«Asmo literario handia zuen Natalia Ginzburgek»
Irene Hurtado de Saratxo Mendieta itzultzaileak euskaratu du idazle italiarraren 'Bertute txikiak' lana eta Alberdania argitaletxeak kaleratu
Bi zati nabarmenki ezberdin eta aldi berean osotasun bat egiten duten hamaika kontakizun laburrek osatzen dute 'Bertute txikiak', 1944ko udazkenetik 1962ko udara bitartean lehen pertsonan Natalia Ginzburg idazle italiarrak idatzitako liburua. Irene Hurtado de Saratxo Mendieta itzultzaileak euskaratu du eta Alberdania argitaletxeak kaleratu.
Jorge Giménez Bech editoreak hitz bereziak izan ditu gaurkoan. «Akontezimendu intimo bat da editore batentzat Natalia Ginzburgen lan bat aurkeztea». Hori bai, meritu osoa Hurtado de Saratxoren eskuetan utzi du. «Berak eskaini zigun ideia eta, noski, segituan onartu genuen». Bidea gorabeheratsua izan da erronka askori erantzun behar izan baitio itzultzaileak. Batetik, Ginzburg aurrez ere euskara «maisuki» itzulia izan delako eta ez da erraza «ahotsa jartzea»; eta, bestetik, eta aurrekoarekin estuki lotuta, «oso ahots propioa duelako, berezia eta markatua». Biei ala biei «ofizio handiz» erantzun die Hurtado de Saratxok Alberdaniako editorearen hitzetan.
Izan ere, 'Bertute txikiak' liburuaren egileak «modu obsesiboan zuzentzen zuen gehiegizko alanbikzioa gorroto zuelako». Modu naturalean helduta, «irakurketa errazeko» euskaratzea lortu du itzultzaileak editorearen esanetan. «Hori gutxi balitz, hitzaurrean liburuaren testuinguruaren berri eman dio irakurleari eta zenbait narrazio ulertzeko gakoak ere».
Bertute txikiak osatzen dute hamaika piezak –itzultzaileak «saiakera literarioaren eta autobiografiaren arteko bide erdian» kokatu dituenak– bi multzotan sailkatu zituen egileak berak: memoriari lotua da lehen narrazio multzoa (sei idazki), eta saiakera literarioaren estiloan ondutako gogoeta moralak bigarrenekoak (bost pieza). Bigarren multzoko idazki bati, obra ixten duenari hain zuzen ere, zor dio liburuak izenburua.
Besteak beste, liburu honetan argitaratu zuen naziek kartzelan senarra erail ondoren idatzi zuen 'Negua Abruzzon' kontakizuna. Honen bitartez seme-alabekin jasan zuen erbestealdiaren berri ematen du.
Natalia Ginzburg Italiako literaturak XX. mendean eman zituen idazle handienen zerrendan «oso goian» kokatu du Alberdania argitaletxeko editoreak. Testuinguru gogorra tokatu zitzaion I. Mundu Gerraren erdian jaio baizen (1916). Bere lanetan «mundu delikatu eta trinkoa altxatzen» asmatu zuen, «txikia eta handia, intimoa eta unibertsala».