Ezezaguna dugun ingurua beste begi batzuekin begiratzeko liburua
Asier Gorostidik eta Igor Sarraldek 'Euskal Herriko animaliak. Ornogabeak' (Erein) lana aurkeztu dute, iaz aurkeztutako 'Ornodunak' argitalpenaren jarraipena
Pauso baten ostean beste bat omen dator. Hala diote eta hala sinetsita daude Asier Gorostidi eta Igor Sarralde. 2020an 'Euskal Herriko animaliak' bildumako lehen atala argitaratu ostean –Ornodunak–, gaur osteguna bigarrena aurkeztu dute: Ornogabeak (Erein). Txikitan biak ala biak animaliekiko eta naturarekiko sekulako zaletasuna zuten eta faltan bota zuten halako libururen bat euskaraz. «Oso zientifikoak edo oso haurrentzakoak topatzen genituen, irudi infantilekin eta ez oso errealistak»
Hutsune hori betetzeko asmoz «txikitan gustatuko» zitzaien liburuaren antzekoa egiten saiatu dira. Egindako lehen lanak jasotako harrerak ere lagundu die bigarren pausoa ematen. «Oso feedback ona izan genuen guraso eta irakasleen partetik eta lehen lanetik kanpo geratu zen ornogabeak hartu ditugu ardatz».
Izan ere, kolpez animali guztiak barne hartuko zituen lana egitea ez zen erronka erraza. «Edo oso entziklopedia potoloa egiten genuen edo animaliaren bat kanpoan uzten genuen». Horregatik hautatu zuten iaz ornodunei buruzko lana argitaratzea.
Marrazkien garrantzia
Testuez gain, marrazkiek garrantzia handia izan dute bi egileentzat. Bakoitzak 40 bat 'xomorro' egin behar izan ditu eta esperientzia «mikroskopio batetik begiratzea bezala izan da, batzuek poroak, zuloak, arantzak, ileak, arantza arraroak... Bakoitzak du berea». Ildo horretan, bildumako lehen aldearekin alderatuta liburu «ilunagoa» dela adierazi dute animaliengatik. «Iaz hegaztiak, narrastiak, ugaztunak ziren; ornogabeak ilunagoak dira eta hori konpentsatzen saiatu gara», azaldu dute.
Animalia ezezagunagoak direnez, liburuan hauek aurkezteko sailkapena ere aldatu behar izan dute. Antolaketa klasiko bat eginda, lehen lanean egin bezala, mundu arrotzegia, hotzegia eta zientifikoegia egiteko beldurra zuten eta, horregatik, kopuruen arabera sailkatu dituzte. Irakurleak lehen atalean intsektuak topatuko ditu, bigarrenean araknidoak eta hirugarrenean 'popurri' antzekoa. Hori bai, argi utziz eta nahasi gabe. «Sinplifikatzea izan da asmoa». Bakoitzak bere orria, irudia eta titulua duela zehaztu dute egileek.
Azkenik, aurkezpenean nabarmendu dutenez, atal bakoitzaren aurrean sarrera bat dago animalien gakoak eta nola ezberdindu azalduz. «Esaterako ornogabea bada eta hegan egiten badu intsektua dela». Kapitulu bakoitzaren amaieran, gainera, 'Hobeto ezagutu' izeneko atala gehitu dute, orri bikoitza, taldeari buruzko hainbat bitxikeriarekin.