«Aldian-aldian erretura egin behar da»

Miren Agur Meabek Donostian aurkeztu du 'Hezurren erretura'/LUSA
Miren Agur Meabek Donostian aurkeztu du 'Hezurren erretura' / LUSA

Bere aurreko hainbat lanen oihartzuna dakarren 'Hezurren erretura' argitaratu du Miren Agur Meabek, «nobela bat bezala irakurri daitezkeen 21 narrazioz» osatua

Nerea Azurmendi
NEREA AZURMENDI

Miren Agur Meabek (Lekeitio, 1962) presentzia handia du euskal literaturaren inguruko jardueretan –jaialdiak, hitzaldiak, jardunaldiak, topaketak, epai-mahaiak...–, baina 2013ko 'Kristalezko begi bat'-en ostean sei urte eman ditu libururik argitaratu gabe; oraintsu ekarri duen 'Hezurren erretura' idazten eta lantzen, alegia.

Neurri batean, orain dela sei urteko biluzte-ariketa ausartaren segidatzat jo daiteke idazle bizkaitarrak astearte honetan Donostian –eta joan den asteburuan Zarauzko Literaturian, eta astelehenean Bilboko Arriaga Antzokian, Eraul musikariarekin batera batera– aurkeztu duen lana. Eta hura bezala Susak argitaratu du. 'Kristalezko begi bat' eleberritzat jo zuten, eta oraingo hau, generoari dagokionez, narrazioaren atalean sailkatu dute. Hala ere, Meabek berak esan bezala, «nobela bat balitz bezala irakur daitezke 21 narrazioak». Bakoitza bere aldetik ere bai, jakina.

Ume, gazte, emakume heldu

Hartan bezala, emakumearen ahotsa da nagusi. Emakume asko izan daitekeen emakume baten bizitza ia osoko ahotsa, 21 narrazioetan bi plano txandakatzen baitira, Susako editore Leire Lopez Ziluagak azaldu bezala: «Hazten doan ume batena, txikia zenetik unibertsitatera iristen den arte, eta 55 urte inguruko emakume batena».

Pentsa liteke Meaberen ahotsa dela emakume helduarena. Irakurlearen aurrean emakumetzen doan umearena eta neska gaztearena ere bai, azken batean pertsonaia bera baita «bere lekua egiten ikasi behar duen neska txikia eta helduaro betean dagoen emakumea», ikasi duena «bizitzari zer eskatu, eta zer ez».

Miren Agur Meabek izan ditu «motibazio (auto) biografikoak», baina burutu duen ariketa, kontu emate (edo kontu hartze) pertsonala baino gehiago izan da «memoria fikzionatuaren, memoria literarioaren» lanketa.  Pertsonaia bakartzat har daitekeen ume-gazte-emakume «hiperprotagonista» horren «sasierretratua», bestalde, belaunaldi batena ere izan daiteke.

Narrazioen arteko hari bilakatzen den pertsonaia etengabe akordatzen da gauza, pasarte eta beste pertsona batzuekin, memoria baita liburuko gai nagusietako bat; zertarako erabiltzen ditugun oroitzapenak; nola osatzen gaituzten; nola bilakatzen ditugun gure nortasunaren zimendu eta zementu.

Garbiketa egin beharra

Baserritarrek ondo dakite noiz eta nola erreturatu sasitza kentzeko, lurra garbitzeko eta deskantsurako edo ereintzarako prestatzeko, baina ez da bakarrik lurraren beharra. «Aldian-aldian, erretura egin behar da», esan du Meabek, pilatzen joan garen 'hezurrak' desagerrarazteko eta «kiskal-hondakinak ongarri bezala erabiltzeko».

Hezurrak, kasu honetan, «ibilbidean pilatzen joan garen zama guztien» metafora dira, eta erretura –Oihana Leundak azalean bikain islatu duena, bide batez– horiek guztiak hauts bilakatu edo exorzizatzeko tresna. «Idazketaren bitartez erretzen ditut nik bizitzan pilatutako hezurrak», adierazi du idazleak.

Liburuko protagonistak, protagonistek, ere badituzte errekurtsoak garbiketa egin eta aurrera jarraitzeko. Baliabide xumeak dira maiz, «eguneroko bizitzaren epika, lirika eta dramatika» nabarmendu baitu idazleak, «edozein bizitza arrunt berbalorazitatu baitaiteke tintak ukitzen duenean». 'Emakumeenak' izateagatik genero txikitzat hartu izan diren gutun eta egunkariak erabili izanak, berriz, koska bat gorago jarri ditu formatu erdeinatu horiek, «ipuinaren mugak malgutzeko» ahalegin orokorraren barruan.

Idazketaren aldetik, elkarren artean eta idazle bizkaitarren gainerako lanekin lotura sendoa duten narrazioetan saiatu da «joera enfatikoa eta sentimentalista uxatzen», apaingarri hutsak ekiditen. Lopez Ziluagak esan bezala, oraingoan ere nabarmena da «hitz zehatzaren bilaketa» dela Meaberen marka.

Temas

Euskera