Jon Plazaolak 'AA Aita'-ren birako lehen datak zabaldu ditu
Urtarrilaren 9an Tolosan izango da eta 23an Azpeitian
J. A.
Asteazkena, 26 azaroa 2025, 13:02
Autoparodia «komedia egiteko kokaleku eta ikuspuntu» garrantzitsua da Jon Plazaolarentzat, batetik «jende aurrean» aritzeko «looserraren puntu dramatiko» hori askoz ere interesgarriagoa, «erakargarriagoa», egiten zaiolako irabazleena baino. Bestetik, errealitateak fikzioa «beti superatzen» duelako. Oinarri horiekin eta azken bi urteetako bizipenekin, bereziki aitatasunak eman dion «ikuspegi berriarekin» ondo du 'AA Aita', Donostian estreinatu zuena.
Gipuzkoatik kanpo jada aipatuak zituen hiru aurkezpen gehiago -azaroak 27 Jimmy Jazz (Gasteiz), 29 Escuela de Teatro (Iruñea) eta abenduak 4 Campos Eliseos (Bilbo)- eta horiei batu die abenduaren 7a Zangotza, eta 28a Munitibarren Gerora helduko da Gipuzkoara berriro, urtarrilaren 9an Tolosan eta 23an Azpeitian -tartean 16an Etxarri Aranatzen- eta otsailerako ditu Algorta 6an eta Erandio 22an.
Aitatasuna, hori bai, «aitzakia edo kontenedorea» dela dio Plazaolak «aita naizen ikuspegitik gauzez hitz egiteko». «Ikuspuntu ezberdina daukadala iruditzen zait bizitzaren, profesioaren, guztiaren aurrean. Eta 'AA Aita' hori kontatzera dator, bizitza aldatu zaidala». Hori bai, erantzun ororen jabe izan baino, nahiago du adierazi «gehienoi gauzak aldrebes ateratzen zaizkigula». Hala, Teo semearekin bizitakoez gain «bizitza profesionaleko hainbat gauza» azaleratuko ditu, artistei eta haien profesioari buruz sortzen diren mitoen aurrean B aldea ere mahai-gaineratzeko. «Ezezagutzatik» sortzen diren pentsaera horiek eta topikoak izango dira, noski, baina gehiago «komizitate tresna bezala, gehiegikeriatan erori gabe».