Irailaren 21ean itxiko da 'Sormen Beka DA!'-ren zortzigarren deialdia
Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Azokak 15.000 euro bideratuko dituzte
Euskarazko sorkuntza sustatzea eta sortzaile berriei bidea erraztuz euren lana ezagutzera ematea helburu duen 'Sormen Beka DA!'-ren zortzigarren deialdira proiektuak aurkezteko epea irailaren 21ean itxiko da. Oinarrietan zehaztua dagoenez, komiki proiektu bat lagunduko dute Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Azokak, eta hartarako 15.000 euro bideratuko dituzte.
Epaimahaiak aurkeztutako lanen artean lauzpabost aukeratuko ditu. Hauek proiektuaren defentsa egin beharko dute epaimahaiaren aurrean. Lehen aukeraketaren ebazpena telefonoz egingo da. Lan irabazlearen berri 60. Durangoko Azokaren egitarauaren barruan emango da. Urtebeteko epea izango du hautatuak proposamena burutzeko eta 61. Durangoko Azokan (2026an) erakutsiko du emaitza.
Aurkeztuak jatorrizko lanak izan beharko dira eta, hitzak izanez gero, euskaraz izan beharko ditu. Era berean, ezingo da erabili adimen artifizialeko softwarea, gutxienez 46 orrialde izan beharko ditu eta sortzaileek gehienez bi lan izan behar ditu argitaratuta bakarka, edo bat ere ez.
Aurreko zazpi edizioetan, literatura, musika, ikus-entzunezkoa, proiektu digitalak, arte eszenikoa, familia transmisioan eragiteko proposamena eta Durangoko Museorako esku-hartze artistikoa saritu dira: ATOPIArpg euskarazko rol jokoa (literatura, 2018), Kai Nakai. Iratxe Agileraren lehenengo lana (musika, 2019); Bañolet, lau ataletako telesaila (ikus-entzunezkoa, 2020); Ibai Aizpururen 'Barraka' bideojokoa (2021); Jon Ander Urrestiren 'Eukalyptus' antzezlana (arte eszenikoak, 2022); Marramiau Sorkuntza Taldearen 'Argizagi, Zubiak adiskidetasunerantz', (2023) eta Abadiñoko Irati Bazetaren eskutik 'Harien Isla izeneko esku-hartzea' (2024).