«Atera zuen ondorioak, eta bitartean ondo pasa»
Iraultza eta Zigor neba-arrebak bueltan dira, Asel Luzarragaren 'Katuak jandakoa' eleberrian, non idazle bizkaitarrak uztartu dituen abentura, fantasia, gogoeta eta kritika
nerea azurmendi
Asteazkena, 1 ekaina 2022, 18:12
Ez dira hilabete asko igaro irakurleek Iraultza eta Zigor neba-arrebak ezagutu zituztenetik. Asel Luzarragak (Bilbo, 1971) sortu zituen 'Uzta garaia' eleberrirako, eta Elkar argitaletxeak zabaldu, irakurle gazteei zuzendutako #traola bildumako laugarren entregan. Bosgarrenarekin itzuli dira bikiak, 'Katuak jandakoa' liburuan, 14 urte dituztela. Aurreko hartan bezaka, aurretik idatzitako beste hainbat liburutan bezala, idazle bizkaitarrak uztartu ditu irakurlea erakartzen duen abentura, fantasia ikutua, gogoetarako deia eta kritika zorrotza.
Gabonetako oporretarako bikoteka burutu beharreko lan bat agindu diete ikastolan protagonistei, gizartean ikusten duten arazo bati buruzkoa. Patioan dabilela, mutilen komunetik datorren zaratak atentzioa emango dio Iraultzari, eta hara hurbiltzean Izei ezagutuko du, DBH-4ko lau kirtenek inguratuta daukaten ume bat, mihirik gabe jaioa. Ez da horrela jaiotako bakarra Ondarraten. Mihirik Gabeko Umeen Euskal Elkarte bat ere badago.
Iraultzak eta Zigorrek erabakiko dute lana mutazio bitxi horri buruz egitea, eta informazio gehiago biltzeko baliatzea San Tomas egunaren aitzakian Bilbora egingo duten bidaia. Antxiñe Mendizabalenabarmendu bezala, «alde batetik dago argumentua, eta bestetik kritika. Liburuaren hasiera errealista da, baina badu ikutu fantastikoa».
Liburua
-
Izenburua. Katuak jandakoa.
-
Idazlea. Asel Luzarraga.
-
Argitaletxea. Elkar.
-
Orrialde kopurua. 120.
-
Salneurria. 12,60 euro.
Nerabeen ikerketak, alegia, badu uste baino arrikutsuagoa bilakatuko den abenturatik, baina hainbat gairi buruzko gogoetarako bidea ere emango die mihia katuak ez besteko zerbaitek jan dien haurren inguruko bilaketak. Halaber, «arazo zientifiko bat» dago, erakusten duena, besteak beste, «zientzia ez dela neutrala, zientifiko denak ez direla berdinak, birus baten aitzakipean oso argi ikusi dugun bezala».
«Eboluzioa egokitzea da –gogoratu du Luzarragak–, eta gerta liteke gure gizartean, hobeto egokitzeko, ahalmenak irabazi baino gehiago gaitasunen batzuk galtzea». Hain zuzen ere, liburuaren kontrazalean irakur daitekeen moduan, «gizaki otzanak eta esanekoak behar ditu botereak». Aldi berean, baina, «hitza atera ezin duenak galtzen du erabakitzeko ahalmena».
Aukerak zein diren argi badago ere, idazlearen helburua izan da «gauzak zalantzan jartzea, galderak egitea erantzunak ematea baino gehiago». Bikiek aurkitzen dute azkenerako erantzun moduko bat. Irakurleak beste horrenbeste egitera gonbidatzen ditu Luzarragak. «Atera zuen ondorioak, eta bitartean pasa ondo», esan die.