Borrar
Juanjo Olasagarre, Mari Jose Telleria (Aldundia) eta Jose Angel Irigaray (Pamiela)
'Ia hemen' bilduma

Juanjo Olasagarre, poesiaren bidez transzendentzia bilatzen duen pertsona

Xabier Lete Poesia Saria irabazi zuen orain dela hilabete batzuk, eta emaitza kalean da jadanik

FELIX IBARGUTXI

Asteazkena, 27 ekaina 2018

Comenta

Kalean da laugarren Xabier Lete Poesia Saria jasotako lana, Juanjo Olasagarreren 'Ia hemen' bilduma. Ohi bezala, Pamiela etxeak eman du argitara, eta atzoko aurkezpen ekitaldian honela mintzatu zen poeta saritua: «Nire lehenbiziko poesia liburuan, 1991ko 'Gaupasak' hartan, nire ni-a agertzen zen oso sendo. Gero beldurra izan nion neure burua agertzeari. 'Norbera ez da gai serioa', nioen poema batean, eta hurrengo bi liburuetan jo nuen pertsonaia batzuei ahotsa ematera, eta haien esanen bidez errealitate sozial edo emozional bat agertzera. Hirugarren liburua 2000. urtean atera nuen eta handik aurrera erabaki nuen ni-a oso gai serioa dela, nahiz eta facebook-en garaian bizi garen, eta azken urteotako poemotan ni-tik kontatu ditut gertatzen diren gauzak. Ahots bat garatu dut, ez galdetu nolakoa den, baina iruditzen zait gauzak esateko nahiko sendotasun badaukadala. Sariketa honetako epai-mahaiak ere esan du gizon egin baten poemak daudela hemen».

Xabier Lete Poesia Sarietako laugarren irabazlea da Juanjo Olasagarre (Arbizu, 1963). Bi urtez behin deitzen den sariketa da eta, lehenengo urtean, 2012an, Karlos Linazasoro gertatu zen garaile. 2014an, Luis Garde; 2016an, Asier Serrano.

Aurkezpen ekitaldian Olasagarrek honela azaldu zuen bere poetika: «Zergatik idazten dudan poesia? Batetik, ohituragatik. Hogeita bi urterekin hasi nintzen eta, ezer idazten ez badut, egun hutsa iruditzen zait. Bestetik, poesiaren bidez –nobelen bidez baino gehiago– saiatzen naizelako egun horri zentzu bat ematen, gauzetatik transzenditzen».

Egun batean, aita gaixorik zegoela eta hura zaintzen ari zela, Olasagarrek hartu zuen liburu bat, Peter Watsonek idatzia, euskaraz izenburu hau daukana: 'Ezerezaren garaia. Mundua Jainkoaren heriotzaren ondoren'. Oxfordeko unibertsitateko irakasle honek aztertzen du, Nietzschek Jainkoa hiltzat eman ondoren, zerk bete izan duen haren husunea. Esaten du iraultzak bete izan duela toki hori, bizimodu alternatiboek, zientziak... eta bolada batean arteak eta poesiak eduki zutela Jainkoak eduki zuen pareko tokia. Olasagarrek uste du poesiak transzendentziara eraman dezakeela gizakia, nolabaiteko transzendentzia laiko batera.

«Ni ez naiz sinestuna, ez naiz Xabier Lete bezalakoa eta ez dut uste hil ondoren ezer egongo denik, baina hala ere behar dut nire bizitzari zentzu bat eman –adierazi zuen poetak–. Niri gertatzen zaidan anabasa eta gertakari ugarien aurrean, nik behar dut nolabaiteko ordena, eta poemek balio didate anabasa hori ordenatzeko, eta ni baino pixka bat goraxeago egon zitekeen zerbait azaltzeko».

Fenomenologiaz ere egin izan omen du gogoeta: «Fenomenologia da eskola filosofiko bat, zeinak esaten baitu kontzientzia eta errealitatea, biak bat direla, ez dagoela dikotomiarik subjektu eta objektuaren artean». Poesiaren bidez, egunerokotasunetik altxatu egiten da eta transzendentziaren antzeko arlo batean murgiltzen da Olasagarre. «Ez dut ponpoxo jarri nahi, baina ni pozik egongo nintzateke poema batek, irakurleari, niri eman didan gauza bera emango balio: une batean bere kontzientzia transzenditzea; nahiz eta gero, handik 30 segundora, kafea urrupatu eta erabat ahaztuko zaion poema hori».

Ba omen daude liburuan ospakizun kutsuko poema batzuk. «Uste dut errealitatea ospatzea ondo dagoela, nik horren beharra dudala eta egin beharreko ariketa dela».

Bat dator Tere Irastortzak adierazitako kontu batekin, alegia, liburuan badagoela natura. «Baina hiriko natura da gehienbat». Halaber, agertzen omen dira harremanak eta homosexualitatea. «Baina maitasunean ez dago generorik».

Aurkezpen ekitaldian 'Palinodia' izenburuko olerkia irakurri zuen:

Noizbait idatzi zenuen:

«eta poza,

ustela, poz dekretatua baino

ustelagorik ez dago eta».

Gaztea zinen

eta zerbait ikasi duzu.

Poz dekretatua...

horixe den poz bakarra.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Juanjo Olasagarre, poesiaren bidez transzendentzia bilatzen duen pertsona

Juanjo Olasagarre, poesiaren bidez transzendentzia bilatzen duen pertsona