Borrar
'Cosimoren katiuskak', haurrentzako album handi eta dotorea

'Cosimoren katiuskak', haurrentzako album handi eta dotorea

Etxepare saria irabazi zuen Dani Martirena eta Ana Ibañezen albumak, eta Pamiela etxeak argitaratu du

Jueves, 1 de enero 1970

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Xede oso zehatz bat du Nafarroako hainbat udal eta mankomunitatek elkarlanean, Pamiela argitaletxearen eta Nafarroako Gobernuaren laguntzaz, antolatzen duten Etxepare sariak: haurrendako albumak sortzea; hau da, «testua eta irudia elkarren osagarri dituzten lanak» eskaintzea irakurle gazteenei.

Artisten lanari gehitzen bazaio edizio oso zaindua, liburu eder askoak ekartzen ditu urtero ekimenak, eta aurtengoa ez salbuespena izan. 2018ko lan sariduna ekainaren 14an iragarri zen Cordovillako El Centro kulturagunean. Orduan jakin zen proiektu saritua zela 'Cosimoren katiuskak' albuma, Ana Ibañez ilustratzaileak eta Dani Martirena idazleak aurkeztua. 19 lanen artean izan zen aukeratua.

Berriki argitaratu du Pamiela etxeak, liburu eder eta koloretsu bilakatuta. Tamaina Handia sailean kaleratu dute sei urtetik aurrerako neska-mutikoentzat egokia den tapa gogorreko eta 32 orriko liburua, 14 euroko prezioa duena.

Liburuak bi protagonista ditu: Cosimo eta parke txiki bat. Honakoa esan zuen epaimahaiak albumaz: «Cosimok zuhaitz batean eraiki du etxola, eta hortik inguruari erreparatzen dio. Egileek Italo Calvinoren 'Il barone rampante' liburu ezagunaren erreferentzia erabili eta gaurkotu dute, Cosimo haurrari baliabide berriak eman dizkiote eta, gizartean kokatuz, edertasunaren aldarrikapena zabaldu dute«.

Leire Bilbao, Leire Salaberria eta Asun Agiriano aritu ziren epaimahaikide lanetan, eta honakoak ere azpimarratu zituzten lan irabazleari buruz: «Gogoetarako kontakizuna ere bada gaur saritzen ari garen obra hau, testuak poesia du, umorea eta jolasa: hitzekin jolasten du idazleak, irudiekin marrazkilariak. Biek album ilustratu baten ezaugarri nagusiak bikain erakusten dute, hau da, irakurlea adi egotearena eta heldu baten konpainia ezinbestekoa izatearena, xehetasun guztiak harrapatzea nahi baditugu».

Izan ere, 'Cosimoren katiuskak' «liburu indartsua da bai testuan baita ilustrazioan ere, aberatsak dira bi lengoaiak. Teknikoki ausarta, guztiak du zeresana, eta horregatik eskaintzen du irakurketa ugari; arriskatzen duen obra bat da, euskal idazle eta ilustratzaileen maila ondo baino hobeto erakusten duena».

Egileei dagokienez, Iruñeko Udalak, Etxepare saria programan barne, antolatzen duen Biko-Teka topaketetan parte hartutakoak dira biak: batak idazle moduan (Dani Martirena) eta besteak ilustratzaile lanetan (Ana Ibañez).

Ana Ibañez Elosua, Iruñan jaioa, Arte Ederretan lizentziatua da, eskultura alorrean. Halaber, grabatu eta estanpazio teknikak ikasi zituen Iruñeko Arte Eskolan. Hainbat taldekako erakusketetan parte hartu du, hala nola norbanakoetan. Sariak eta bekak ere jaso izan ditu. Kasurako, eskulturako 2. saria eta pinturako 3. saria Iruñeko Gazte Sarien XIV. deialdian.

Auto-ekoizpenaren bidetik, Dani Martirenarekin batera, 'Hankaz gora du amak mundua' (Liburu Iletsuak, 2015) eta 'Jonek Jone izan nahi' (Liburu Iletsuak, 2017) du liburuetarako ilustrazioak egin ditu.

Dani Martirena Indart, Legasan jaioa, kazetaria da ogibidez, eta azken urteotan Euskal Irrati Telebistako albistegietan erredaktore bezala lan egiten du. Literaturari dagokionez, han eta hemengo lehiaketetan saritu izan dituzte bere idazlanak. Iruñeko Udalak egile berrientzat antolatzen duen literatura lehiaketan ere nabarmendu dituzte bere lanak, eta Nafarroan euskaraz idazten duten egileekin Pamiela argitaletxeak 39 idazle nafar izenburupeko argitalpenean ere parte hartu du. Haurrentzako literaturari begira, arestian aipatutako bi lanak argitaratu ditu, auto-ekoizpenaren bidetik, Ana Ibañezekin batera.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios