Autoparodiatik eta topikoak baliatuz umore handiz idatzitako detektibe liburua
Iñaki Dorronsorok estreinako eleberria aurkeztu du, 'Azpijokoa Azpiazun' (Erein), hainbat «ikur hankaz gora» jarriz
Euskal literaturan Joxean Sagastizabalen 'Kutsidazu Bidea, Ixabel' (Alberdania, 1994) edota Inazio Mujikaren 'Gerezi denbora' (Alberdania, 1999) eleberriak zabaldutako estiloaren oso zale, haien umorearen pareko ia bromatik abiatu zuen Iñaki Dorronsorok (Ataun, 1994) ostiral honetan aurkeztu duen 'Azpijokoa Azpiazun' (Erein) liburua. «Euskaraz umorez eta arin irakurtzeko plazer eta nahiaz, molde horren defentsa eta apologia egiten ari nintzen lagun batekin. Eta hortik jo nuen», azaldu du agerraldian.
Hautu horrekin genero beltzaren «konbentzioen parodia» egiten duela azaldu du Mujikak, hainbat «ikur hankaz gora» jarriz eta 'Azpijokoa Azpiazun' ez dela «detektibe istorio hutsa», nahiz eta zenbait topiko betetzen dituen. Esaterako biko protagonistaren kasua, Kristina Fernandezek egindako azalak ederki aurkezten dituena. Batetik, Alfontso detektibea, «autoparodia bat, ikerlari klasikoa, zaildua, zigarroa beti ezpainetan eta sonbreroa buruan duena, zirtolaria eta ironiaz betea, lo falta dezente izaten duena eta, beharbada horregatik, pazientzia gutxikoa».
Bestetik, Miren, kazetaria, «ausarta, bizkorra, isiltzen ez dakiena, oldarkorra, ilunak argitzeko beti prest dena». Xehatu dutenez, haren «hizkera jostaria» du ezaugarri nagusienetakoa, maiz Alfontso desafiatzeko eta «haren pareko bihurtzeko» baliatzen duena. Ausardiaren hariari tiraka, tarteka «estereotipora» daramala aurreratu dute, «jarrera muturluze horrek komikotasunerako» aukera ematen diolako idazleari. «Umore sotila eta absurdoa, egoera larriak komediaren plantan jorratuz».
'Azpijokoa Azpiazun'

-
Egilea: Iñaki Dorronsoro.
-
Argitaletxea: Erein. Uzta gorria, 37.
-
Orrialdeak: 200.
-
Prezioa: 21,5 euro.
Mirenek Alfontsoren atea joaz abiatzen da eleberria eta bien harremanak, baita bakoitzak norbere buruarekin zein bestelako pertsonaia «koloretsuekin» dituztenak, gidatuko dute trama. Ez dira ausazko ezaugarriak, halako pertsonaiak sortu baititu Dorronsorok ez zuelako «liburu serio eta formala» ondu nahi, ironiaren bitartez kritika soziala egitea ere errazteko. Besteak beste, hiri «ilun eta sorgorrean» bizi diren biztanleriei ez zaizkiela axola gertatzen diren lapurretak, ustelkeria, edo etxegabetzeak, harik eta hilketa bat, «azken tanta izango den gertakaria», jazo arte. «Ez da ohiko nobela beltz bat, umorea eta suspensea modu orekatuan uztartzen ditu», iritzi du Mujikak.
Hala, egileak azaldu da narratzailea Alfontso bada ere, «motorra» Miren dela eta honek eramango duela «batzuetan tiraka eta besteetan bultzaka» estolderietan barrena krimen eta ustelkeria kasuak argitzera.
Lehen zirriborroa azkar egin zuela azaldu du, baina gerora kosta zitzaiola eta Ereini bidali arte «orrazialdi asko» eman zizkiola. Azken emaitzara arte «beste orrazialdi batzuk» ere eman dizkio, Inazio Mujika eta Uxue Razquinen laguntzaz. Liburuan islatzen den umore berarekin azaldu du bidalketan «tranpatxoa» egin ziola argitaletxeari, jakitun -edo hala esan du- saga edo bildumak errazago sartzen direla. «Azpitituluan jarri nien 'lehen kasua da' eta funtzionatu du». «Idatzi nuenean oso gustura nengoen, ez neukan planteatua, baina dinamika polita sortu zenez [pertsonaien artean] amaiera irekia uztea errazagoa izan da», gehitu du. Hala, aurreratu du beste istorio pare bat darabilzkila buruan, «bat aurreratuxeago bestea baino», eta zertxobait kostatzen ari bazaio ere, sakontzeko asmoa duela.
Mujikak azaldu duenez, estreinako liburua bada ere ez da argitaratzen duen lehen testua, aurrez 7k aldizkarian 'Ezkutuan' (2022) eta 'Jon Zaharra' (2023) ipuinak kaleratu baititu. Hain zuzen, horietarako ilustrazioak ere Fernandezek eginak dira.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.