'Kantu bat gara' otsailaren 24an Errenterian izango da
Jon Maia bertsolariak Kilometroak 23ren programa barnean eskainiko du emanaldia
Iker Mendia
Asteazkena, 15 otsaila 2023, 12:57
Datorren ostiralean, otsailak 24, Errenteriako Lekuona Fabrikan Jon Maia bertsolariak eskainiko duen 'Kantu bat gara' ikuskizunerako sarrerak jada salgai daude. Antolatzaileek aurreratu dutenez, emanaldiak «Kilometroak 23k landuko dituen hainbat gaiari propio erreparatuko dio». Izan ere, aurten Orereta Ikastolak antolatuko duen ekimenaren programan azaldu zuten bezala, helburu nagusietako bat «egun bakarreko festa ez izatea» da.
Hala, urtean zehar urriko lehen igandea arte antolatu direnen artean kokatzen da Maiaren ikuskizuna. Sarrerek 20 euroko prezioa izango dute.
2021eko azaroan aurkeztu zuen Maiak 'Kantu bat gara' liburu-diskoa, bakarka egindako lehena aurrez 'Karidadeko Benta' eta 'Hezurbeltzak' egitasmotan taldean aritu ostean. Honen aurkezpen bira Bilboko Arriagan hasi zuen 2022ko otsailean, oholtzarako lauko formatuaren aldeko apustua eginda. Jon Maiarekin (ahotsa) batera aritu ziren emanaldi hartan Gorka Hermosa (akordeoia), Pello Ramirez (txeloa) eta Nacho Soto (teklatuak), baita ondoren etorri direnetan ere. Gainera, Donostiakoan bezala, ikuskizun bakoitzean gonbidatu berezi mordoa izan ditu. Abeslari eta bertsolariez gain idazle, kirol munduko pertsonaia edo euskarara hurbildu diren hainbat etorkinen kolaborazioak ere izan ditu.
Artista gipuzkoarrak kantuak konposatzen egin duen bidearen isla da bai liburu-diskoa zein osteko emanaldi sorta. Izan ere, 1991tik hainbat artistarentzat 200 kantu inguru idatzi ditu, tartean Negu Gorriak, Benito Lertxundi, Gozategi, Gari, Anari, Mikel Urdangarin edo Ken Zazpi bezain adierazgarriak. 'Kantu bat gara' liburu-diskoan Maiak idatzitako 14 kantu ezagunen moldaketa berriak jasotzen dira, esaterako 'Gora Herria' (Negu Gorriak), 'Minaren funtsa' (Anari), 'Zaharra zara Bilbao' (Gari), 'Itsasoa gara' (Ken Zazpi), edota 'Nirekin' (Gozategi) bezalakoak. Kantu originalen erritmoak alde batera utzita, akordeoia eta txeloak gidaturiko moldaera berriekin ausartu da Pello Ramirezen celloa, Gorka Hermosaren soinu handia eta Nacho Sotoren pianoa lagun dituela.