
Secciones
Servicios
Destacamos
Rol jokoetan lagunekin egindako partidetan hasi zen Eneko Azedo istorioak sortzen. Aldiz horiek amaitzean «inon gordeta» geratzen eta irakurle porrokatua izanik, abentura, errealitatea eta fantasia uztartzen dituen 'Iraileko zazpi egun' (Elkar) eleberria idatzi du. «Istorio bitxia» dela egileak berak esan du agerraldian. Abiapuntu Haizea Jauregibeitiaren desagerpena da, Bizkaiko kostan kokatutako Aizkorrieta herrian bizi dena. Egun batzuetara bere egunerokoa aurkituta Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen, baina bertan jasotzen zirenak «sinesgarriak ez zirela» ulertuta, itxi egin zen kasua.
Tramaren azalpenean ikusten dira eleberriak dituen bi aurpegiak. Errealitatea du oinarri, kontatzen direnetako asko egia dira, baina beti dute ukitu bat posible ez direlako trazoa ematen diotenak eta fantasiara atea irekitzen dutenak. Aizkorrieta bera fikziozko herria da, baina Getxo eta Sopela artean den Azkorri hondartzatik hartu du izena. Gerra Zibilean haren birramona eta birraitonak etxe bat zuten herrian eta urte luzez itxia egon ostean protagonistak jabetza berreskuratuko du. «Hasieratik gauza bitxiak ikusten hasten da: gauez argiak, herrian hainbat pertsona eta arazo ezagutzen ditu, ireki nahi duten kirol portu berria... Gero eta gauza bitxiagoak gertatzen zaizkion dinamikan sartzen da», aurreratu du Azedok.
Egilea: Eneko Azedo.
Argitaletxea: Elkar.
Orrialdeak: 156.
Prezioa: 16,5 euro.
Irakurleak horien berri Haizearen egunerokoaren bitartez jasoko du. Haren azken zazpi egunez gain -horregatik izenburua- haren birraitonak eta birramonak Gerra Zibilean bizitakoak ere irakurriko dira lehenak bigarrenari idatzitako gutunen bidez. «Gertatzen zaizkion gauzak ia 100 urte lehenago birraitonari gertatutakoekin antzekotasunak dituela ikusiko du». Garai hartakoak ondo kontatzeko dokumentazio sakona egin duela azaldu du Azedok eta haren familiako hainbat xehetasun ere erabili dituela: birraitona eta birramonaren izenak haren aitona-amonarenak dira; gerra garaikoetan aitonak bizitakoa islatu du, Puntagaleako kanoi baterian izan baitzen gudari; etab. Horiei esker kontatu ahal izan ditu «fantasiazkoak diruditen benetako gertakariak», esaterako Bilboko portutik lapurtu zen urpekaria edo itsasoan eman zen gerra, Matxitxatxokoa tarteko.
Guztia lehen pertsonan kontatzeko hautua egin du Azedok «irakurlea Haizearen lekuan jartzea» eragiten duela iritzita eta, beraz, abentura biziko duela. Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak «nobela entretenigarria» dela azaldu du, «modu errealistan» hasten bada ere poliki-poliki fantasiarantz doala istorioa eta, horrekin batera, «ilundu» egiten dela. Ildo horretan, azalak jada ematen ditu pista batzuk kriseiluarekin -«etxean ez du argindarrik»- edota itsasoan diren argi berdeekin. «Hori da gauza arraroetako bat amaieran argitzen dena», aurreratu dute spoiler gehiago egin gabe.
Ez da jakingo duen kontu edo gertakari bakarra izango. Egunerokoa bera izanik, idatzi ahala Haizeak berak ere etorriko dena zer den ez dakiela azpimarratu du Azedok eleberriko berezitasun bezala. «Bere begietatik ikusten duena bakarrik daki, irakurleak ere. Informazioa falta zaio eta ikertzen doan heinean dakigu gehiago». Bukaeran, aurreratu duenez, zer gertatu zitzaion jakingo du irakurleak.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.