Borrar
Amancay Gaztañaga, asteazken honetan Donostian, bere lehenengo liburuaren aurkezpenean Sara Santos
Abentura eta fantasia uztartu ditu Amancay Gaztañagak bere lehen liburuan

Abentura eta fantasia uztartu ditu Amancay Gaztañagak bere lehen liburuan

Lumafest jaialdian aurkeztuko du ostegun honetan 'Martin Martina eta urrezko orraziaren misterioa', nerabeei zuzendako eleberria

Itziar Altuna

San Sebastián

Martes, 10 de septiembre 2024, 19:39

Arlo asko hartzen dituen emakume artista da Amancay Gaztañaga. Aktore, zuzendari eta gidoilari arloan ezaguna, oraingoan literatura esparruan murgildu da nerabeei zuzendutako bere lehen eleberriarekin. 'Martin Martina eta urrezko orraziaren misterioa' (Elkar), abentura eta fantasia uztartzen dituen trilogia baten lehen istorioa da, non euskal mitologiako hainbat pertsonaia agertuko diren. Autorearen esanetan, fantasiazko generoari ez zaio tarterik egin euskal literaturan «guk daukagun kondaira guztiarekin», eta hutsune hori betetzen saiatu da.

Institutuko zuzendariak aitona-amonen gazteluan uda pasatzera zigortuko du Martin Martina, eta iritsi orduko konturatuko da ezer ez dela pentsatu bezala. Pertsonaia intersexuala da protagonista, eta egilearen esanetan, ezberdintasunean dagoen aberastasuna ekarri nahi izan du erdigunera, baita ingurumenaren, globalizazioaren edo herri txikien hustuketaren inguruko hausnarketa ere.

Mitologia edo erlijioek leku berezia dute proiektu honetan. Izan ere, kristautasunari edo onarpen ofiziala duten sistemei bakarrik aitortzen zaie erlijio maila, eta 'mitologia' deitzen zaio baztertua den bertako sistemari. Idazleak, gure mitologiaren, gure antzinako erlijioaren eta iruditeriaren ezagutzak egungo gazteen heziketan izan dezakeen garrantziaz ohartarazi nahi izan du lan honetan. Emaitza «nahi baino politikoagoa» dela onartu du autoreak, baina idatzitakoarekin «oso gustura» geratu dela aitortu du, izan ere «nerabeak eta haurrak fantasiaren bidez konektatzen dira guretzako politikoak diren gauzetara».

Gidoiak idazten ohituta dago Amancay Gaztañaga, ez ordea eleberriak, eta Antxine Mendizabal editoreak eskainitako laguntza eskertu du. Hain zuen, gidoigintzatik etorri izanagatik «ondo menperatzen du nola lotu edo deitu beste aldean daukan hori», adierazi du editoreak. «Gazteei konplizitate keinuak egiten dizkie testutik ez ateratzeko eta bukaera arte iristeko».

Lehen istorio honetan protagonistaren unibertsoa eraikitzen da, eta, aldi berean, trilogiaren parte izango diren pertsonaia nagusien berri ematen da. Besteak beste, landa eremu eta herri txikien garrantzia du hizpide istorioak. Bigarren liburua, 'Martin Martina eta sorginen batzarra', abenduan argitaratuko da, haurtzarotik nerabezarora eta nerabezarotik helduen mundura pasatzean bizi diren beldurrei buruzko metafora. Azkenik, trilogiaren hirugarren izenburua, 'Martin Martina eta gauekoak', 2025eko udaberrian argiratzea aurreikusi dute. Aurreneko liburuan abiatutako trama luzeari irtenbidea emango dio eleberri honek, natura zaintzearen beharrari buruz hitz egiten duelarik eta gure kultura ongi gorde behar den altxorra dela gogoraraziz. Guraso presenteak izatearen garrantzia ere nabarmenduko du.

Lumafest, ostegunetik

Amancay Gaztañagak ostegun arratsaldean Lumafest jaialdiaren baitan aurkeztuko du bere lehen liburu hau Donostiako Alde Zaharreko Santa Teresa komentuan, 19:15etik aurrera. Berarekin izango da Urtzi Leonet, 'Herri margotua, Patxi Bakallu' lana aurkeztuko duena, hau ere Elkar argitaletxearen eskutik. Gainera, ekitaldian euskarazko mikrokontakizunen lehiaketaren bi irabazleei saria emango die Gaztañagak.

Ostegunean hasi eta hiru egunetan, hainbat idazlek hartuko dute parte gazte literatura eta gazte sorkuntza ardatz dituen Lumafest jaialdiaren hirugarren edizioan. Besteak beste, Iria G. Parente eta Selene M. Pascual, Katixa Agirre, Uxue Alberdi, Costa Alcalá eta Nando López izango dira Santa Teresa komentuan irakurleekin beraien esperientzia partekatzen. Edizio honetako apustu nagusia Megan Maxwell izango da, eta Sandra Miró idazlearekin solasean arituko da; ama-alabak aurrez aurre izango dira, izan ere, belaunaldi erreleboa dator genero erromantikoan, zeina goraka baitoa gazteentzako literaturaren esparruan.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Abentura eta fantasia uztartu ditu Amancay Gaztañagak bere lehen liburuan