
Secciones
Servicios
Destacamos
Ate berriak irekitzeko eta eztabaida sortzeko asmoz, baina polarizaziotik urrun eta ados egoteko konpromisorik eskatu gabe ondu du Joseba Zulaika antropologo eta idazleak 'Aberriaren inpaseak' (Alberdania) saiakera, «zorrotza, maila teoriko handikoa, baina edozein irakurlek irakurtzeko modukoa», Oier Etxebeste Giménez argitaletxeko kideak definitu bezala. Hitzaurrean bi kontu argitu zituen. Batetik, Euskal Herriak inpase hauek bizitzeak ez duela esan nahi «krisi beltza» bizi dugunik, «gizarte konplexuagoa» egin dela baizik eta, horrek, «dilemak, noraezak eta ez atzera ez aurrerako sokatirak» ekarri dituela. Bestetik, inpasea «antagonismotik» ezberdindu behar dela. «Politika horretan dago oinarrituta, zuek ala gu. Inpasearen terrenoan ez zaude borrokara behartuta, bestearen alderdia ikustera baizik».
Zulaikaren urte luzetako obra oparoak Euskal Herria izan du ardatz, gizarte tradizionalaren ikerketatik indarkeria politikoaren auziraino, eta kasu honetan ez da ezberdin izan. «Iraultza eta Erreforma garaiak agortuak» ikusirik, antropologoaren arabera euskaldunok «inpase garaian» bizi gara -hori da liburuaren tesi nagusia-, baina arazo bezala ikusi beharrean aukera moduan irudikatzen du lanean, «euskal subjektu berriak sortzeko beharrezko» direla ikusita. Horixe da saiakeraren bigarren lerro nagusia.
Egilea: Joseba Zulaika.
Argitaletxea: Alberdana.
Generoa: Saiakera.
Orrialdeak: 187.
Prezioa: 19,00 euro.
Proiektuari ekiteko «kulpante nagusia» Jorge Giménez Bech izan zela azaldu zuen. Urte luzez kanpoan bizi ostean «idazle bezala zer tokatzen» zitzaion zalantza zuenean «euskal gizarte eta kulturaz kanpoko begirada» eskatu baitzion. Batik bat ingelesez idatzita ordura arte, euskara «kamutsa» zuela nabaritu zuen eta egun literaturan edo kazetaritzan erabiltzen dena Euskal Herria utzi aurretikoa baino «malguagoa, aberatsagoa» zela. Hariari tiraka ikusi zuen lehen inpasea hizkuntza bera, euskara, eta inguruan zuen guztia zela, are gehiago krisi garaikideei buruzko hitzaldi bat prestatzean «euskal subjektuaren krisiez» ari zela nabaritu zuenean.
Egungo euskal politikaz eta literaturaz zuen ikuspegia «oso mugatua» zela iritzita «ikerketatxo» bat abiatu zuen Patxi Baztarrika, Jon Sarasua, Xabier Amuriza edo Iñaki Iurrebasoren lanak irakurrita eta emaitzak berez zuen «baikortasuna areagotu» zion, besteak beste zenbakietan eman den aurrerapena dela-eta, nahiz eta «hor bertan dagoen oinarrizko inpasea, zenbaki horiekin nola eraikitzen duzun euskararen egoera. Adibide modura jarri zuen inkesta soziolinguistikoen arabera %40ak dakiela euskara, hau da, 900.000 bat hiztun, baina Iurrebasok era berean dioela zifra erreala 213.000 dela. «Zein dira sinesteko zenbakiak?», galdetu zuen. Horrelakoei edo «belaunaldiaren jardunbidea porrota ala arrakasta» izan den bezalakoei emandako erantzuna «jarrera estrategiko» bihurtzen dela defendatu zuen. «Ez da soilik botila erdi betea ala erdi hutsa ikustea».
Ez dira lantzen dituen inpase bakarrak. Euskal sortzaileek bizi dutena azaltzeko Ramon Saizarbitoriaren 'Aberriaren alde (eta kontra)' saiakera «modelikora» jo du; eta generoarena aztertzerakoan alardearen kasua izan du ispilu «adibide argiena» dela iritzita, feminismoak «erronka botata eta zegoen tradizioa bortxatuz» inpasea sortu baitu bere hitzetan. «Antropologoen tendentzia edo joera beti izan da gizartea armonia orokor bezala ikustea: pentsakera, sinesmenak, familia egiturak... Eta pentsatzen dugu tradizioa altxorra dela. Baina biek dituzte arrakalak, etenak, noraeza, inpaseak».
Gorka Bereziartua Alberdaniako editorearen esanetan, Zulaikaren liburua «debaterako» tresna ederra da, baina ez «azken urteotan sare sozial eta algoritmo polarizatzaileek» sortutakoen moduan ulertuta, antropologoa «proposatzera» baitator bere azken lanean. «Horretarako beste abiapuntu bat dakar, inpasea, ez aurrera eta ez atzera egotearen egoera bezala ulertuta. Liburuan lantzen diren gai ugariak estaltzen dituen aterkia da», xehatu zuen. Besteak beste, mintzagai ditu euskararen egoera, naziogintza, gizon-emakumeen arteko berdintasuna.
Inpase egoera hori, noski, ez da erosoa. «Zirt edo zart egin nahiko genuke», onartu zuen Bereziartuak, «ezinegona sortzen duelako». Aldiz, utopia moduan ez bada ere, iritzi zuen etorkizuneko mundua eta politika «beste modu» batera irudikatzen hasteko bidea izan daitekeena, «gure zera kolektibo hau imajinatzeko oinarri sendoak» eman ditzakeena, behinik behin egun ditugunak baino gehiago bere ustetan.
Azkenik, aurreratu zuen saiakera ez dela «behin betiko erantzunak» emango dituen liburua, gehiago duela «espazioak irekitzen» dituenetik. «Euskal kultura eta gizartea definitzen duten artikulazio berriak ikusteko tresnak daude, esploratu gabeko lurraldeetan sartzeko gonbita da».
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.