Laster egongo da entzungai 'Artxipelagoa'-ren bigarren denboraldia
Beste hiru podcast estreinatuko dira azaroan: 'Zapla!', Euskaraldiaren inguruan; zientzialari emakumeen inguruko 'Uhin Ultramoreak' eta migrazio fluxuak hizpide izango dituen 'Harresi ikusezina'.
Osteguna, 27 urria 2022, 14:51
Entzuleen artean arrakasta handia izan zuen 'Artxipelagoa' serie apokaliptikoaren denboraldi berria laster egongo da berriro entzungai, Durangoko Azokarekin batera iritsiko baita EITBPodkast atarira. «Hiru olatu erraldoiak eta gero, bizirauteko dauden arazoek sortzen dituzten gerra, indarkeria eta goseteen jarraipena» ekarriko du 'Artxipelagoa'-k.
EITBk ohar baten bidez jakinarazi duenez, «horren aurretik, azaroan, hiru podcast estreinatuko dira: 'Zapla!', Euskaraldiaren aurtengo aldiari ekiteko, belarriprest eta aho bizientzat ariketak proposatuko dituena; 'Uhin Ultramoreak', zientzialari emakumezkoak behar duen lekuan jarriko dituen ekoizpena, eta 'Harresi ikusezina', migrazioaren fluxuak Bidasoako ertzean eraiki duen harresi ikusezina aintzat hartzen duena». Azkenik, gabonetarako dago aurreikusita 'Dodoa', Jabier Muguruzaren diskoko kantuen osagarri dena.
Bestalde, aurtengo udazkenean jokatzen ari den Bertsolari Txapelketa Nagusiaren karietara, '#10garrena' podcast sorta estreinatu berri du EITBren plataformak. Final alternatiboak eskaintzen ditu ezohiko finalista eta txapeldunak irudikatuz. Abian da, halaber, 'Barruan Gaude/Estamos Dentro'ren denboraldi berria. Euskarazko podcastgintzan erreferente dugu elkarrizketa intimoak eskaintzen dituen tartea. Oier Aranzabalek gidatzen du euskaraz eta Jon Martijak gaztelaniaz.
Urte emankorra
Atzera begira, bistakoa da eskaintzaren oparotasuna. 'Artxipelagoa'k osatutako ibilbide arrakastatsuaren ondotik, bigarren audio-fikzio bat estreinatu zuen EITBPodkast atariak 2022 urte hasieran: 'Zaldi Urdina'. Artedrama, Axut! eta Dejaburen izen bereko antzezlana oinarri duen seriearen berritasunetako bat da binauralean muntatuta dagoela. Horri esker, esperientzia murgiltzailea eskaintzen du eta bereziki aproposa da audio-kaskoekin entzuteko.
Gaztea irratiaren eskutik hainbat proposamen iritsi zaizkigu EITBPodkastera: 'Yoko Ona' solas-tartearen eta 'Zulora' eztabaida saioaren bigarren denboraldiak, euskal surf kulturari buruzko 'Lay Day' eta talk-show formatua duen 'Benetan Zabiz?'. Aurreneko hirurak bideopodcastak dira, Gaztearen YouTubeko kanalerako eta webgunerako sortu dira eta ondoren EITBren audio plataforman entzun daitezke. 'Benetan Zabiz?' denboraldi berriarekin batera, irailean, estreinatutako podcast-irratsaioa da. Istorio pertsonaletatik abiatuta, gonbidatuen 'sekretu ilunenak' argitara ateratzen dituzte astero Aitziber Grados eta Malen Altuna gidariek.
Haur eta gaztetxoei zuzendutako eskaintzaren barruan, 'Irabazi Arte!' telesaileko bi protagonistek, Arenek eta Norak, abian jarritako podcasta dugu; euskal kirolariei egindako elkarrizketak entzun ditzakegu bertan. Horrekin batera, 'Sara eta Paulen abenturak!' audio-fikzioa eta 'Kuku' audio-ipuin bilduma estreinatu dira. Fikzioak Bernardo Atxaga idazlearen Logalea zeukan ekilibristaren kasua antzezlanean du oinarri, eta bizikidetza inklusiboa bultzatzea du helburu. Bilduma, bere aldetik, euskarara ekarritako nazioarteko zenbait idazleen bost ipuinek osatzen dute. Gainera, bideopodcast formatura ere egokitu dira, ilustrazio animatuekin, eta EITBren YouTube kanalean ikusi daitezke.
Ongizatearen gaia jorratzen duen solas tarte berri bat dugu EITBren audio plataforman: 'Korapiloak'. Iñigo Antsorregik ETB1eko 'Biba Zuek!' saioan buru osasunaren inguruan egiten duen atalaren osagarri da, eta depresioa, suizidioa edo eta antsietatea bezalako gai zailei aurre egiteko bideak urratu nahi ditu. Bestalde, Africa Baetak gidatzen duen 'Gente Bonita' podcastak bizitzari baikortasunetik begiratzeko tresnak eta moduak aztertzen ditu. Azkenik, 'Memoria Eraikiz' ikus-entzunezko proiektuarekin lotutako podcast sorta argitaratu da memoria historiakori eskainitako atalean.