, zenbaitek lan bat baino gehiago plazaratu dute eta bada paper bikoitza jokatuko duenik ere

Jon Agirre

Donostia

Miércoles, 6 de diciembre 2023, 01:00

Urtero bezala, gaur hasiko den Durangoko Azokan eleberriak gehiengo izango dira aurkeztuko diren 689 liburuetan. Uzta oparoan izen berezi askok lan berria eskainiko dute, ez dira gutxi izango lan bat baino gehiago jarriko dituztenak eta Azokan bestelako produktuak aurkeztu ostean lehen aldiz liburuarekin izango direnak ere aurkituko ditugu, baita paper bikoitza jokatuko dutenak: editore-idazle edo abeslari-idazle.

Publicidad

Lan 'berri' bat baino gehiagorekin datoz Bernardo Atxaga, Patxi Zubizarreta edo Uxue Alberdi sortzaileak. Asteasuarrak 'Paradisuaren kanpoko aldeak' saiakeraz gain 'Bi anai' (Erein) eleberriaren edizio berritua plazaratu du, hainbat ukiturekin eta amaiera berriarekin. Zubizarretak gizartearen diagnostiko gordina egin du 'Loak ezkutatzen duena' (Elkar) eleberrian eta Federiko Krutwigen obra eztabaidagarri bezain polemikoa izan du mintzagai 'Sakonean, itsasoa ikusten da' saiakeran. Azkenik, Alberdik «bizitzaren eta heriotzaren urek bat egiten duten 'Surflaria' komikia (Ikastolen Elkartea) eta itxialdian distrakzio modura jaio zen 'Belarriko kilkerra' (Elkar) izango ditu, 32 lagunen audioei ipuin forma emanda ondu duena.

Bestetik, maitasunari buruzko hausnarketa egin du Karmele Jaiok 'Maitasun kapitala' (Elkar) eleberrian. Galderetatik idatzita sortu du eta irakurleari introspekzio lana egiteko gonbita da, erantzunik edo epairik gabekoa. Miren Agur Meabek gazteei bideratutako 'Itzulerak' (Elkar) baliatu du Martija de Jauregi omentzeko, XVIII. mendean bizitza osoa osasungintzari eskaini ziona eta jazarpen izugarria pairatu zuena.

Horretaz gain, paper bikoitzean ikusiko du euskaltzaleak Xabier Mendiguren idazle eta editorea 'Oso latza' liburuarekin, 1981eko otsailean Joxe Arregiren atxilotze, tortura eta erailketa ostean eta «paraleloki» emandako gertakarietan oinarrituta idatzi duena; baita Lide Hernando Liher taldeko abeslaria ere, hainbat disko aurkeztu eta Ahotsenean kontzertuak eskaini ostean estreinako liburuarekin, 'Izotz Ura' (Susa), musika abiapuntu eta adiskidetasuna ardatz duen lana.

Berrargitalpenak osatzeko, Ereinek nobela beltzaren abiapuntu izan zen Jose Antonio Loidi 'Hamabost egun Urgainen' plazaratu du. Haren haritik datoz bi lan, Susak Jon Alonsoren 'Carvalho Euskadin' izango du, egilearen trilogiari itxiera emango diona Vázquen Montalbáni detektibea mailegatuta eta Ereinek Jon Arretxek sortutako Toure detektibearen azkena eramango du, 'Musker amarruak', laster telebistan ere gozatu ahalko dena.

Publicidad

Itzulpenetan uzta ere oparoa izan da, Igela buru izanda:Karl Marxen 'Luis Bonaparteren Brumairearen hemezortzia' edo Yukio Mishimaren 'Maskara baten aitortza', esaterako. Ez da bakarra izan, Alberdaniak Irene Solàren hirugarren edo Breda Smolnikaren 'Han goian urkiak hostoberritzen direnean' ekarri baitu euskarara; Balea Zuriak 'Moby Dick' edo 'Meditazioak' eta Ereinek Dolores Redondoren 'Uholdearen zain' eta Marlen Haushoferren 'Horma'.

UEU, EHU, Euskaltzaindia...

Argitaletxe nagusiez gain, Euskaltzaindiak Lizardiren poesiaren antologia berria argitaratu du, poema guztiak eta berriki berreskuratu 'Habiatxo' eta 'Goiz-ibiltze' biltzen dituena. EHUk 40 lan eskainiko ditu eta Jon Martin-Etxebesteren 'Xabier Lete. Bertsorik sakonena', 'Egungo euskal albuma' eta 'InpAkta, inpaktu sozialerako ikerlanen akta' aldizkaria aurkeztuko ditu.

Publicidad

UEUk, aldiz, 50. urteurrena jasotzen duen Koldo Garciaren lana, euskal nortasuna ardatz duen Onintza Etxebesteren 'Meta-nortasunak', teknologia digitalak hezkuntzan duen eragina lantzen duen Amaia Arroyoren 'Teknopedagogia praktikoa' edota erlezaintzako Martxel Aizpuruaren 'Erletxo, erletxo, nagusia hil da'.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad