Borrar

Antonio Machadok inspiratutako ilustrazio eta komikiak

Josean Morlesín Mellado

Osteguna, 31 uztaila 2025, 10:23

Comenta

Literaturak irakurleengan irudiak sorrarazteko duen ahalmena eztabaidaezina da. Izan ere, irakurle garenon buruan irudiak osatzen zaizkigu sarritan, hitzez hitz irakurketak pizten dizkigun ideia edota emozioak gure baitan sustraitzen diren heinean. Poesiaren generoari dagokionez, hitzek erakusten digute, behin baino gehiagotan, berezkoa zaien izaera nabarmenki iradokitzaile eta «irudikatzailea». Hortaz, poeten lerroak hurbilketa grafiko eta plastikoen bidez trazu edo pintzelkada bihurtzen dituzten irudigileen proposamenak ez dira gutxi, poema-liburu ilustratuen aniztasunak adierazten digun moduan.

Antonio Machadoren jaiotzaren 150. urteurren honetan poetaren testuek inspiratutako irudiekin ondu diren hainbat liburutan erreparatzea aproposa da oso. Sortzaile bisual garaikideen eskutik Machadoren lanera hurreratzeak bere lana beste ikuspegi batzuetatik aztertzera garamatza, irakurketa-esperientzia bera aberasten digun bitartean. Ez hori bakarrik, idazlearen bizitza komiki batzuen ardatza ere izan da, aurrerago azalduko den moduan.

Machadoren lanak jabari publikora pasa ziren 2020an eta egoera horrek askatasuna eman die argitaletxeei bere ondare poetikoa argitaratzeko. Ez da kasualitatea, beraz, hortik aurrera literato honen hitzekin hainbat liburu agertu izana. 2020an bertan, Gabriel Pacheco irudigileak ilustratutako poema-bilduma bat argitaratu zuen Alma argitaletxeak, Poesia izenekoa hain zuzen. Zuri-beltzez egindako irudiei, ilustratzaile honen lan askotan topa daitekeen bezala, urdina gehitu die Pachekok eta kolore hori, gainera, liburu osoaren planteamendu grafikoa bateratzeko erabili da.

Urte berean Kalandraka etxeak beste poema hautaketa bat kaleratu zuen 12 poemas de Antonio Machado izenburupean, beste poeta espainiarren testu ilustratuen bildumatxo baten barruan. Kasu horretan Pablo Auladell izan zen poetaren lerroetatik irudiak erauzteko ardura hartu zuen ilustratzailea. Bere interpretazio grafikoetan forma lausoak dira nagusi, kolore apalen artean nahastuak, amets-irudi leun bezain iheskorrak abilezia handiz harrapatu izan balitu bezala.

2020aren azarokoa da Reino de Cordelia argitaletxearen Campos de Castilla poema-bilduma famatuaren edizio ilustratu bat. José Carralero margolariak, berak margotutako 32 koadro aukeratu zituen Machadoren poemei eransteko. Hau da, ez ziren zehazki libururako egindako irudiak. Hala ere, paisajismoan aditua den artista honek, bai alde piktorikoan eta akademikoan, alor horretan katedraduna izan da eta, Machadori primeran egokitzen zaizkion estilo eta gaiak jorratzen ditu. El Bierzoko eskualdean jaioa, Carraleroren margolanetan protagonista diren Gaztela eta Leoneko lur zabalek poema-liburuak izenburuan bertan adierazten digun kokapen geografikoarekin bat egiten dute. Horrez gain, margoz betetako pintzelkada lodiekin koloreak mihise gainera eramaten ditu irudikatutako paisaien materialtasuna azpimarratuz, abstrakziorako bidean dauden konposizioak izan arren. Adibide honek agerian uzten du irudiek askotan duten malgutasun eta moldagarritasuna, jatorriz ez zuten mezu eta kontzeptuekin erlazionatzeko orduan.

Campos de Castilla-ren beste edizio ilustratu bat 2023an argitaratu zuen Lunwerg-ek eta David de las Heras irudigile bilbotarrari egokitu zitzaion ilustrazio-lana. Egindako irudiei esker Euskadi Literatura Saria jaso zuen iaz, Literatur Lanaren Ilustrazioari dagokion kategorian. Daviden hitzetan, sute baten antzera ikusten ditu berak liburuaren eduki literarioak, natura eta giza bortizkeria bateratzen dituen bat alegia, eta bortizkeria horrek izan dezakeen nolabaiteko edertasuna agerian uzten duena. Irudigilearen estilo bereziak, hemen ere, orrialdez orrialde txunditzen gaitu, hain bereizgarria den koloreen aparteko erabilera erakusten digun bitartean.

Eremu zabalek, paisaia zein pertsonaia iradokitzaileek eta xehetasun eta sintesiaren arteko orekak eratzen dituzten ikusizko mundu piktorikoek Davidek aipatzen duen sua kitzikatzen dute gure begirada eta gogoa modu berezi batean argiztatuz. Komikiaren eragina ere batzuetan erabiltzen dituen sekuentzietan topa dezakegu. Horri esker irudi multzoek bilakaera dinamiko bat dute. Proposamen grafikoan dramatismoa presente dagoen arren, kasuren batean ere umorez zipriztintzen du irudiren bat edo beste. Esan beharra dago, hori bai, ilustrazioek ez dutela soilik Machadoren lanaren lirismoa eta indarra azpimarratzen; irudigileak bere ibilbide profesionalean eraiki duen unibertso poetikora ere garamatzate, dudarik gabe.

Machadoren bizitzaren interpretazioen esparruan, lehen aipatu dugun bezala, alor biografikoa jorratzen duten narrazio biografikoak zenbait komikitan topa ditzakegu. Ian Gibson eta Quique Palomoren Ligero de equipaje. Vida de Antonio Machado komikia adibidez, 2019an Ediciones B argitaletxeak plazaratu zuen, poetaren heriotzaren 80. urteurrenean. Bi egile hauek Salvador Dalí eta Federico García Lorcaren bizitzetan oinarritutako komikiak ere argitaratu izan dituzte eta Gibsonek 2006an izenburu berdina duen biografia argitaratu zuen. 2019koa dugu ere Cecília Hill eta Josep Salviaren Los días azules komikia, Gerra Zibilaren garaian izandako bizipenetan ardazten dena. Izenburuak erreferentzia egiten dio bete-betean Machado hil ondoren bere beroki batean aurkitu zen paper zimurtuak idatzita zituen hitzei.

Javier de Isusiren La divina comedia de Oscar Wilde komiki sarituaren hasierak 1899ko Parisen paisaia urbanoa aurkezten digu eta irakurlea Machado anaiekin batera, Antonio eta Manuel, kaleak zeharkatzen doa Calisaya tabernan narrazioaren protagonista den Oscar Wilde idazlea topatzen duten arte. Carles Esquembrek Machado anaiengan jartzen du arreta. Aurten Planeta Cómic-ek argitaratu dion Hermanos Machado. Hoy son siempre todavía. Una tragedia en seis actos komikian biak dira protagonistak. Liburu honekin ixten du Lorca eta Miguel Hernandezekin egin zuen bezala, poeta espainiarrei eskainitako trilogia. Kontraste handiko zuri beltzezko irudiek proposamen bitxia dakarkigute, non ikuspegi poetikoak eta fikzioa nabarmenak diren.

Ikusten denez, Antonio Machadoren bizitza eta hitzek komikigile zein ilustratzaileen sormena elikatu dute azken urteotan. Egun seinalatu hauetan poetaren atzean zegoen gizona eta hark utzi zigun altxor literarioa gaurko begien bitartez aztertzeko abiapuntu esanguratsuak eskaintzen dizkigute aipatutako tituluek. Sormen literario eta bisualak uztartzen duten bidegurutzeak irakurlea ibiltari bilakatzen du eta honek ezagunak zituen hitzei irudi berriak jartzen dizkio irakurketak zabaltzen duen bidean aurrera egin ahala.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Antonio Machadok inspiratutako ilustrazio eta komikiak

Antonio Machadok inspiratutako ilustrazio eta komikiak