Koadro batek sortutako ika-mika, oholtzan
Ramon Agirre, Joseba Apaolaza, Asier Hormaza aktoreek 'Artea' (Txalo) antzeztuko dute irailaren 12tik 15era Donostian
Udako egitarau barnean edo ikasturte berria hasten delako, euskarazko antzerkiaren onerako, azken boladan estreinaldi ugariz gozatzeko parada du zaleak. Zerrenda honetan azkena Txalo konpainiaren 'Artea' obra izango da, Ramon Agirre, Joseba Apaolaza, Asier Hormaza aktoreek gorpuztua, eta irailaren 12an estreinatuko da Donostiako Antzoki Zaharrean.
Hiru egunez izango da aretoan arratsaldeko 20:00etan eta sarrerak jada eskura dira antzokiko lehiatilan zein webgunean 20 eta 26 euro arteko prezioan. Testuaren egilea Yasmina Reza da eta zuzendaritza Begoña Bilbao Lejarzegirena izango da.
'Artea'
-
Noiz: irailaren 12tik 15era, 20:00etan.
-
Non: Antzoki Zaharra (Donostia).
-
Prezioa: 20 eta 26 euro artean.
-
Aktoreak: Ramon Agirre, Joseba Apaolaza, Asier Hormaza.
'Artea' hiru lagunen arteko komedia da. Sergiok koadro moderno bat erosi du dirutza handia ordaindu ondoren. Marcosek gorroto dio koadroari, gainera kosta egiten zaio sinistea Sergiori koadroa benetan gustatzen zaionik. Hirugarren laguna, Ibon, saiatzen da Marcos eta Sergioren arteko desadostasunean bitartekari izaten. Arte modernoari buruzko azaleko desadostasuna izanik, adiskidetasunari buruzko eztabaida latza bihurtzen da, Ibon erdi-erdian hartuta.
Antzezlanak aurrera egiten duen moduan, koadroaren auzia erabat puztuko da bat-batean desagertzeko, haserrealdiaren benetako arrazoiak azalean argi utziaz.