«Lehen, erantzuteko hamar segundo behar nituen; orain, hogeita hamar»
Lehengo igandean, Urepeleko Xalbador Egunean, bertsogintza utzi behar zuela iragarri zuen Jose Luis Gorrotxategik. 55 urte eman ditu plazaz plaza
felix ibargutxi
Igandea, 28 urria 2018, 09:27
Jose Luis Gorrotxategik (Osintxu, Bergara, 1945) 1963ko martxoaren 3an kantatu zuen jendaurrean lehenengo aldiz. Urte hartan soldadu joan behar zutenek jaialdi bat antolatu zuten Bergarako pilotalekuan eta han azaldu zen. 1970eko hamarkada bukaera aldera bizi izan zuen bolada gorena.
– Oroitzapen liburua plazaratu zenuen orain hamahiru urte, 'Gogoan dauzkadanak'. Bertso asko zekartzan. Memoria oneko gizona al zara?
– Nik buruan erraz gorde ditut gauzak, asko eta asko. Ez dut idatzi beharrik izan. Eta atzo gertatuta bezalaxe gogoratzen ditut nik gauzak.
– 1967an testigu izan zinen Xalbadorren kontrako txistualdiarena.
– Bai, Anoetako pilotalekuan Txapelketa Nagusiko final handia egin zen. Han nintzen ere, kantatzen, Xalbadorrengandik metro gutxira. Ni orduan San Fernandon soldadu nengoen, eta zortzi eguneko baimena lortuta etorri nintzen kantatzera. Saio hura nahiko arraro joan zen, jokatzeko moduagatik. Orduan Uztapide zegoen Euskal Herriko txapeldun, eta Lazkao Txiki txapeldunorde. Probintzia bakoitzetik bi bertsolari pasatzen ziren finalerako, eta Txomin Garmendia eta biok pasatu ginen, Txomin txapelduna, ni bigarrena. Joandako denak, bederatzi lagun, goizean kantatu genuen, eta bederatzi haietatik hiru pasatzen ziren arratsaldeko saiora. Eta halaxe, Lopategi, Xalbador eta hirurok kantatu genuen bazkalostean, gehi Lazkao Txiki, aurreko Txapelketa Nagusian txapeldunorde gelditua zelako. Eta halaxe, gu lautatik batek pasatu behar zuen aurrera Uztapide txapeldunaren aurka lehiatzeko, eta Xalbador pasa. Horraino, bale... Baina gero diferentzia handia etorri zen. Pilotariek beroketa-ariketak egiten dituzte lehian hasi baino lehenago, baina Uztapide bat-batean hasi zen bertsotan. Xalbadorrek, berriz, egun guztia zeraman bertsotan, baina txistualdi haren ostean hasi behar izan zuen berriz ere kantuan.
Osagarria
– Une gogorra izango zen zuentzat.
– Bai, txistualdi luzea izan zen eta. Lazkao-Txiki gizajoa jaikitzen zen, besoak altxata, jendeari isiltzeko esateko, baina orduan eta txistualdi gogorragoa.
– Nolatan aukeratu zenuen Urepele zure despedidaren berri emateko?
– Urtebete edo bi baziren despedidan pentsatzen hasita nengoela. Horrela ez zegoen segitzerik, eta etorri zitzaidan burura Urepele, batetik Xalbadorri diodan miresmen eta errespetuagatik, eta bestetik, hemengo jendea joaten delako hara bertsoak entzutera Xalbador Egunean.
– Hegoaldeko jendea...
– Azpeititik bi ordu egiten dira, juxtu: joaten bi ordu, etortzen beste bi. Haraino doanak merezi du zerbait. Aurten, hartu nuenean deia Xalbador Egunean kantatzeko, neure artean: ezta zalantzarik ere!, Urepelen egingo dut agurra eta kitto! Azkenaldian izan nituen bi-hiru dei, baina ezezkoa eman nien, Urepelen bukatu nahi nuelako. Goizean Loidisaletxe eta ni joan ginen, Joxemari Iriondo, eta Loidisaletxeren anaia txofer. Mezatara joan ginen, eta handik irtendakoan lore sorta jarri zuten Xalbadorren hilobi gainean. Iriondok esan zigun: bertso bana kantatuko al duzue? Bai, kantatuko ez dugu ba! Eguna borobilago ez zegoen irtetzerik.
– Zure bertso-martxa nolakoa izan da azkeneko urteotan?
– Ba oso gutxi kantatuz. Nik, gehienez, urtean 90 plaza izan ditut, baina aspaldi. Urte mordoa pasa nuen urtean 80 plaza eginez, gero beste urte mordo bat urtean 60 plaza. Azkenaldian, urtean zortzi bat plaza, urteroko plazak, ni gustura joan izan naizenak. Orain pare bat urte hartu nuen erabakia, pentsatuz hobe nuela erretiratu ondo nagoela, gero arrastaka ibili gabe. Ez nuke nahi niregatik besteek sufritzerik.
– Zein izan dira zure plaza kuttunak?
– Azpeitia, nola ez, Oñati... eta orain ez datozkit burura, baina baditut gehiago. Eta Urepele bera. Ni Xalbadorren omenaldira dozena bat urtean joana naiz behintzat.
– Inoiz kontatu duzu nola hasi zinen zu beste bertsolariak imitatzen, gaizki-ulertu baten ondorioz. Aspaldi, deitu zizuten Aretxabaletako Larrino auzotik, han kantatzeko Lazkao Txikirekin batera. Baina gero inork ez zion Lazkao Txikiri abisatu eta han jardun behar izan zenuen bakarrik. Bertso zahar batzuk kantatu zenituen, bertsolari zaharren imitazioak eginez.
– Baina urte asko dira imitaziorik egiten ez dudala. Imitazio bat egiteko, ez da 'orain egin behar diat' pentsatzea. Giro horretan egon behar duzu, zuk zeuk eta ingurukoek. Giro beroa behar du.
– Zu ez zara bertsolari elektriko horietakoa izan. Gaia entzun orduko kantuan hasten diren horietakoa ez zara izan.
– Denbora behar izan dut, eta orain konturatuta nago, joan deneko bi-hiru urte honetan, denbora gehiago behar dudala .Lehen, aldamenekoak bukatu eta handik hamar segundora banuen bertsoa hari erantzuteko; baina orain hamar ez, behar ditut hogeita hamar.
– Beti ibili zara eroso oholtzan?
– Bai, beti. Baina oholtzatik kanpo izan zen estuasunik, zentsura zela eta.
– Behin Gobernu Zibiletik galarazi egin zizuten kantatzea, ezta?
– Bai, harritzekoa da hori, eta sekula ez da argitu. Aurretik ez nuen inoiz eragozpenik izan, eta gero ere ez. Behin Lasturrera joatekoa nintzen kantatzera, Lasarte eta biok.Bi edo hiru lehenago etorri ziren Lasturko batzuk, esanez Lasartek bazuela baimena kantatzeko, baina nik ez. Nire lekuan ez dakit nor joan zen. Baina gero handik hamar egunera saioa geneukan Belauntzan Lazkano eta biok, eta baimena eman zidaten. Beharbada deskuiduren bat izan zen, eta Gorrotxategi eta Lopategi nahastu. Badakizu Lopategi orduan galarazita zegoela.
– Basarri oso gustukoa zeneukan.
– Bai, Basarriren eta Pedro Mari Otañoren bertsokera ikaragarri gustatu zait beti. Ni lagun artean kantatzen hasi eta, aholku eske, Egileorrengana joan nintzen. Bi liburu eman zizkidan irakurtzeko, bata Basarriren 'Kantari nator' eta bestea Pedro Mari Otañoren bertso guztien bilduma. Gero, gainera, pasadizo polita daukat kontatzeko. Ordurako 25 urte banituen. Joan ginen Zizurkila Azpillaga, Lopategi eta hirurok. Goizeko saioa egin eta, zain geundela, gizon bat etorri zitzaigun eta: «Kaixo, ni bertsolarien tartekoa naiz, Pedro Mari Otañoren etxekoa naiz. Nik hura ezagutu nuen, nik bost urte nituela etorri zen behin, familia agurtzera, hurrengo egunean Argentinara bazihoalako berriz». Esan zigun joateko etxe horretara kafe hartzera, eta joan ginen Errekaldera. Han bertsotan egin genuen eta politena da gurekin egon zela Garmendia harakina, Pedro Mari Otañoren ilobaren semea, uste dut. Han geunden bitartean, zortzi-hamar urteko mutikoa hantxe, baloi zahar batekin jo eta jo, sukalde guztia aurrean zuela. Garmendia hark esan zigun: «Honekin ez dugu bertsolaririk izango. Hau futbolaria da, egun guztian baloiarekin». Eta handik hamar urtera, hara non irakurtzen dudan albistea: Eibar futbol taldeak Jose Ignazio Garmendia atezaina fitxatu du, Errekalde baserriko semea. Eta nik: aiba! Orain urtebete-edo ezagutu nuen nik bera aurrez aurre, eta esan nion: «Garmendia, hau eta hau pasatu da». Eta berak: «Horixe, baloiarekin sukaldean zebilen mutiko hura ni nintzen!
– Nola uztartu dituzu lana eta bertsoa?
– Azpeitira ezkondu eta altzarigintzan hasi nintzen. Lan Mobel kooperatiban urte mordo bat egin dut. Astegunean, deiak izan arren, ez nintzen bertsotara joaten. Lehenengo, lana, eta gero bertsoa.