Borrar
Erakusmahaiak atontze lanetan, Landako ia prest da kulturzaleak hartzeko. Félix Morquecho
Durangoko Azoka

Kultura plaza 60 urtez izanda, 'Kultura Jaialdia' beste hainbestez izatera

Basamortu idorretan oasiek nola, bihartik aurrera Durangoko Azoka lau eguneko «eremu emankorra» izango da euskal kulturarentzat. Bi espazio gehitu ditu Gerediagak eta eskaintza zabaldu, diziplinaz zein ordutegiz

Jon Agirre

Donostia

Osteguna, 4 abendua 2025, 06:49

Comenta

«Basamortuan oasia» izatea kutsu negatiboarekin uler daiteke, baina ekologiako edo geografiako liburu zein ikerketa lanak begiratuz gero eskualde idor baten erdian den eremu emankorra dela argi geratzen da, hau da oso garrantzitsua haren inguruan sortzen diren ekosistementzat. Antzeko zerbait gertatzen da euskal kultur sistemarekin eta Durangoko Azokarekin. Urtez urte irudi ederrak uzten ditu, besteak beste Landako gunean diren erakusmahai mordoarekin, Azokaro aurkezten diren nobedade guztiekin –beste urtebetez errekor zenbakiak– horien bueltan inguratzen diren gazte zein heldu andanarekin edo beste espazioetan –aurten bi gehiago– aurkezpen, hitzaldi eta zuzenekoekin sortzen den giroarekin. Berriki AEK-k esan bezala, «ez gara folklore».

Hala, bihar hasi eta abenduaren 8ra arte luzatuko den 60. Durangoko Azoka oasi horretan zenbat ur edo zenbat gerizpe dagoen jakiteko aukera izan daiteke. Kulturazaleen zain izango dira 175 parte-hartzaile euren 285 erakusmahaietan. Gora doaz zenbakiak, baita aurkeztuko diren nobedadeenak ere. Orotara 1.026, 694 liburu, musikari lotutako 163 lan, 30 aldizkari eta bestelakoak diren 139 argitalpen (fanzineak, audioliburuak, podcastak...). Denak 2025ean eta euskaraz kaleratuak, zer irakurri edo entzun ez dela dioenik baldin bada.

Idazle klasikoak ez dira faltako, asko gainera lan berriarekin: Pamielako erakusmahaian Bernardo Atxagak 'Enarak', Arantxa Urretabizkaiak 'Zahartzaroaren maparen bila', Jon Kortazarrek Aresti zein Lauaxetari buruzko lan bana eta Miren Billelabeitiak 'Eguna hasteko olerkiak' izango dituzte; Elkarren Katixa Agirrek 'Barne zerbitzuak', Karmele Jaiok 'Harrizko bihotza', Uxue Alberdik 'Esne-berriketan', Goiatz Labandibarrek 'Eresia', Garikoitz Goikoetxeak euskarari buruzko 'Esnatu ala hil' eta Mikel Sotok Miranderi buruzkoa edota Ibon Martinen azken itzulpena; Ereinen Toti Martinez de Lezeak 'Voces' eta haren euskarazko 'Ahotsak', Lourdes Oñederrak 'Azken batean' eta best-seller itzulpenak –'Paziente isila', 'Evelyn Hugoren zazpi senarrak', 'Carmilla'–; Susan Harkaitz Canok 'Silueta', Eider Rodriguezek 'Dena zulo bera zen', Hedoi Etxartek 'Izen baten promesa' eta, nola ez, Ganbila eta MPK bildumetako aleak.

Landakon izango dira ere Alberdania ('Aurpegiak', 'Diesel', 'Gazako istorioak', 'Jostorratza eta haria', 'Kutsidazu bidea, Ixabel', 'Lur mortuak' edo 'Zer egin Miranderekin?'), 1545 argitaletxea ('Memoria Berriak, 'Su Txikian', 'Bazara nor', 'Dortokaren ametsa' eta 'Luma kantaria'), Astiberri ('Biga' eta 'Heartstopper' bildumak, edo 'Gazako oin-oharrak'), Balea Zuria, Denonartean, Hordago, Katakrak eta Txalaparta.

EHUk euskarazko edo euskal kulturari lotutako 40 lan berri izango ditu, 30 euskara hutsean, Euskaltzaindiak Imanol Azkueren 'Mendez mende Zumaian euskaraz' eta Xabier Monasteriok koordinatutako 'Gabriel Arestiren mandatua'; eta AEK-k euskara ikasten ari direnentzat argitaratzen duen AIZU! aldizkaria eraberrituta aurkeztuko

Noski, musika ez da faltako.

Egon baino, egin

Kultura proposatu, eragile aktibo izan eta egon baino, Gerediaga Elkarteak nahiago izan ohi duelako egin, 2025ean ere publiko orori begira diseinatutako programazioa dakar. Badira zenbait urte ardatzak definituak dituztela –euskara, transmisioa, genero-oreka, kultura bere osotasunean islatu– eta horien gainean Azoka indartsu bat osatu dute.

Ildoei jarraiki, gazteak erdigunean jarri dituzte berriro. Ikasle Goiza izan zen lehena –ostiralean izango da–, ostean heldu zen Gazte Eztanda –larunbatean– eta programazioan ahotsa ematea. Bai sortzaile zein hartzaile bezala. Ohiko 10:30-20:00 ordutegitik harago luzatuko da eskaintza, bihar Lukiek eta Ezezez taldeen kontzertuekin eta etzi Mirua eta Naxkerrenarekin, biak 23:30ean Plateruenan; igandean 20:00etan 'Heriotzak Eduardo du izena' antzerkiarekin eta 20:30ean 'Gaua'-ren proiekzioarekin Irudienean.

Bide horretan, gainera aipatutako Landakoz eta orain arteko beste sei espazioez –Talaia, Ahotsenea, Irudienea, Kabia, Szenatokia eta Saguganbara– gain, 2025eko Azokan beste bi gehituko dituzte: Atartea ilustratzaileen lanak merezi zuen tokia izan dezan eta Berbagailua podcast sektoreak espazio propioa izateko.

Ilustratzaileen fitxaketa su moteleko lana izan da, elkartearen eskutik emandako jauzia, eta geratzeko etorri dena. «Hori da asmoa», esan zuten agerraldian. Erakusketak, hitzaldiak eta tailerren bat hartuko ditu Durangoko Museoak, baita beste espazioetatik bideratutakoak. Bertan aurkeztuko da 2024ko Sormen Beka eskuratu zuen Irati Bazetaren 'Harien isla' lana, 'euskara jendea' kontzeptua eta honen bueltako galderak lantzen dituzten 12 margolan ondu ditu.

Ez dirudi azken berritasuna izango denik, «bizirik» dagoen plaza baita, «garaian garaiko premiei» erantzuten asmatu duena, Beñat Gaztelurrutiak esan bezala. Tartean egongo dira ziur Adimen Artifiziala eta iaz egindako Ikerketa soziologikoak plazaratzen dituenak. Abenduaren 7an aurkeztuko da ordubeteko saioan. Gorriz markatutako zitaren helburua ez da «lerroburuak» ematea izango, diagnosia elkarbanatzea baizik, aurreratu dute.

Aurrerantzean DA markari lagunduko dioen 'Kulturaren jaialdia' lelopean «euskal kulturaren unibertso osora» zabaltzeko ahalegina eginez.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Kultura plaza 60 urtez izanda, 'Kultura Jaialdia' beste hainbestez izatera

Kultura plaza 60 urtez izanda, 'Kultura Jaialdia' beste hainbestez izatera