'Dortokaren ametsa'-k aurrera darrai Senegaldik Oiartzunera, motel baina sendo
Alberto Celdránek 2008an Senegalera egindako bidaian ezagutu zuen ahozko istorioa, liburuan jaso eta orain Patxi Zubizarretak euskara duena 1545 argitaletxearentzat
Modu informalean, ahozkotasunak mendez mende bide egin duen bezala, sortu zen 'Dortokaren ametsa' proiektua. Senegal du jaioterri, kooperazio bidaia batean ezagutu zuen Alberto Celdránek, nahiz eta bertara beste helburu batzuekin joan zen, eta ahoz aho heldu zitzaien 1545 argitaletxea gidatzen duten Salaberria anaiei Oiartzunera. «Oinez jarraitzen duen proiektua da», azaldu duen agerraldian Celdránek eta azken pausoa Patxi Zubizarretak egindako euskaratzearekin eman du.
'Dortokaren ametsa' ipuinak Senegalgo ahozko tradizioan du sorrera. Munduaren jatorria azaldu nahi du eta Afrikako lur koloretsuaren eta biziaren magia dario. «Behin batez, dortoka batek zuhaitz miresgarri batekin egin zuen amets: era guztietako fruituak zituen eta lurreko animalia guztiak asetzeko gai zen. Baina hura aurkitu ahal izateko, animaliek amona Kokoren etxolaraino bidaiatu behar izan zuten, hark bakarrik baitzekien zuhaitza nola aurkitu. Batzuetan, gure ametsak betetzeko, besteei aurre egin, geure mugak gainditu, eta aurrera begira ibili behar izaten dugu: beti aurrera begira», dio sinopsiak.
'Dortokaren ametsa'
-
Egilea: Alberto Celdrán.
-
Itzultzailea: Patxi Zubizarreta.
-
Argitaletxea: 1545.
-
Estiloa: album ilustratua.
-
Orrialdeak: 36.
-
Prezioa: 18 euro.
2008an egindako lehen bidaian ezagutu zuen Celdránek, sukalde batean «tipula pikatu» artean. Hilabeteetara itzuli zenean emakume hari audioa grabatzeko baimena eskatu zion. Eta Espainiara itzultzean ekin zion ipuin-liburu zein elkartasun proiektuari. «Istorioaren tamaina sentituta ezin nuen besterik egin. Bizitzaren metafora bat da, fabula bat, denoi esan digute uneren batean ezin dugula zerbait egin txiki, handi, emakume... garelako». Horren aurrean, dortokaren ametsa du abiapuntu.
Xabi Salaberriak agerraldian azaldu zuenez «Proiektu berezia da guretzat, liburu bat baino gehiago delako. Gure argitaletxearen oinarriekin oso bat dator, pentsamenduarekin lotua dagoelako eta munduaren sorreraz hitz egiten duen ahozko tradiziozko ipuin bat jasotzen du». Istorioa ezagutu eta bi helburuak, euskaratzea eta eskaria Patxi Zubizarretari egitea, eskutik etorri ziren «ipuin klasikoen egitura duelako, baina hitzekin oso jolastia delako». Idazle ordiziarrak ez zuen zalantzarik egin. «Proposamena opari bat izan zen eta proiektua oasi batean sartzea. Afrikazalea naiz, gure burua orientatzen laguntzen digula uste dudalako. Oso ederra izan da».
Elkartasun proiektua
Salaberria anaiek proiektua ezagutu zutenean telazko dortokak parte ziren jada. Agerraldien hiruek alboan izan duten eta oraindik ere lor daitezke. Celdránek azaldu zuenez Senegal hegoaldera egindako bidaia batean okurritu zitzaien ideia, aniztasun funtzionala duten emakumeek landutako materialekin lanean ari ziren proiektu bat ezagutzean. «Emakumeek josi zezaketen telazko dortoka-marioneta egitea okurritu zitzaigun. Ofizioa aurrera eramaten duten eta modu duinean lan egin dezatela bermatzen dugu».
Guztira 50 dortoka ekarri ditu 1545 argitaletxeak liburutegi eta ikastetxeetan zabaltzeko asmoz. «Baina mugituko balira prest daude gehiago josi eta bidaltzeko».