Borrar
Azokako antolatzaileak, erakunde babesle eta kolaboratzaileetako ordezkariak, eta aurtengo iruditegiaren egilea, Iratxe Reparaz (erdian), I.A.

Kulturaren jaialdian bilakatu da Azoka 60 urteko ibilbidea osatu ondoren

Abenduaren 5etik 8ra Durangon ospatuko den topaketak slogan berria izango du eta Iratxe Reparazek sortutako «unibertso bisuala»

Itziar Altuna

Durango

Osteguna, 16 urria 2025, 13:26

Comenta

Urte borobila ospatuko du aurtengoan Durangoko Azokak. Bere 60. edizioa izango da, baina data borobil honen ospakizunean baino, urte hauetan guztietan garatutako ibilbidean jarriko du arreta Azokak. Horrela adierazi zuen Beñat Gaztelurrutiak, Gerediaga elkarteko koordinatzaileak, ostegun honetan Durangoko Landako Gunean egindako agerraldian. Antolatzaileekin batera, erakunde babesle eta kolaboratzaileetako ordezkariek ere parte hartu zuten ekitaldian, edizio honetako lehenengo «zertzeladak» aurkezteko.

Sei hamarkada hauetan «Euskal Herriak izandako garaian garaiko premiei erantzuten asmatu du Azokak, urtero apur bat hobetuz», aipatu zuen Gaztelurrutiak. Horregatik honaino ekarri dituen egiteko moduari «eutsi» nahi dio antolakuntzak, baina berrikuntza batzuk txertatuz, «egokitzen eta hobetzen» jarraitzeko. Hauek datorren hilabetean emango dira ezagutzera, abenduaren 5etik 8ra egingo den topaketaren antolakuntza zehazten joan ahala.

Baina Landaku gunean egindako agerraldian bi nobedade nagusi aurkeztu zituzten. Alde batetik geratzeko etorri den lerroburu edo 'claim' berri ba sortu dute, 'Kulturaren Jaialdia', izan ere «Azokak adierazpide eta formatu artistiko asko batzen ditu: literatura, musika, zinea, antzerkia, azoka, zuzeneko aurkezpenak, solasaldiak... euskarazko eta tokiko sorkuntza, artistak eta zaleak ardatz eta protagonista harturik»

Kultur eredu herritarra

Gerediako koordinatzaileak gogoratu zuenez, euskal liburu eta disko azoka zenak, Durangoko Azoka (DA) izena hartu zuen duela hamar urte, topaketaren berrogeita hamargarren urteurrena bete zenean. Hamar urte hauetan 'DA' markari urtero lelo batek lagundu dio egitasmoa iragartzeko, baina markak «heldutasuna eskuratu» eta horregatik sortu dute 'DA Kulturaren Jaialdia' lerroburua, «topaketa profesionala eta herrikoia delako, biak era berean eta maila berean uztartuta». Gainera, herritarrei nortasun kulturala bizitzeko, ospatzeko eta garatzeko aukera ematen diela berretsi zuen Gaztelurrutiak, «kultur eragileak antolatua, sektoreko profesionalekin elkarlanean eta erakunde publikoen laguntzarekin» antolatzen den kultur eredu herritarra.

Ostegun honetanko agerraldian aurkeztu zen bigarren nobedadea irudiari dagokiona da. Izan ere, hemendik aurrera, sortzaile bati kartel edo irudi bakarra eskatu beharrean, «iruditegi bat sortzeko enkargua» egingo zaio. Aurten Iratxe Reparazek sortu du «unibertso bisual oso» hori, Azokak egindako eta egiteke duen ibilbidea oinarri hartuta garatu duena. Diziplina anitzeko arte zuzendaria da Reparaz, irismen handia duten markentzat publizitate kanpainak garatzen ditu, eta Zetak edo ETS taldeen musika proiektuentzat ere lan egin du. Artistak azaldu zuenez, Azoka ezin da irudi bakar batean laburbildu. 60 zenbakiarekin hasi zuen Reparazek bere lana eta aurkikuntza hortatik sortu zen ideia, «zenbakia bera moldagarria baita, azoka bezala, urte guzti hauetan egin duen eta egiten jarraituko duen ibilbidea bezala». Horregatik ez da kartel bakarra, irudi bakarra, «asko eta desberdinak baizik», aurkezpen ekitaldian erakutsi zuenez, hainbat kartel bata bestearen ondoan itsatsiz irudi bat osatuz. «Kartel infinituak dira, etengabe berrasmatzen den kultura baterako».

Aldarrikapenak

Abenduaren 5etik 8ra zabalduko ditu ateak Landako guneak, euskal kultura sortzaileei eta zaletuei topaleku bat eskaintzeko. Lehenengo egunean izango da ikasleen goiza, «milaka» gazte bilduko dituena, Beñat Gaztelurrutiak aurreratu zuenez, eskari asko jaso baitituzte.

Testuinguru «kezkagarri batetan» ospatuko da Azoka, gaur egun bizi den «gatazka egoeratik» ez baitago salbu, eta horregatik Palestinako herriak bizi duen egoera presente izango da Durangon. «Bai prestaketan zein azokako egun guztietan genozidioa salatu eta behin betiko gelditzeko deia luzatuko du», gaineratu zuen. «Ezin dugu Palestina bakarrik utzi. Kultura kritikotasunari eta irudimenari ateak irekitzea ere badenez, gure ekimenak balio dezala mundu justuago eta gizatiarrago baten aldeko bidean elkartzeko».

Iazko Azokan antolakuntzak nabarmendu zuen euskal kulturak sorkuntza «aberatsa» duela, «baina hartzaileak behar dituela duintasunez aurrera egin dezan». Urte hauetan guztietan milaka bisitarik «arnasa» eman diote kulturari, «baina kulturak bezala, euskarak berak ere hiztunen arnasa behar du», adierazi zuen Gaztelurrutiak. Horregatik, euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuak moteldu eta euskal hiztun komunitatea «larrialdi linguistikoan den honetan», euskararen pizkunde berri baterako «adostasun soziala» lantzea aldarrikatu zuen Gerediagako koordinatzaileak. «Orain 60 urte piztutako sua eskurik esku ekarri du Durangoko Azokak gaur arte. Ba balio dezala su horren beroak haren inguruan batu gaitezen eta aldatu dezagun guztion artean euskarak bizi duen larrialdi egoera».

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Kulturaren jaialdian bilakatu da Azoka 60 urteko ibilbidea osatu ondoren

Kulturaren jaialdian bilakatu da Azoka 60 urteko ibilbidea osatu ondoren