'Gaueko eztabaidak', egunerokoan txertatutako auzi filosofikoak
Argudioak erabilita eztabaidatzearen eta elkarri entzutearen garrantzia nabarmendu du Agustin Arrieta Urtizbereak Ereinek argitaratu duen saiakeran
nerea azurmendi
Larunbata, 2 apirila 2022, 12:32
Espainiako gobernuak dekretu bidez Filosofia derrigorrezko hezkuntzatik ezabatu zuen eguneko biharamunean aurkeztu zuen Agustin Arrieta Urtizberea idazle eta UPV/EHUko Filosofia saileko irakasleak 'Gaueko eztabaidak' liburua.
Fikziozkoak (bi) eta filosofiaren ingurukoak (6) batuta, zortzigarren liburua du Ereinek argitaratu dion hau. Egileak argitaletxeko editore Inazio Mujika Iraola eta ikasle izandako Irati Zubia Landa Filosofian doktoregaia izan zituen lagun liburuaren nondik norakoak azaltzeko orduan.
Editoreak nabarmendu zuenez, liburuak jasotzen dituen lau gazteren arteko 'gaueko eztabaida' horietan lantzen diren gaiak «filosofikoak dira, baina filosofia ez da gugandik oso urruti dagoen gauza bat, eta hurbilekoak diren gaiak modu nahiko gertukoan eztabaidatzen dituzte, filosofiarengandik oso urrun dagoen pertsona batek ulertzeko moduan».
Edukiaren inguruko azalpenak Irati Zubiari utzita, liburuaren «kanpoaldeko ezaugarriei» erreparatu zien egileak: «Bereizgarririk aipagarriena elkarrizketa formatuko testua da. Hitz-hartzeak txandakatzen dira modu orekatu samar batean», filosofiak hastapenetatik bere-berea duen elkarrizketaren tradizioari jarraiki.
Izan ere, detektatuta zeuzkan klasean «ondo funtzionatzen zuten eta eztabaida pizten zuten zenbait gai», eta egunez kongresu batean parte hartzen duten eta gauean han entzundakoaz eta esandakoaz solasteko elkartzen ziren lau gazteren arteko elkarrizketak iruditu zitzaizkion gai horiei buruz jarduteko modurik egokiena. Modurik klasikoenetakoa, Inazio Mujikak gogoratu bezala.
Hiru gauetako eztabaidak bildu ditu liburuan. Aurrenekoan zientziaz, erlijioaz eta egiaz ariko dira; arteaz, generoaz, maitasunaz eta balioez bigarrenean eta azkenekoan, besteak beste, zoriontasunaz.
Liburua
-
Izenburua. 'Gaueko eztabaidak.'
-
Egilea. Agustin Arrieta Urtizberea.
-
Generoa. Saiakera.
-
Argitaletxea. Erein.
-
Orrialdeak. 168.
-
Salneurria. 16 euro.
Berriketaz haragoko elkarrizketak dira, alegia: «Elkarrizketa argumentatiboak dira, eta badago argudioaren eta kontra-argudioaren aldarrikapen inplizitua». Ez da hori elkarrizketak ezohiko bilakatzen dituen ezaugarri bakarra: «Oso elkarrizketa enpatikoak dira, pertsonaiek entzuten dakitelako. Batzuetan badaude tentsioak, baina saiatzen dira elkarri entzuten». Arrietak berak esan zuen, baina edonork esan lezake: «Horrelako elkarrizketen premia badago gizarte honetan».
Idazle bezala, izan zituen arazo formalen batzuk formatu horretan idazteko: erritmoa; pertsonaien taxutzea, ez zitezen izan estereotipatuegiak, nork bereari eutsi beharrean izan zezaten aldatzen joateko gaitasuna... Testuari buelta asko eman behar izan dizkio oztopo horiek gainditzen joateko, eta gustura gertatu da azken emaitzarekin.
Probetxuzko elkarrizketek eskatzen duten ahalegina egin behar izaten dute gauero solaskide gazteek, «batzuetan paralelo doazen, besteetan gurutzatzen diren eta tarteka bat egiten duten lau errepide gisa» irudikatu baititu egileak bi mutilak eta bi neskak. Hori ikus eta ulertaraztean datza, neurri handi batean, ariketaren aberastasuna eta liburuaren balioa.
Ikasleak gogoan
Agustin Arrietaren hitzetan, ia edonorentzat izan daiteke egokia liburua, idatzi ere «gai hauek gustuko dituen edonorentzat» idatzi baitu. «Ez dago terminologia sofistikaturik; auzi filosofikoak planteatzen dira, baina gehienak egunerokotasunean txertatuta daude».
Bigarren Hezkuntzako eta unibertsitateko ikasleak ere izan ditu gogoan idazteko orduan. Nahiko luke «liburu hau iristea haiengana, izatea tresna bat arrazoitzeko, argudiatzeko, entzuten jakiteko, gogoeta egiteko...».
Irati Zubiak, berriz, adierazi zuen lehendik ere hurbildu izan dela Arrieta 'Gaueko eztabaidak'-en lantzen dituen gaietara, nahiz eta kasu honetan «modu berezian egin, modu lurtiar edo gertuagoako batean». Antzezlan batekin alderatu zuen elkarrekin jarduten duten lau lagunen arteko arrazoibideak biltzen dituen liburua, eta gogora ekarri zion halaber Agustin Arrietaren irakasteko modua.