Borrar

«Antzerkia? Bigarren ediziotik aurrera etorri zen dena izan da sorpresa»

Liburuaren ideia 1994 urtean bururatu zitzaionean izan duen arrakastaren arrastorik ere ez zuela dio Sagastizabalek

Jon Agirre

Donostia

Lunes, 10 de marzo 2025, 06:37

Liburua argitaratu eta ia 10 urtera heldu zen Gorringo taldeak oholtzaratutako 'Kutsidazu Bidea, Ixabel' antzerkia eta Joxean Sagastizabalen eleberriari beste bizi bat eman ziola esatea motz geratzea da, ziurrenik. «Anjel Alkainek telefonoz deitu zidan moldatzeko asmoa zuela kontatzeko», oroitzen du. Hala ere, eleberria antzezlanera egokitzeko proposamena idazlearen esku utzi zuen Alkainek. «Ez nuen sekula halakorik egin eta beste norbaitekin egin nahiago nuela esan nionez, Nagore Aranbururekin moldatzea proposatu zidan». Ez zien bien arteko elkarlan bakarra izan, urte batzuk geroago Fernando Bernués eta Mireia Gabilondok zuzendutako filmerako gidoia biek Karlos Zabalarekin batera egin baitzuten.

Lehen antzerkia Villabonan izan zen eta ostean heldu ziren 170 emanalditik gora Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan, 150 bat. Orotara 95.000 ikusle bildu zituztela diote garaiko kronikek, bereziki azpimarratuz Donostiako Trinitate Plazan 2.300 pertsona bildu zirela. Mikel Sarriegik gorpuztu zuen Juan Martin, Ainere Tolosa izan zen Ixabel, Alkainek berak hiru paper zituen –baserriko aita, irudian agertzen den taxista edota Koldobika pedantea–, eta ama eta seme paperak Ixabel Agirresarobek eta Egoitz Lasak egin zituzten, hurrenez hurren. Ostera DVDan ere kaleratu zuten eta fan edo nostalgikoen plazererako YouTuben ikusgai da oraindik.

Denbora igarota balantzeak egitea errazagoa da, baina atzera begira Sagastizabalek ez du ezkutatzen dena izan zela sorpresa. Are gehiago, «1994ko uztailean bigarren edizioa kaleratu ostean etorri den dena» oparia izan dela zehazten du. «Pandoraren kutxatik ezbeharrak sortzen baziren liburua kontrakoa da». Goienetxe baserrian hilabete igaro zuen –liburuan hiru dira– eta oinarri horietatik fikzionatu zuen testua. Hala ere, haiekiko esker hitzak besterik ez ditu. «Ezezagun bat nintzen eta familiak senide bat bezala hartu ninduen. Ezetz esan zezaketen eh! Halako Euskal Herri bat nahiko nuke, kanpotik datorrenari 'lasai, sartu guregana' esango liokeena».

Musikala eta mendi-bidea

Filosofia hori ezin hobe islatzen du Demode Produkzioakek egindako musikalak. «Ez nuen parte-hartze zuzena eduki, baina egindakoa ikusi eta txalo besterik ezin nuen egin», laburtzen du Sagastizabalek. Pena bakarra du, Covid-19aren pandemia zela eta hainbat emanaldi bertan behera geratu zirela. Idazlearentzat «musikalki oso ona» da eta bi une oroitzen ditu bereziki: aita, txapela eta guzti, moteroz jantzi eta rock-a abesten hasten dena edota dantzatzen den tangoa. «Amaierako kantua euskaltasun irekiari ereserki bat da».

Tartean heldu zen Bernués eta Gabilondoren filma. Antzerkirako bezala, gidoia sinatzen badu ere, hartan kontratatu modura aritu zela oroitzen du eskubideak saldu zituelako. Zapore gazi-gozoagoa utzi zion, «denborak emandako perspektibarekin hartu zen erabaki bat, gatazka eta Guardia Zibila txertatzea, ez zela izan erabaki onena» izan.

Ixabelek erakutsitako bideak beste mugarri bat izango du martxoaren 14an Hernialdetik Alkizarako bidea liburuaren omenez «bataiatuko» baitute.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Antzerkia? Bigarren ediziotik aurrera etorri zen dena izan da sorpresa»

«Antzerkia? Bigarren ediziotik aurrera etorri zen dena izan da sorpresa»