Borrar
Antton Arrieta, aste honetgan Donostia, argitaratu berri duen liburua eskuetan duela. michelena

«Egongo dira Gipuzkoan aurkitu gabeko hamar-hamabost gaztelu»

Gipuzkoako gazteluen berri eman du Antton Arrietak 'Euskal Herriko gazteluak'-en baitan. 20 erroldatu ditu, 2006an baino zortzi gehiago

nerea azurmendi

Larunbata, 6 otsaila 2021, 19:18

Comenta

Bakanen batzuk izan ezik, zutik eta tente zeudenean eraikin sendoenetakoak ziren gazteluak ezabatu egin ditu denborak, batez ere Gipuzkoan, non bizpahiruk baino ez duten gordetzen garai bateko handitasuna.

Ondarearen inguruko kezka bizia duen Antton Arrietak –lau urtez Gordailua Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroko zuzendaria izan zen, gaur egun erretiroa hartuta dago– ia hiru hamarkada daramatza arkitektura militarra aztertzen eta, 'Euskal Herriko gazteluak' proiektuaren bitartez, gaztelu ikusezinak ikusgarri egiten. Araba eta Nafarroakoak zerrendatu ostean, Gipuzkoako gazteluei eskaini die bildumako hirugarren alea, argitaratu berria. Bidean dira Iparraldeari eta Nafarroa Garaiari dagozkienak.

Lehendik ere erreparatu izan die Arrietak Gipuzkoako gazteluei, 2006an argitaratu baitzuen aurreneko errolda; zerrenda laburra, azkeneko honekin alderatuta. «2006an hamabi gaztelurekin osatu genuen zerrenda. Oraingoan hogeira igo gara, eta uste dugu beste hamar-hamabost aurkitzeko aukera handiak daudela». Pluralean hitz egiten du Arrietak, bere gain hartu duen lana burutzeko hainbaten laguntza duelako, baina proiektu guztiz pertsonala da Euskal Herriko gazteluak iluntasunetik ateratzeko ahalegina.

Zortzi gaztelu gehiago

2021eko erroldan, hortaz, orain dela hamabost urtekoan baino zortzi gaztelu gehiago daude, eta horietatik sei Antton Arrietak berak aurkitu ditu Andoainen, Aretxabaletan, Arrasaten, Elgoibarren, Zerainen eta Oñatin. Hamazazpi urte eman ditu azken horren aztarnen bila...

«Gaztelu bati galdetu behar zaio era zertarako eraiki zuten; erantzun zuzena lortzen baduzu, den-dena ulertuko duzu»

«Gainerako lurraldeetan ez bezala, Gipuzkoan lotura oso estua dago gazteluen kokapenaren eta abelbideen artean»

Izan ere, aurreneko lan haren helburuetako bat, errolda osatzeaz gain «gazteluak antzemateko metodologia bat garatzea» zen. Aurkikuntza berrien arabera, ondo funtzionatu duela esan liteke, aurkitu dituen gazteluak, nolabait esateko, garai bateko gazteluen mamuak baitira.

«Kasuren batzuetan aztarna argiak aurkitzen ditugu, baina beste batzuetan ezta hori ere. Izan daitezke haitz landuak, gainean harresiak eraiki zituztela erakusten dutenak, edo habeak jartzeko erabilitako zuloak», dio.

Gaztelutzat zer jo daitekeen ere zalantzazkoa da: «Hori da lanaren asmoetako bat, bereiztea gazteluak gotorlekuetatik, ez baitira gauza bera», ezta garai berekoak ere. Gaiaren inguruko azalpen oso zehatzak eskaintzen ditu Antton Arrietak –artilleriaren bilakaeraren ondorioei lotuak, besteak beste–, baina funtsean esan liteke «malgutasunez» jokatu duela eta bere lana mugatu duela Erdi Aroko gazteluetara.

Gipuzkoan ez da oso luzea aztertu duen aroa: «Orain aurkitzen ari garen gazteluak noiz eraiki ziren ez dago jakiterik, Gipuzkoako gazteluei buruzko aipamenak oso berantiarrak baitira, XII. mendekoak. Nafarroan, esaterako, bazeuden IX. menderako. Aipuak noiz desagertzen diren kontuan izan, seguruenik XIV. menderako desagertuta zeuden, edo utzi egin zioten erabiltzeari. Hainbat jauregi bihurtu ziren eta, tamalez, asko eraitsiak izan ziren, erabiltzen ez ziren gazteluak ez baitziren mantentzen».

Gaztelak Gipuzkoa 1.200 urtean bereganatu izanak ere ez zuen lagundu bertakoari eusten. Gehixeago iraun zuten mende eta erdiz Nafarroari lotuta jarraitu zuten Ausa Gazteluko eta Ataungo gazteluek, baina horiek ere lausotu zituzten mendeek, eta esan liteke gaur egun zeharo eraldatuta dauden Donostiakoa eta Hondarribikoa, eta Oiartzungo Beloaga, direla Erdi Aroan Gipuzkoak izan zituen gaztelu ugarien aztarna sendoenak.

Abelbideei lotuak

Antton Arrietari eskarmentuak laguntzen dio, jakina, gainerakook harri-pilaketa soila ikusten dugun tokian gaztelu posible baten aztarnak antzematen. Bilaketa, ordea, garatzen joan den metodologiaren arabera burutzen du, toponimia zein liburuetako eta agirietako aipuak lagun dituela.

Hartara, leku-izenen batean 'gaztelu' agertzen bada, bistakoa da harremana; latinezko 'turris'-ekin (dorre) lotura zuzena daukan -tur ere pista ona izan ohi da, beste zenbaitekin batera.

«Gero, toponimoak eta aipuak uztartuz, mendietan eta bazterretan bilatu behar da», ea agertzen diren esperotako aztarnak. Ez da beti horrela gertatzen, baina maiz bete-betean asmatzen da, eta badirudi gaztelu dezente gelditzen dela oraindik azaleratzeko. «Egongo dira Gipuzkoan aurkitu gabeko hamar-hamabost bat gaztelu», berretsi du, pilatzen joan den zantzuetan oinarrituta.

Hori da, hain zuzen, aurreneko helburua: gazteluak zerrendatu eta mapan kokatu. Gero etorriko litzateke lanik konplexuena; gaztelu horiek nork, zergatik hor eta zertarako egin zituen argitzea. Arrietaren ustez, «gaztelu bati egin diezaiokegun galderarik garrantzitsuena da ea zertarako eraiki zuten. Horri ondo erantzuten badiogu, ulertuko dugu zergatik dagoen toki horretan, zergatik duen daukan tamaina, zergatik abandonatu zuten...». Tamalez, ohikoagoa omen da galdera berriekin topo egitea erantzunak lortzea baino.

Hori dela eta, «Gipuzkoaren kasuan batik bat, hipotesiak dira nagusi. Hala ere, mapa osatu ahala joan gara ikusten gaztelu asko abelbideen ondoan daudela. Seguruenik, gehiago aurkituko ditugu gaur egun hutsune handiak dauden erdialdean eta kostaldean. Abelbideen eta gazteluen arteko lotura hori, gainera, Gipuzkoan bakarrik ikusi dugu». Argitzeke dago, baina, nork eta zein helburu zehatzekin eraiki zituen gaztekuak abelbideen ondoan...

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Egongo dira Gipuzkoan aurkitu gabeko hamar-hamabost gaztelu»

«Egongo dira Gipuzkoan aurkitu gabeko hamar-hamabost gaztelu»