Eleberri grafiko edo komikiaren sorkuntza sustatuko du 2025eko Joseba Jaka bekak
Proposamenak abenduaren 31 arte bidali ahalko dira eta 2026ko apirilean emango da ezagutzera bekaren irabazlearen izena
Sormen lanak sustatu eta laguntzeko Joseba Jaka bekaren 2025eko deialdira eleberri grafikoa edo komikia egiteko proiektuak aurkez litezke, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak. Proposamenak abenduaren 31ra arte bidali ahalko dira.
Ostean, jasotako hautagaitza guztiak Paula Estevez Del Diego, Adur Larrea Eguren eta Iratxe Retolaza Gutierrez eta Elkar Argitaletxeko editore batek (botorik gabe, idazkari lanetan) osatutako epaimahaiak aztertuko ditu eta 2026ko apirilean emango da ezagutzera bekaren irabazlearen izena. Oinarrietan zehaztua dagoen bezala aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezake epaimahaiak.
Beka 10.000 eurokoa izango da –legez egin beharreko atxikipenak barne-, erdia irabazle izendatu ondoren, eta beste erdia, idazlan amaitua entregatu eta epaimahaikoek onespena emandakoan. Lana garatzeko gehienez urtebeteko epea izango du irabazleak eta onespena jaso ostean zortzi hilabeteko epean kaleratu beharko da.
Proposamenetan aurkeztu behar den dokumentazioaren artean sormen lanaren azalpena dago, 2-5 orri bitartekoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola, argumentua edo pertsonaien deskribapena; ilustrazio lanaren oinarri izango den gidoiaren 5-8 orrialde bitarteko lagina; egin beharreko ilustrazioen lagin bat, gutxienez 4-6 orrialdekoa, behintzat 4 «erabat amaituta» daudelarik; eta egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiriaren kopia eskaneatua
Elkar fundazioak 1996an sortu zuen Joseba Jaka beka fundatzaileetako baten omenez eta 2016tik aurrera bizialdi berri bat izan du sormena sustatzeko beka izaera hartuta. Ordutik bi urtetik behin egiten den deialdi bakoitzean zehaztu da zein kultur adierazpide lagunduko zen, besteak beste literatura, antzerkia edo musika proiektuak. Azken deialdian Josu Goikoetxea (Gernika-Lumo, 1974) kazetari, poeta eta bertso gai-jartzailearen 'Hiltzaileak eta beste ipuin batzuk' proiektua hautatu zen.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.